Alaitz Armendariz
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa diru faltan dago, eta, horregatik, Bilboko Udala museoarentzako finantzaketa bide berrien bila dabil. Hori lortzeko modu bat hutsik dauden lokalak alokatzea da, eta, hain zuzen, espazio libre horietako batean haize tunel bat, olatu igerileku bat eta kafetegi-jatetxe bat egiteko nahia agertu du Errusiako enpresari batek, zenbait mediok zabaldu dutenez. Momentuz, udalak ez du ezer baieztatu, baina adierazi du badirela beste “lauzpabost” proiektu ere mahai gainean. Haize tunela eta olatu igerilekua bezala, guztiak daude ibaiarekin eta uretako aisiarekin lotuta.
Kinka larrian dago Itsas Museoa. Aurtengo urri amaieran, Bilboko Udalak 75.000 euro bideratu behar izan zituen museora, bertan lan egiten duten bederatzi langileen soldatak ordaindu ahal izateko eta hala museoa ez ixteko. Bilboko Udala da museoaren proiektua kudeatzen duen fundazioko patronoetako bat, eta diru gehien bideratzen duen erakundea. Ricardo Barkala Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren esanetan, museoko bisitari kopuruak gora egin arren, patrono eta babesle “dezentek” bertan behera utzi dute museoari ematen zioten babesa. Eusko Jaurlaritza da horietako bat. Horretaz gain, ekitaldi pribatuetarako alokatzen diren museoko espazioak gero eta gutxiago erabiltzen direla ohartarazi du Barkalak.
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan haize tunel bat jartzeko inbertsio handia egin beharko luke enpresari errusiarrak. Kanoi bat eta lau turbina beharrezkoak dira aire fluxu jarraitua norabide bertikalean sortu eta horren gainean hegan egin ahal izateko. Parakaidismoak eragiten duen sentsazio antzekoa sortzen du haize tunel batek, baina lurretik bi metrora soilik mantenduta.
Bideragarritasun plana
Haize tunelaren proiektua onartuz gero, udalak diru sarrera finkoak lortuko lituzke lokalen alokairuari esker. Gainera, aisialdirako instalazio horietara joanez gero, baliteke gero bisitariak Itsas Museora ere joatea. Momentuz, Barkalak iragarri du 2017ko lehen seihilekoa bukatzen denerako Itsas Museorako “bideragarritasun plan bat” diseinatuko dutela. Udalak ohartarazi du ez duela diru gehiago bideratuko museorako. Bi aukera daude, beraz: patronoak berriro erakartzea, edo hutsik dauden lokalak alokatzea.