Euskara bizia, denen esku

Euskara bizia, denen esku

Natalia Salazar Orbe

Euskararen kontrako erasoak ez dira eten oraindik. Egoera 1936ko garai beltz hartatik bereizi beharra badago ere, hainbat traba gainditu behar izaten ditu bertako hizkuntzak: hamahiru urte baino ez dira igaro Euskaldunon Egunkaria itxi eta euskarazko hedabidea isilarazteko saiakera egin zutenetik. Euskara “traba” dela eta, hizkuntz eskakizunak “injustiziatzat” jo zituen PSE-EEk legebiltzarrerako azken hauteskunde kanpainan. Joan den irailekoak dira adierazpen horiek. Hezkuntza alorrean ere bada zer landu: EHUk 1980an ireki zituen ateak. Hala ere, gaur egun oraindik ezinezkoa da medikuntza ikasketak euskaraz egitea. Ikastetxean euskaraz hitz egiten duten haurrek ez dute zigorrik jasotzen. Baina bide luzea dago oraindik euskararen normalizazioa lortzeko.

Hainbat aldetatik iristen zaizkio gutxiespenak, egun ere: “Euskara baserritarren hizkuntza da. Behiei eta azari hitz egiteko besterik ez du balio”. Hala mintzatu zen Eduardo Garcia Serrano kazetaria iaz. Intereconomia telebista kateko El Gato al Agua saioan egin zituen adierazpenok. Esparru batzuetan oraindik zabalduta daude antzeko usteak.

Adierazpen aitzindaria

Beraz, itzal handien azpian jarraitzen dio bere bideari euskarak. Baina badira iluntasun hori argitzeko hainbat izpi. Bihar ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna argitasun horren adierazle izango da aurten. HAKOBA erakundeak —Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalak eta Eudel eta Uema daude hor— eta eragileek elkarrekin adierazpen instituzionala adostu dute, lehen aldiz. Adierazpenak 500 norbanako, elkarte, gizarte eragile eta erakunderen babesa jaso du. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ez dute sinatu, “maila berean” jarri dituelako “konpromiso indibidualak eta erantzukizun politikoa”. Zer egin dezaket nik euskararen alde? Galdera horrekin, herritarrak gogoeta egitera bultzatu nahi ditu adierazpenak, nork bere esparrutik euskara bultza dezan.

Azken urteetan nabarmen hedatu da euskara. Duela berrogei urte gain behera zihoan. Hura darabilen herritar taldea pluralagoa da orain. Belaunaldi zaharrenen hizkuntza zena belaunaldi arteko hizkuntza bilakatu da. Eta, batez ere, gazteen hizkuntza. Sekula bereak izan ez diren esparruetara ere hedatu da. Europako hizkuntza zaharrena hizkuntza moderno bilakatu da; gaur egungo gizartera egokitu da. Lan hori ez da berez egin, ordea. Norbanako eta kolektibo askoren ekimen eta esfortzu handia du atzean.

Euskararen Nazioarteko Eguna hizkuntzaren aldeko lan hori indartzeko eguna ere bada. Gaztelera eta euskara, biak dira hizkuntza ofizialak Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Erabilerari dagokionez, biek dute legezko aitortza bertsua, bata derrigorrezkoa izanagatik eta bestea ez. Baina teoria da gauza bat, eta praktika beste bat. Urko Mantzizidorrek badu horren frogarik. Bi urteko alabari nortasun agiria egitera Basauriko polizia etxera joan, eta agiririk gabe ateratzeko zorian izan da, jaiotza agiria euskara hutsean zegoelako. “Han zer jartzen zuen ulertu ezean agiria ezin zidala egin esan zidan funtzionarioak. Agiria ofiziala zela esan nion”. Seme nagusiarena ere bazeukan, gainera, hura gazteleraz. Aldatzen ziren datu bakarrak jaiotzen datak eta umeen izenak zirela esan arren, funtzionarioak ezetz. “Ondoan zegoen beste batek esan zidan berak egingo zidala”.

Trabak traba, urratsez urrats pauso handiak ematen jarraitzen du euskarak. Plazan behar duen lekua hartzea da orain helburu nagusia. Ezagutza gora badoa ere, oso herri euskaldunak izan direnetan erabilerak behera egin du. Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea; helburu hori lortzeko bidean norberak eta erakundeek zein ekarpen egin dezaketen hausnartzeko unea iritsi da.