Ainhoa Larrabe Arnaiz
Iluntasunera eraman zuen erregimen frankistak euskal liburugintza. Zentsuraren eraginez, ezkutuan gorde ala desagerrarazi zituen euskaraz idatzitako liburuak; eta berriak argitaratzea ezinezko lana bihurtu zen. Luzea da 36ko gerraren ondoren euskarari eta euskal kulturgintzari eginiko jazarpenak utzitako soka. Baina basamortu horretan, euskarari arnasa emateko jarduerek ez zuten etenik izan. Durangoko Azoka da horien artean esanguratsuenetako bat. Frankismo betean egin zuten azoka estreinakoz, eta euskal kulturgintzaren topaleku nagusia bihurtu da urteak pasatu ahala. Gaur irekiko ditu ateak 51. aldiz, eta, asteartera arte, milaka lagun bilduko dira Durangora. Aurten, euskal kultura eta euskara sustatzen aritu diren herritar anonimoak omenduko dituzte, eta, Argizaiola saria emanda, aitortza publikoa egingo zaie.
Aldaketa garaia izan zen 60ko hamarkada. Areagotuz joan zen ikastolen mugimenduaren jarduna, eta gero eta oihartzun handiagoa zuen langileen borrokak. Garai horretan, erregimen frankistak ere testuinguru berrira bere burua egokitzeko neurriak hartu zituen; adituek, gerora, erregimenaren “irekiera” gisa izendatu duten etapa bati hasiera eman zion. Lege eta dekretu berriak atera zituen gobernuak. Tartean, elkarteen sorrera “errazten” zuen 191/1964ko legea. Ingurumari horretan sortu zuten Gerediaga elkartea, 1965eko ekainean.
Euskal Herriko liburugintza eta diskogintza ekoizpena ezagutzera ematea zen Gerediagaren asmoa, eta sortu eta gutxira antolatu zuten lehen Liburu eta Disko Azoka. Urriaren 30etik azaroaren 1era bitarte hamazortzi erakusmahai jarri zituzten Andra Mari elizako aterpean; 51 urteren ondoren, euskal kulturaren erdigune bihurtu da ekitaldia.
Oztopoekin hasi eta hazi
Espero ez zuten arrakasta izan zuen ekitaldiak lehen aldi hartan. 1965eko Anaitasuna aldizkarian publikatutako kronika da Durangoko azokaren arrakastaren lekuko. “Jai au ez da izan, gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzeko. Euskal Jaia esaten denean, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu… beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetzi gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau”.
Baina frankismoaren “irekiera” garaietan ere, nahasia zen giro politikoa. Azokaren lehen aldian, adibidez, antolatzaileek dena prest utzi zuten bezperan elizako aterpean. Azokaren egunean Gerediaga elkartekoak elizpera joatean, Espainiako banderekin aurkitu zuten aterpea. Zentsura saihesteko euskara eta gaztelerazko kartelen bidez iragarri zen azoka 1971 arte —urte horretan egin zen euskara hutsezko lehena—. Azokaren arrakasta ez zen denen gustukoa, eta Francoren aldeko agintarien artean ere zatiketa eragin zuen ekitaldiak.
Bizkaiko gobernadore zibila azoka debekatzen saiatu zen 1974an, baina Marcelino Oreja Informazio eta Turismo idazkariorde izendatu berriak babesa eman zion. Galarazteko ahaleginak egin zituzten, hala ere: erlijioa aitzakia hartuta, azoka Andra Mari elizpean egiteko baimena ukatu zieten antolatzaileei. Baina aurkitu zuten aurrera jarraitzeko bidea Gerediagakoek ordukoan ere. Merkatu plazan egin zuten azoka, eta ekitaldiaren aterpe izan zen, harik eta aretoa txiki geratu zen arte.
Aldaketa nabariak izan ditu azokak bere ibilbide osoan. Ezagutu zuen kasetearen iraultza, CD eta teknologia berriena, eta elkarte berrien babesgunea izan da. Azoka egunetan kaleratu zen euskara hutsezko Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia ere: 1990eko abenduaren 6an. Tokiz ere aldatu behar izan da azoka; betiere, elkartzen ziren herritarrak sartzeko espazio arazoengatik. Karpa bat jarri zuten 1996an, eta, estalpe hori txiki utzita, Landako gunera egin zuen jauzi 2003an. Hazi besterik ez da egin ordutik, eta eskaintza ere gero eta handiagoa du. Sortzaile eta hartzaileen arteko harremanak estutzeko gune berriak ere ireki ditu: Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Kabi@, Saguganbara… ehunka dira bost egunetan horietan egiten diren ekitaldiak.
Bizitzekoa DA! goiburua jarri diote aurtengoari. 349 nobedade izango dira azoka beteko duten 246 erakusmahaietan, eta 200 ekitalditik gora antolatuko dituzte. Bizi esperientzian jarri dute arreta Gerediagakoek. Bizipen askoren gordelekua izan da azoka 51 urtez, eta jarraitu nahi dute aurrerantzean bizipenak sortzen.