Natalia Salazar Orbe
Atzean istorio onik ez duen film batek ez dauka zentzurik”. Hala ondorioztatu du Arantza Ibarrak. Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Eta, hala ere, behar duten garrantzirik ez zaie aitortzen lanbide horretan ari direnei. Zine Kontari zinemaldia antolatu du elkarteak, SGAE fundazioarekin batera, bigarren urtez. Euskara hutsean idatzi eta egindako zinema erakustaldia da. Euskaraz idatzitako istorioak euskaraz kontatzen dituzten filmen erakusleku bihurtuko da Bilboko Campos Eliseos antzokia datorren astean.
Bost egunetan beste horrenbeste lan eskainiko dituzte: euskaraz sortuak eta ekoitziak. Gazta zati bat, Zuloak, Arriya, Amama eta Zigortzaileak emango dituzte. Denak ala denak doan ikusteko aukera izango da, astelehenean hasi eta ostiralera bitartean. Helburua argia da: “Nahi genuen euskaraz idazten diren gidoiak eta euskaraz egiten den zinea jendearengana iristea”.
Izan ere, hutsune handia dago, bereziki, euskarazko zinemari dagokionez. “Baina gidoilari gisa zulo hori are handiagoa da. Badirudi zinea egiten denean istorioari ez zaiola egiten kasu. Gure ustez, ordea, oso garrantzitsua da”.
Denetariko generoak
Zine Kontari zinemaldiak arlo horretan ekarpena egiteko asmoa du. Genero anitz lantzen dituzten lanak eramango dituzte Bilboko aretora. Aukeraketa egiteko orduan, aurtengo filmak eta ikusteko aukera askorik izan ez direnak hartu dituzte kontuan. Arriya da azken horietako baten adibidea. “Malagako jaialdian egon bazen ere, zineetan astebetez besterik ez zuten eman. Beraz, herritarrek ez zuten izan gehiago ikusteko aukerarik”.
Antzeko zerbait gertatu zen aukeran dauden bi dokumentalekin: Gazta zati bat eta Zuloak. “Goya sarietarako hautatu zituzten, baina gero oso aukera gutxi egon da biak ikusteko”.
Beste lan batzuk berreskuratu egin dituzte. Bide horretatik, ezagunak ez diren gidoilariak eta haien lanak ezagutzera ematea dute helburu. Aurten eskainiko dituztenen artean Amama da, zalantzarik gabe, ezagunena. “Baina ez dugu nahi soilik ezagunak direnak ikusteko aukera eman”.
Zinema komertziala ez denak zailtasun handiak ditu aretoetara iristeko. Gero eta zinema gutxiago dago, eta nagusi diren lanak film amerikarrak dira. “Atzean diru asko ez badago, oso aukera gutxi dago hor egoteko”. Salatu du diru asko duten ekoizpenek besterik ez dutela lortzen lekua.
Zinema egin egiten bada ere, film guztiak ez dira iristen aretoetara. Horra hor beste arazo bat. Lan horiei ere aukera eman nahi die Zine Kontarik. Izan ere, aurrera egiteko zailtasunak alde askotatik iristen zaizkio euskal zinemaren ekoizpenari. “Hala ere, itxaropena dugu apurka Euskal Herrian euskaraz egiten den zine guztiari aukera emateko. Ez bakarrik laguntza handia izan dutenei; baita besteei ere”.
Lan nekeza
Ordubete eta erdiko film baten aurrean jarrita, zaila da asmatzea zer-nolako lan nekeza duen atzean. Istorio on bat bururatzea ez da gidoilariaren lanik zailena. “90 orriko gidoia idatzita lana ez dago bukatuta. Gero, berridatzi egin behar da, behin baino gehiagotan”.
Zigortzaileak gazteentzako filmaren gidoilaria eta zuzendaria da Arantza Ibarra. Bi urte eman zituen pelikula idazten. “Produktoreak gauza batzuk aldatzea nahi zuen”. Gainera, umeentzako izanik, “hezitzaileekin, irakasleekin eta psikologoekin hitz egin behar izan nuen”.
Ipuinak idatzi izan ditu betidanik, eta oso gustuko du istorioak asmatzea. Hala ere, egindakoa berridaztea asko kostatzen zaiola aitortu du. “Zerbait eginda daukazula, erabat barneratu duzunean, zail egiten da moldatzea”.
Gidoilari batzuekin hitz egiteko aukera ere izango dute Campos Eliseos antzokira joaten diren ikus-entzuleek. Ibarra bera behintzat han izango da ostiralean, filma hasi aurretik.
Jende askok arrazoi ekonomikoak argudiatzen ditu zinema aretoetara ez joateko. Oraingoan ez dago horrelako aitzakiarik, emanaldi guztiak doan izango baitira. Euskaldun ororentzako emanaldiak izango dira, “baita euskaraz ikasten ari direnentzako ere”. Hala, euskaltegietan banatu dute egitaraua.
Itxaropena badaukate iaz baino jende gehiago erakartzeko. “Apurka erreferente bihurtzea espero dugu. Denek jakitea Zine Kontari hor dagoela, eta aukera daukatela euskarazko denetariko generoak ikusteko, doan”. Jaioberria da zikloa, baina finkatzeko eta errotzeko asmoz iritsi da.