Telesailen iraultza, sarean

Telesailen iraultza, sarean

Natalia Salazar Orbe

Ikus-entzuleak istorioetan bat-batean eta bete-betean murgiltzen dituzte websailek. Bost eta hamar minutu arteko saioak baliatzen dituzte horretarako. Interneterako sortutako sailak dira. Eta gero eta arrakasta handiagoa hartu dute. Ekoizpen mota hori ezagutzera eman eta indartzeko helburuz, jaialdi bat antolatu zuten iaz, Bilbon: Bilbao Web Series. Aurten bigarren edizioa egingo dute. Asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean munduko hainbat tokitan ekoitzitako websailak ikusteko aukera izango da.

Hain zuzen, 25 herrialdetan sortutako ehun lanetik gora eskainiko dituzte hiru egunetan Bilbon. Bizkaia Aretoan egongo dira ikusgai. Beste edozein euskarritan aurkeztutako sailen antzera, denetariko generoak lantzen dituzte: komedia, drama, suspentsea, beldurrezko generoa, fantasiazkoa, thrillerrak, zientzia fikzioa, dokumentala eta dokumental faltsua. Denek izango dute ordezkaritza datorren astean abiatuko duten jaialdian.

Denetariko lanak

Bizkaia Aretora gerturatzen direnek aurkituko dituzten zenbait lanen xehetasunak azalerazi ditu Rose of Dollsek. Jaialdiaren zuzendaria da, Oliver Mendekin batera. “Asko daude eta denak dira oso desberdinak”. Supernatural fandom da horietako bat. “Munduan milioika zale dituen Supernatural telesailari buruzko dokumentala da”. Telesaileko aktore Jared Padalecki eta Jensen Ackles ere azaltzen dira bertan.

Bestalde, Hego Korean ohikoak diren musikalen ordezkariak ere izango dira Bilbon: 88th Street websailean pop korearraren izarrak ageri dira. “Super ezagunak dira. Jarraitzaile taldeak dituzte mundu osoan zehar”.

Ex model websailak “kulturaniztasuna erakutsiko du, erabatekoa”. Frantzian bizi den Txinako modelo ohi bat du protagonista.

Euskal Herriko ordezkaritzarik ere izango da. Iazkoa baino zabalagoa, bederen. “Iaz bi lan besterik ez zituzten aurkeztu. Euskal Herriko lanen sail bat antolatu nahi izan genuen, baina ezinezkoa izan zen. Aurten, sei gutxienez, badira. Urte batetik bestera aldaketa handia nabaritu dugu. Eta gehiago egin daitezen espero dugu”.

Biziklautak arraund the world da bertako lanetako bat. Hodei, Javier eta Goiznabarrek munduko hainbat txoko bisitatu dituzte bi urtetan zehar bizikletaz egin duten ibilbidean. Europa, Asia eta Ipar Amerika gurutzatu zituzten. Abenturaz eta gora-beherez betetako bidaia izan zen. “Hainbat atal zituzten filmatuta. Ezagutu nituenean, esan nien eurena websail bat zela. Haiek ez ziren jabetu aukera horretaz. Oso ekimen polita da. Dokumental generoko saila da”.

Kalitatea, goraka

Kopuruari dagokionez ez eze, kalitateari dagokionez ere hobera egin dute Euskal Herriko ekoizpenek. “Asko hobetu dira. Hala ere, badago zer hobetu oraindik”. Batzuen eta besteen baliabideei erreparatuta, erkatzea krudela da: milioi bat euroko aurrekontua dutenekin konparatzerik ez dago, askoz baliabide urriagoak baitituzte. “Jaialdiaren asmoetako bat websailen formatoa lantzen ari diren sortzaileei laguntza eta bultzada ematea ere bada. Horregatik erabaki genuen berton ekoitzitako edozein websailek lekua izango zuela gure jaialdian”.

Gidoiei dagokienez, oso lan bitxiak aurkitu dituzte. 5Baksiv lan ukrainarra aipatu du, besteak beste: “Enpresa bat sortu dute tipo batzuek, eta edozein lan bost euroren truke egiten dute. Egoera erabat zoroak biziko dituzte”.

Bestalde, Aventuras de corazon roto animaziozko websail argentinarra “oso polita” da. Giza gorputzaren barruan gertatzen diren istorioak kontatzen ditu. “Bihotzak giltzurrunarekin hitz egiten du. Edo, bikotekide ohiari deika hasten zaio eta burmuina oihuka hasten da orduan: ‘Ez! Baina, zertan ari zara?’. Oso barregarria da”.

Merkatura zabalik

Era horretako ekoizpenei laguntza emateko eginahal horretan, berritasunak barneratu dituzte aurtengo jaialdian. Websailen merkatura bideratutako atal bat prestatu dute. “Proiektuak hartuko dituzten erakuslekuak izango dira. Enpresa ospetsu ugari gerturatuko dira. Besteak beste, AMC eta Viacom”.

Azkuna Zentroan kokatuko dituzte erakuslekuok. “Edukien sortzaileekin batzartzeko asmoz gerturatuko dira enpresok, proiekturen bat interesa dakiekeen aztertzera”. Bertako enpresek ere aukera izango dute erabakitzeko nazioarteko sortzaileekin lanak elkarlanean ekoitzi gura dituzten.

Azoka horretan prozesuaren une desberdinetan dauden websailek egingo dute bat. “Proiektua soilik izanik, websaila ekoitzi nahi duten batzuk izango dira. Beste batzuk, eginda dituzten lanak banatzeko baliabideen bila ariko dira”.

Azokaz eta websailez gain, mahai inguruak eta hitzaldiak ere prestatu dituzte. Master-class-ak, topaketak, aurkezpenak eta bilerak egingo dituzte. Larunbatean izango da sari banaketa.

1995etik martxan

Formato erabat berria dirudite websailek. Hala ere, aspaldi sortu ziren. Lanok aztertuta tesia bukatu berri du Rose of Dollsek. Eta 1995ean aurkitu zituen lehenak. “Abiadura azkarreko internet izan aurretik ere, bazeuden websailak”. Beste formato batean zabaltzen ziren, eta ez zeukaten gaur egun hartu duten oihartzunik.

Internetek indar handiagoa hartu zuenean, telebistetan ere esperimentuak egiteari ekin zioten era horretako lanak ekoitzita. 2000. urtearen bueltan izan zen hori. 2005ean Youtube jaio zen. “Ez hori bakarrik. Erabiltzaileek etxean bideoak sarean ikusi ahal izateko baliabidea ere hedatu egin zen. Hori izan zen une erabakigarria, eta eduki horiek guztiek zentzua hartu zuten”.

Ikusle kopuruek goraka egin dute, nabarmen, azken urteetan. Datu zehatzik ematerik ez dago, zaila baita lanok ikusten diren aldiak zenbatzea. “Baina hainbat enpresa murgildu dira alor honetan. Enpresak badaude, merkatua dago, industria dago, eta dirua inbertitzen da horretan”.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bilbaowebfest.com