Gordexolatik atzerrira bidaiatzen duen etxeko garagardoa

Gordexolatik atzerrira bidaiatzen duen etxeko garagardoa

 

Hasiera batean “zaletasun hutsa” zena lanbide bihurtzen ari da Bizkaiko lagun talde batentzat. Ohiko tabernetan zegoen garagardo industrialarekin “nekatuta”, Sergio Valiente eta lau lagun Barakaldoko lokal batean biltzen hasi ziren, euren garagardo propioa eratzeko. “Kalitate handiagoko edaria nahi genuen”, azaldu du Valientek. Hortik aurrera, Laugar izeneko garagardoa pixkanaka gero eta taberna eta jaialdi gehiagotara iristen hasi zela ikusita, zaletasun hori lanbide bilakatzea bideragarria izan zitekeela ikusi zuten, eta duela bi urte eta erdi euren lantegia sortu zuten Gordexolan.

“Guretzat pasio bat baino ez zen; ez genuen uste lanbide bilaka zitekeenik. Baina orain gogor saiatzen ari gara”, nabarmendu du Valientek. Bost bazkide egon ziren Laugarren jatorrian, eta horietatik hiruk dihardute lanean egun. “Hurrengo urtean pertsona bat gehiago hasiko da lanean. Helburua gure pasioari esker lanean jardutea da”.

Laugar garagardoa nagusiki Euskal Herrian saltzen badute ere, Espainian ere badituzte bezeroak, eta Frantzia, Italia eta Belgikara ere esportatzen dute. Txinara ere bidali dute haien edaria. “Pixkanaka badirudi onarpena dugula, baina garrantzitsuena kontsumoan egon den aldaketa izan da”. Valientek azaldu duenez, duela hiru urte etxeko garagardo “oso gutxi” kontsumitzen zen Euskal Herrian; ez zegoen horren inguruko “kulturarik”. Orain etxeko garagardo gehiago kontsumitu eta ekoizten dela azpimarratu du.

“Gure garagardoei berezitasun kutsu bat ematen saiatzen gara, estilo tradizionaletik harago doazen errezeten bidez”. Berak eta bere bazkideek “ondo pasatzeko mundu bat” aurkitu dute etxeko garagardoen fabrikazioan. “Ez dugu zehaztua zer egin dezakegun eta zer ez”, esan du, osagai mota berriei begira.

Zortzi garagardo dituzte Laugar garagardoaren lantegian, eta horietatik lau beti dituzte stockean. “EPA da sortu genuen lehena. American Pale bat da, argia, eta pixka bat mingotsa”. Horrez gain, Brown Ale bat ere badute, gorria, 7,3ko graduazioa duena eta Euskal Herrian “hobekien” saltzen dutena. Orain “modan” dagoen garagardo berezi bat ere sortzen dute, lupulu asko duena.

Txandaketa kontua

Horrez gain, hilabete eta erdiro “erabat desberdina” den garagardo bat eratzen dute. “Estiloekin jolastea atsegin dugu, eta, nolabait, txandaketa jarraitua egiten dugu”. BERRIArako sorta ere berezia da, eta, oraingoz, aldi honetarako bakarrik prestatu dute. “Oraingo urtaroan kontsumitzeko pentsatua dago. Urteko sasoiari begira, garagardo freskagarriagoak egiten ditugu, edo alkoholdunagoak…”.

Garagardo berriak ateratzeko pisuzko beste arrazoi bat ere bada. “Gure garagardoa saltzen duten tokietan askotan aldatzen dute edari mota hori; berritasunak nahi izaten dituzte. Horregatik, lokal espezializatu horiei erantzuna ematen saiatzen gara”, nabarmendu du Valientek. Herriko jaietan ere saltzen dute. “Garagardo klasikoaz gain, etxeko garagardoko iturri bat jartzen dute txosnetan, gero eta sarriago”.

Denborarekin “ikasten” doazela azaldu du Valientek. “Asko geratzen da egiteko. Errezetak hobetzen goaz, eta osagai eta garagardo estilo berriekin esperimentatzen dugu”. Haien garagardoa “desberdina eta goxoa” dela entzutea laudoriotzat hartzen dute. “Jendea harritzeak aurrera egitera bultzatzen gaitu”.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Laugar garagardo naturala.

Eskaintza. Laugar enpresak egindako Fibonatxi 1 motako 12 artisau garagardo botilako kaxa bat. Fibonatxi 1 barietatea %5,5 alkohol kopurua duen garagardo bat da, hoppy saison estilokoa. Saison legamiaren kutsua eta lupuluak ematen dion mikaztasun atsegina nabarmenak dira.

Prezioa. 18 euro. Bidalketa, doan.

Webgunea. mauka.eus/eu/euskal-produktuak/