Aitziber Laskibar Lizarribar
Urte erdi baino gehiagoko greba eta dozenaka protestaren ondoren, akordioa sinatu dute TMB Arraizko langileek eta zuzendaritzak. Adostutakoarekin lan baldintzak nabarmen hobetuko direla eta, beharginek bertan behera utzi dute apirilaren 4tik egiten ari ziren protesta.
Bizkaiko etxeetako hondakinak birziklatzen dituen TMB Tratamendu Mekaniko-Biologikorako planta nagusia da Bilboko Arraiz mendikoa. 2013an zabaldu zuten 43 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, eta egun, 127 langile ditu. Zerbitzu publikoa ematen duen enpresa izanik, Bizkaiko Foru Aldundiarena da plantaren jabetza; Garbiker sozietatearena, zehazki. Baina, zabaldu zen unetik, azpikontrata baten esku utzi zuen enpresaren kudeaketa aldundiak: Valoriza eta Pabisak osatutako Aldi Baterako Enpresa Taldearen esku.
Langileek eta sindikatuek lan baldintza kaskarrak salatu dituzte behin eta berriz. Prekarietateaz mintzatu izan dira. Hainbat protesta mota egin dituzte, apirilean greba mugagabea hastea erabaki zuten arte. Langileek dituzten bederatzi ordezkarietatik zortzi ELA sindikatukoak dira; bederatzigarrena, independentea. ELAk erabat babestu du mobilizazio luzea, zuzendaritza negoziaziora eramateko beste aukerarik ez zegoelakoan. Akordioa lortuta, langileen “irmotasuna”, antolatzeko erabakia eta “borrokatzeko gaitasuna” txalotu ditu sindikatuak. Lortutakoa, guzti horri esker erdietsi dela adierazi du.
Eta nabarmena da akordioari esker lortutako hobekuntza. Sindikatuak azpimarratu duenez, Espainiako hitzarmenaren baldintza kaskarrak gainditzea ekarri du: urteko 1.780 orduko lanaldiaren truke 14.000 euroko soldata atzean uztea.
56 ordu gutxiago
Lanaldia urtean 56 ordutan gutxitzea adostu dute akordioan; urtean, 1.672 orduko “lanaldi efektiboa” gauzatzea. Soldata igoera ere ekarriko du egoera berriak: bataz besteko soldata urteko 26.000 eurokoa izatera iritsiko da. Izan ere, lau urtean 4.600 euro igoko dira linealki, eta horri, 2017ko eta 2018ko KPIaren igoera gehituko zaio. Larunbat, igande eta jaiegunetan lan egin behar izateak ere ordaina izango du hemendik aurrera: gehigarriak.
Borondatezko eszedentziak, baimenak eta atsedenaldiak hartzeko baldintzak ere hobetuko zaizkie langileei akordioari esker. Era berean, edoskitze aldia metatzeko aukera arautu egingo da, eta istripu profesionalei begirako seguru kolektiboa ere bai. Langileek eta zuzendaritzak sinatutakoaren arabera, gaixoaldi arruntetan beharginek soldataren %95 jasoko dutela bermatuko da.
Beharginen artean prekarietaterik handiena pairatzen zutenek izango duten aldaketa agerikoa da. Izan ere, enpresan badira %27ko lanaldi kontratua dutenak. Horien kontratua aldi baterakoa da, gainera. Akordioa indarrean sartzen denean %75eko lanaldian arituko dira horiek, eta euren kontratuak mugagabeak izango dira. Bestetik, beharginei aldiro lan egiteko eskatzen zaien malgutasuna urtean sei egunez ezarri ahal izango da, gehienez.
Sinatu berri den lan hitzarmenak lau urteko iraupena izango du: 2016tik 2019ra bitartekoa. Lortutakoagatik zoriondu egin ditu langileak ELAk. Izan ere, bere hitzetan, prekarietatea eta lan baldintza “negargarriak” amaitzeko bidea adostu dute.
Aldundiaren jarrera, berriz, txarretsi egin du: “TMB azpikontrata baten esku uzteak ez du bertan gerta daitekeenari buruzko arduratik salbu uzten. Aldundia da instalazio horren jabea, Bizkaiko hondakin guztien kudeaketaren arduraduna, eta TMBn sartzen den hondakin tona bakoitza antolatzen duena”. Langileekin bildu ez izana aurpegiratu dio.