Ainhoa Larrabe Arnaiz
Islandia, New York, Ingalaterra, Alemania, Mundaka, Donostia eta Zarautz. Askoren artean, hiri eta herrialde horien elkargunea da egunotan Bermeo. Mareak jaialdiaren bigarren edizioa ospatzen ari dira bertan. Eta urriko lehen hamabostaldirako ekitaldiak antolatu dituzte. Nazioarteko eta Euskal Herriko sortzaileen lanak ezagutzeko aukera ematen du Bermeoko ekimenak, Ane Ortube jaialdiko antolatzailearen arabera. Abangoardia eta tradizioa uztartu nahi dituzte. Eta irudi horrekin eman zioten hasiera joan den irailaren 22an ekitaldiari. Portuan ainguratuta dagoen XVII. mendeko Aita Guria baleontzia izan zen Alemaniako The Dad Horse Experience taldearen kontzertu aretoa. Urriaren 15era bitarte, kontzertuak, hitzaldiak eta proiekzioak izango dira herrian egokitu dituzten guneetan.
Bigarren edizioa du Mareak jaialdiak. Baina aspaldikoa da antzeko jaialdi bat antolatzeko ideia. Ortubek eman du horren berri. Hamar urtez, Aritzatxu Rock izeneko jaialdia antolatzen aritu da bera Bermeon, Alex Lertxundirekin batera. 2011n egin zuten rock jaialdiaren azken edizioa. “Egun batekoa zen Aritzatxu jaialdia, eta rocka zen nagusi. Bermeoko Pergola eremuan antolatzen zen eta kontzertuak besterik ez genituen egiten”. Hainbat arrazoi tarteko, agur esan zioten hamarkada batez antolatutako jaialdi horri.
Ez ziren geldirik geratu, ordea. Beleza Malandra Ateneo Kulturala kudeatzen du Ortubek. Eta aretoan hainbat ekimen antolatzen aritu da ordutik. “Aritzatxu jaialdia egiteari utzi ondoren, gure kabuz aritu gara lokalean kontzertuak antolatzen”.
Jaialdia egiteari utzi ziotenetik bestelako ekitaldi bat egiteko gogoa izan zuten Ortubek eta Lertxundik. Eta joan den urtean gauzatu zuten Mareak jaialdia egiteko ideia. “Zabalagoa zen zerbait egin nahi genuen. Eta hortik, tradizioa eta abangoardia uztartzeko saioa. Gaur egungo diziplinak eta tradizioko gauzak lantzeko gogoa genuen”.
Ohiko kontzertuetatik harago joan nahi zutela azaldu du Ortubek, eta, herrian zein eskualdean, ekitaldien eskaintza zabalagoa egin nahi zutela. “Herritarrak askotarikoak dira, eta adin ezberdinekoak. Guztiengana iritsi nahi dugu, eta ez soilik gazte sektorearengana”. Hainbat tokitan egiten diren jaialdiak aztertzen hasi ziren Lertxundi eta Ortube. Eta, hainbat ideia aztertu ondoren, Mareak jaialdia egiteko proposamena egin zuten Bermeoko udalean. Harrera ona izan zuen egitasmoak udalean, eta elkarlanean antolatu dute jaialdia bi urte hauetan.
Bermeotik mundura
Diziplina gehiago herriko toki gehiagotan. Oinarri hori du Marea jaialdiak sorreratik. Horregatik, musika emanaldiez gain, pelikula proiekzioak, antzerkiak eta ipuin kontakizunak bildu dituzte jaialdiaren egitarauan. “Herritarren artean gero eta ohitura gutxiago dago horrelako ekintzetara joateko. Eskaintza herritarrengana hurbiltzen saiatzen gara”. Eta ekitaldiak, herriko hainbat txokotara eraman dituzte. Kafe Antzokira, Nestor Barrenetxea aretora, Beleza Malandra Ateneo Kulturalera eta Aita Guria baleontzira, kasurako.
Ekitaldiak Bermeon zehar barreiatzeak eragina du herritarren parte hartzean, Ortuberen arabera. “Toki ezberdinak erabili ditugunean, jende ezberdina gerturatu dela nabaritu dugu. Edo orain arte areto edo antzokietara joan ez diren herritarrak bertara gerturatzea lortu da. Orokorrean oso harrera ona izan du jaialdiak. Bermeotarrak ez ezik, eskualdeko jendea ere etorri da gurera. Interesa eta jakin mina pizten dute ekitaldiek”.
Irailaren 22an jaialdiari hasiera emateko egin zuten ekitaldia izan du ahotan Ortubek. Alemaniako musika talde bat izan zen Bermeoko Aita Guria baleontzian. Banjoa, bonboa eta mandolinarekin sortutako armoniak eskaini zituen The Dad Horse Experience taldeak. “Giro berezian egin zen kontzertua, baleontziaren barruan. Eta gainera ohikoa ez den musika mota bat entzun zuten herritarrek. Berritzailea da hori, eta nolabaiteko jakin mina sortzen du”. Nazioartean egiten diren soinuak eta musika taldeak ezagutzeko eta ezagutzera emateko ere balio du Bermeoko ekimenak, hortaz. “Mareak jaialdian herri kulturaren altxor eder eta txikiak eskaintzea da gure asmoa, inor ohartu gabe igarotzen diren horiek guztiak ezagutzea”.
TAU musika taldea ere ekarri du gogora Ortubek. Islandiako eta Venezuelako musikariak elkartzen ditu bandak, eta, Mexikoko Real de Catorce basamortua inspirazio iturri hartuta, soinu psikodelikoak sortzen dituzte. “Islandiako artista bat Bermeora etortze hutsa, berezia da. Ez da soilik egiten duen musika berezia delako, horren urrutiko artista bat gure herrira etortzea, berezia da, berez. Eta hori da ikustarazi nahi duguna. Gauza bitxiak egiten dira munduan, eta herrira ekartzen ditugu horietako batzuk”.
Musikariei azalpenak
Irriz aitortu du kontrako norabidean ere azalpenak eman behar izaten dizkietela nazioarteko sortzaileei. Besteak beste, Bermeo non dagoen, eta bertan zer aurkitu duten azaltzeko. “Honaino iritsi egin behar da. Guk azaldu behar diegu, Bermeo herri txikia dela, eta emanaldiak ere nahiko txikiak direla. Jakin behar dute nora datozen eta zer aurkituko duten”. Baina nazioarteko sortzaileez gain, Euskal Herrikoak ere badira Mareak jaialdian. Asteartean, adibidez, kondairak aurkeztuko ditu Edorta Jimenez idazle mundakarrak baleontzian. Eta jaialdiari bukaera emateko, Gipuzkoako musika taldeen kontzertuak izango dira Bermeoko Kafe Antzokian. Perlak, Petra eta Jupiter Jon izango dira urriaren 15ean izango den azken ekitaldi horretan.