Aitziber Laskibar Lizarribar
Harrizko xafla malgua; algekin egindako lanparen estalkia; goroldiozko soinu isolatzailea; argi izpiak igarotzen uzten duen egurrezko xafla; dolar faltsu edo baliogabeak birrindu eta prentsatuta sortutako harlauza; edo zikintzen ez den bat eta arrastoak bere kasa konpontzen dituena. Material Connexion proiektuak Bilbon jarri duen materiotekan ikus daitezkeen produktu berritzaileetako batzuk dira. Punta- puntakoak, harrigarriak, eta sarritan, logika guztien kontrakoak diruditenak.
Material asko dira arkitektura eta barneen diseinuari begirakoak Zabalguneko eraikinean dagoen materiotekan; etxeetan eta eraikinetan erabiltzekoak. Baina beste mota askotakoak ere badaude: nekazal hondakinekin eta onddoekin egindako paper moduko bilgarria ikus eta ukitu daiteke, esate baterako. Petrolioaren alternatiba gisa azukre kanabera lehengai duen polietilenoa ere bai. Eta ioi eta litiozko bateria malgu moldagarria, argindarra behar duten arropa adimentsuentzako aproposa. Bada jantzi bakeroentzako ehun berezi bat ere, gastatzen den heinean kolore ezberdinetako lerroak bistaratzen dituena.
Munduko material iraunkor eta aurreratuenak biltzen dituen Material Connexion proiektuak Bilbora ekarri duen erakusketan dauden 600 material berezien laginetako gutxi batzuek besterik ez dira horiek. Guztien bistara eta eskura daudenak, edonork ikusi eta ukitzeko moduan.
Baina proiektuaren helburua ez da bitxikeriak erakutsi eta jakingura asetze soila. Berrikuntza eta teknologia sustatzeak eta alor horretan lanean dabiltzanentzat lagungarri izateak ematen dio zentzua. Ideiak ematea du xede. Munduan egiten diren materialen onurak ezagutaraztea, proiektu berrientzat inspirazio iturri izatea, eta bertako enpresa handi zein txikiek egiten dituzten material berritzaileen zabalkunderako plataforma izatea.
Hain zuzen, mundu mailako proiektua da Material Connexion, eta beste sei hiritan ditu materiotekak: New Yorken, Milanen, Tokion, Bangkoken, Daegun (Hego Korea) eta Skövden (Suedia). Bilbokoa da berriena, eta handiena. Online ere ematen da material berritzaile horien berri; saretuta dauden mundu mailako sortzaile, enpresa eta bezeroak batzen dituen plataformak 7.000 materialen erreferentziak ditu. Sustatzaileen esanetan, Bilbon jarri den egoitzari esker, Euskal Herrian berrikuntza eta teknologia alorrean ari diren ekoizleei nazioarteko merkatuan kokatzeko aukera emango zaie.
Italiako Material Connexionen luzapen gisara sortu da Bilbokoa. Hango presidente Rodrigo Rodriguezek azaldu du kokalekutzat Bizkaia aukeratu izanaren arrazoia: “Euskal Herria berrikuntzari oso zabalik dago, hiru parke teknologiko handi eta Mondragon taldea edo Tecnalia bezalako enpresa handiak ditu. Gainera, ikerkuntza eta garapenera bideratzen den dirua beste lekuetakoa baino askoz handiagoa da”.
Ezagutza partekatzeko
Hartara, euskal enpresak sormenerako duten ahalmenean eta gaitasun zientifiko zein teknologikoan sakontzeko deia egin du. Ideiak sortu, gauzatu eta merkaturatzekoa. Horretan lagundu nahi du, hain zuzen, Material Connexionen Bilboko egoitzak, eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du proiektu bakoitzarentzat egokienak diren materialak identifikatzeko.
Sortzen den jakintza berritzailea partekatu ere egin nahi du; “ezagutza transferitu”. Horregatik ari da elkarlanean EHUko Material Aurreratuen Ingeniaritzako unibertsitate masterrarekin, Deustuko Unibertsitateko Industria Diseinuko Ingeniaritza graduarekin eta Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroarekin.