Natalia Salazar Orbe
Beharrizanak bultzatuta zein beste herri batzuk ezagutzeko abentura goseak eramanda, betidanik, milioika gizon-emakumek utzi dute beren aberria eta beste leku batzuetara jo. Bidaia eta lekualdaketa horiek kulturen truke ugari ekarri dituzte. Eta jatorrizko herrira itzuli direnen kasuetan, bisitaldi horien eragin nabarmenak eraman dituzte. Horixe hartu dute ardatz, aurten, Ondarearen Europako Jardunaldiek. Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea izenburupean, 300 jarduera inguru prestatu dituzte Bizkaiko 63 udalerritan. Historiaurreko gizakien migrazioak eta duela urte gutxira arteko migrazio mugimenduak aztertuko dituzte zenbait herritan. Jarraian, herri batzuetako jarduera horietako batzuk jaso dira.
Historiaren kontakizunetan sarri ahaztuta utzi badira ere, emakumeentzako leku batzuk gorde dituzte jarduerotan. Aulestikoa da horien adibideetako bat. 1936ko gerraren aurretik eta ostean, hainbat eta hainbat neskatila joan ziren inude dirudunen etxeetara, neskame edo kridxeda lanak egitera. Emakume horiei egindako elkarrizketak jasota, film labur bat prestatu dute. Estreinaldia urriaren 28an egingo dute, ostiralez, udaletxeko ekitaldi aretoan. Euskarazko emanaldia 21:00etan hasiko da.
Jakina da migraziorako joera antzina sortu zela. Horren adibide baten berri emango dute Barrikan. Bisita gidatu baten bidez, Kurtziomendi aztarnategia ezagutuko dute bisitariek. Historiaurreko gizakiek erabiltzen zuten silex lehengai garrantzitsua eskuratzeko gune nagusia zen berau. Duela 300.000 urtez geroztik ehiztari eta biltzailez osatutako lehenengo migrazio taldeek silexez egindako objektuak harrobi horretatik oso urrun zeuden Historiaurreko aztarnategietara nola eraman zituzten erakutsiko dute. Horrez gain, Kurtziomendi harrobiko silexa lantzeko tailerrak prestatu dituzte. Lanabes esperimentalak egingo dituzte horietan, Historiaurreko gizakiek egiten zutenaren antzera. Bisita urriaren 15erako antolatu dute; eta, tailerra, 29rako.
Eskarabillerek trenetako eta lantegietako ikatzaren hondakinak jaso eta saltzen zituzten. Emakumeek egiten zuten lan hori. Eskarabillerak Basauriko historiaren isla dira, eta herritarren ikurra. Emakume horien eta XX. mendearen hasierako beste andre batzuen lana ezagutzeko, haien bizitzei buruzko bideo bat proiektatuko dute. Urriaren 9rako egin dute deialdia. Haurrentzako ipuin kontalariak eta tailerrak ere egongo dira.
Gerrek eragin dituzte migrazio mugimendu ugari; historian zehar iheslarien exodoa eragin dute. 1936ko gerran milaka gaztetxok alde egin behar izan zuten. Altair Markaidak hitzaldia emango du, bidaia horien ondorioz beste lurralde eta kultura batzuk ezagutu zituztenen jatorriei eta helmugei buruz mintzatzeko. Gertaera hark protagonistengan utzi zuen arrasto ezabaezina ere izango da hizketagai. Euskal kultura eraman zuten haiekin batera. Baita zabaldu ere. Urriaren 21ean entzun ahalko dira hitzaldi horren xehetasunak.
Euskal Herriko arrantzaleek urrutiko lurraldeetara jo dute mendeetan, baleak eta bakailaoa arrantzatzera. Islandiako lurretan izaniko zenbait esperientzia eta abentura jasotzen dituen erakusketa izango da ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Eta hitzaldi bat ere emango dute hilaren 18an. Islandiako herritarrekin izan zuten harremana ezagutu ahalko da; bereziki, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, merkataritzaren zein giza harremanen ikuspegitik. Gogora ekarriko dituzte bortitzak ere izan ziren desadostasunak eta bat egiteak. Horiek guztiek elkarrekin bizitako historia islatzen dute. Eta horien memoriak eta eragin kulturalak bizirik iraun dute gaur egunera arte, hainbat arlotan: linguistikan eta Islandiako jantzi tradizionaletan, kasurako.
Gizakien migrazioak kultur trukerako tresnatzat eta komunitateen arteko komunikazio eratzat ere jo daitezke. Ideia horren gaineko gogoeta zabaltzeko asmoz, bost hizlarik historian zehar izan diren biztanleria mugimenduetako batzuk erakutsiko dituzte. Gizakia Afrikatik atera zenetik, eta godoak Inperioaren mugen barruan kokatu zirenera arte. Urriaren 18an hasiko dituzte saiook, Arkeologia museoan.
Beste herri gehienetan ere ekitaldi bat baino gehiago antolatu dute. Bilbon hainbat lekutan izango dira jarduerak. Iraganeko migrazioak azterturik, gaur egungo esperientziak islatuko ditu, besteak beste, Mundu Walk izeneko saioak. Munduko hainbat lekutako pertsonak bizi dira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Jaioterriak utzi eta beste leku batera alde egin behar izan duten bizilagunak dira. Pertsona horiei merezitako aukera berria lortzen laguntzen dieten auzo elkarteak ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu dute urriaren 4 eta 18rako.
Migrazio mugimenduetan ezin ahantz zitekeen Ameriketara artzain lanetan joan ziren euskaldunen historia. Bakardade handian murgilduta, artzainek zuhaitzen enborren azaletan grabatzen zituzten irudiak eta hitzak. Argazki erakusketa batean jaso dituzte arte iragankor horren zenbait eredu. Euskal Museoan izango da ikusgai.
Bizkaian izandako migrazioek eta euskal herritarrek Islandian eta Ameriketan utzitako aztarnei buruzko bost hitzaldi prestatu ditu, bestalde, Euskaltzaindiak. Euskararen aztarnak izango da lehenengoa. Gidor Bilbaok azalduko du pidgina komunikazio eredua. Hizkuntza horrek 745 berba dauzka. Euskara, islandiera, frantsesa eta ingelesezko 745 berba gordetzen ditu.
Kultur adierazpenez gain, lorategiak ere zibilizazioaren eta naturaren arteko lotura hertsien adierazpide dira. Hala dio Lorategi Historikoen Florentziako Gutunak. Hori hala dela egiaztatu nahi dutenentzako, Elorrioko jauregi batzuetako lorategietan barrena ibiltzeko aukera eskainiko dute urriko bi asteburutan. Urrutitik ekarritako zuhaitzak ikusi ahalko dituzte ibilaldi gidatuotan parte hartzen dutenek.
Industrializazioak eskulan ugariren beharrizana sortu zuen Bizkaian. XIX. mendearen bukaeraz geroztik, Erandiora langile asko joan ziren bizitzera eta lan egitera. Altzaga auzoan hartu zituzten horietako asko. Horretarako, etxebizitza eredu berriak eraiki ziren: alokatzeko eraikinak, etxe merkeak eta etxebizitza multzoak egin ziren, besteak beste. Bisita gidatua egingo dute urriaren 22an.
Indianoen migrazio mugimendua da jardunaldiotan aztertuko den beste alor bat. XVIII eta XIX. mendeetan herritar askok, Ameriketan edo Filipinetan aberastu ondoren, patronatuak eta fundazioak sustatu zituzten euren jaioterrietan. Sainz Indo fundazioa da adibide horietako bat. Karrantzako bisita hori baliatuta, indianoek sorterrian izan zuten garrantzia eta oihartzuna aztertuko dituzte.
Kulturaren eta historiaren transmisioak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da txikienek ere horren berri izatea. Haientzako jarduerak ere antolatu dituzte hainbat herritan. Kortezubi da horietako bat. Jokoak baliatuta, 6 eta 12 urte arteko gaztetxoek ikasiko dute Historiaurreko biztanleak ez zeudela beti haitzulo berean. Bizirik irauteko baliabideen bila leku batetik bestera mugitzen zirela. Halaber, Santimamiñe inguruan nagusi ziren animalia eta landare espezieak zeintzuk ziren ere azalduko diete. Euskaraz egingo dute jarduera, urriaren 15ean.
1936ko gerraren gehiegikeriak presente izango dira jardunaldien barruan. Armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zeneko 80. urtemuga bete berri da. Altxamendua gertatu zenetik hilabete batera hasi ziren eraikitzen matxinatuen kontra babesteko sistema, Larrabetzun. Milizianoek, herritarrek eta Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuek eraiki zuten. Lubakiak hondeatu, eta metrailadore habiak eta babeslekuak egin zituzten. Hiru belaunaldi igaro dira orduz geroztik, baina, memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz jabetuta, larrabetzuarrek ondare hori berreskuratu dute. Eta bisita gidatuak egiten dituzte. Urriaren 29rako antolatu dute bat.
Migrazioak mugimendua eta bizitasuna iradokitzen baditu ere, mugimendu horren protagonistak, urteen poderioz, hil egiten dira. Bizitzaren prozesu horren erakusgarri, Loiun hilerri bitxi bat dago. Britainia Handiko koroaren mendeko enklabe bat da. 10.000 metro karratu dituen hilerria: Ingelesen hilerria. 1926. urtean egin zuten, katolikoak ez ziren pertsona ingelesak eta beste leku batzuetakoak ehorzteko. Azken mendeetako Britainia Handiaren eta Bizkaiaren arteko harreman sakonen lekukoa da.
Gorbeialde ingurura ere iritsi ziren migratzaileak. Eta, gaur egun sarri gertatzen den legez, bertakoek nahi ez zuten lanbide batean aritzen ziren. Arearrietako teileria dago Orozkon. Bertakoek ez zuten batere gogoko ogibide hura; iraingarritzat jotzen zuten. Hala, sasoikako langileek hartu zuten: lehenengo, Kanbotik (Lapurdi) iritsi ziren, eta gero, Asturiastik. Kulturen truke horrek hizkera berezi bat sortu zuen: teilaginen hizkera, xiriga. Asturiasko ekialdeko teilaginek euren artean erabili ohi zuten mordoiloa Euskal Herrian ikasitako berbekin nahastuta osatu zuten. Felix Mugurutzaren eskutik izango da xiriga ezagutzeko aukera, urriaren 22an.
Kareak izan zuen erabilgarritasuna ezagutzeko, San Justuko karobia bisitatzeko aukera eskainiko dute, Zeanurin. Hainbat gauzatarako erabiltzen zuten karea: eraikuntzan, morteroa lortzeko eta baserriak zuritzeko kare-esnea egiteko; nekazaritzan, ongarri moduan; abeltzaintzan, kortak desinfektatzeko…
Kareaz gain, energia sortzeko eremu bat ere badu herriak: Barazarko zentral hidroelektrikoa. Lurpean ezkutatuta dago. 1950eko hamarkadan Bizkaiko Labe Garaiei zerbitzua emateko egin zuten. Zehazki, 1948. eta 1950. urteen artean eraiki zuten. 3.000 pertsonak egin zuten lan eraikuntza lanotan. Gehienak etorkinak ziren. Undurraga auzoan bizi ziren horietako asko eta asko. Urriaren 19rako antolatu duten ibilbide gidatuari esker, toki berezi hori eta bertako 12 kilometro eta erdiko tunela ezagutuko dituzte bisitariek.
Informazio zehatzagoa bildu nahi izanez gero:
bizkaikoa.bizkaia. eus/jep