Natalia Salazar Orbe
Iritsi da Armintzara musika, festa giroa eta paraje ikusgarriak uztartzen dituen jaialdia. Lemoizko parajean, Txapel Reggae festibala ospatuko dute, beste urtebetez, bihar. Reggae musikaren legendak bertako taldeekin batera elkartuko dituzte agertoki berean. Hain zuzen, Jamaikatik iritsiko da Johny Clarke artista mitikoa; eta Guda Dantza seikote bizkaitarrak bere musika beltza eta ska-reggae doinuak taularatuko ditu. Hala, bertako zein nazioarteko artistei esker, reggae hiriburu bilakatuko da kostaldeko herri bitxi hori.
1990ean hastapenak egin zituenez geroztik, urtero legez milaka zale erakarriko ditu jaialdiak itsaso gaineko agertokira. Musika ibilbide luze eta arrakastatsua egin duten artistek bat egingo dute han. Clarkek 17 urterekin irabazi zuen lehen saria Jamaikan. Orduz geroztik, bere musika eta doinuak landu ditu, eta mitikoenen artean kokatu da. Abesti klasikoak interpretatuko ditu.
Ras Kayleb eta Mikey Dread Londresko artistek elkarrekin osatutako Channel One Sound System baliatuko dute ikus-entzuleak dantzan jartzeko. Hainbat urte daramatzate lan horretan. Britainia Handiko reggae kultura mundura zabaltzeko orduan aitzindaria izan da bikotea.
Valentziatik iritsiko dira Red, Gold & Green eta Payoh Soul Rebel. Azken urteetan hainbat proiektutan aritu dira lanean esperientzia handia duten profesional horiek. Talde horren barruan ariko dira Sergio Moleom eta Payoh Soul Rebel. Lehenengoa Jah Macetas Valentziako talde mitikoko letra egile eta konpositorea da. Bigarrena, berriz, abeslari lanetan ariko da. Hamaika produkzio lan egindakoa da. Haren estiloari eta aldakortasuna lantzeko duen ahalmenari erreparatuta, ziurtatuta dago ikuskizun ikusgarria eskainiko duela.
Aurten, hainbat berezitasun izango ditu Txapel Reggae jaialdiak. Besteak beste, showcase berezi bat antolatu dute. Jaialdiarekin nolabaiteko lotura izan duten Bizkaiko hainbat musikari elkartu dira Dock Boys Crew taldea osatzeko. Talde horrekin batera lau abeslari ariko dira Txapel Reggaeri euren ukitu pertsonala emateko asmoz. Bertan elkartuko dira, hain zuzen, Berta Bittersweet, Baltz Bita, Kloy Mc eta Shintoma.
Bizkaitik bertatik iritsiko da Guda Dantza seikotea ere. Azken urteetan bi disko argitaratu dituzte. Labarraren ertzean dute azkena. Euren pentsamoldea jaso dute bertan. Ikus-entzuleentzako jai giro bikaina sortuta interpretatuko dituzte lan horretako kantuak, musika beltza eta ska-reggae doinuak uztartuta.
Bi gune
Jaialdian bi gune bereiziko dituzte aurten. Sound System eta skate mundua batuko dituen Chamae Dub Stage prestatu dute, lehenengoz. Sound System mugimenduak azkenaldian izan duen gorakadari erreparatuta hartu dute erabaki hori. Hala, arratsaldetik aurrera, kirolariak eta Bizkaiko hainbat kolektibo ariko dira agertokian, elkarrekin.
Bilbon sortutako Eztandub izango da gune horretako protagonistetako bat. Lau lagunek osatzen dute roots musikaren altzoan hazitako talde hori. Musika tresnen doinuak analogikoki grabatu ostean egindako ekoizpen digitalek arrakasta handia izan dute. Zuzenekorako bi abeslari ariko dira kantuan: Juza eta Ital Rakka. Ekoizpen propioak soilik interpretatuko dituzte. Oso doinu bitxi eta bereizgarriak taularatuko dituzte, hainbat soinuren nahasketak eta dub reggaearen azpigeneroa zuzenean uztartuta.
Reggaearen sustraiak
Italiatik King Burning Sound kolektiboa iritsiko da. Taldea ezaguna da aspalditik Bilbo aldean. Ohi legez, eskainiko duten saioan ez dira faltako reggae musikaren sustraiak eta kultura.
Chamae Dub Stage horretan duela gutxi sortutako Glamity Sound ere ariko da. Mudo eta aspalditik ezaguna den Big Sound Boy elkartuta eratu dute taldea. Biak ala biak dira Dirty Dancehall taldetik igarotakoak. Ikus-entzuleak dantzan jarriko dituzte euren dancehall estiloa baliatu eta nahaste bereziak eginez. Jamaikako erritmoak ekarriko dituzte Armintzara.
Thunder Clap Sound System ere han izango da, sound system kultura penintsula osoan bultzatzen ia hamarkada bat bete duen taldea. Euren ekoizpenik ezagunenak ekarriko dituzte kostaldeko agertokira.
Talde horiek guztiak martxan hasi orduko hasiko dira musikaz betetzen Armintzako inguruak. Samba, reggae zein funky doinuz bustiko ditu herriko kaleak, besteak beste, Batukale Samba taldeak. Txapel Reggae jaialdirako erritmorik tropikalenak prestatu ditu.
Karmengo jaien barruan ospatuko dute jaialdia, ohi bezala. Asteazkenean abiatu zuten festa giroak ez du etenik izango domekara bitartean. Umeentzako jarduerek, lehiaketa gastronomikoek eta musikak eta dantzek hartuko dute protagonismoa festotan. Reggae jaialdiak emango dio azken ukitua.