Aitziber Laskibar Lizarribar
Euren azkartasuna lehian jarriko dute ingeniaritzako ikasleek datozen egunetan; jakintza eta adimen azkarra gurpil gaineko abiadura eta energia eraginkorraren bidez frogatuko dute Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasleek eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolakoek. Mundu mailako lehiaketa banatan, bakoitzak bere aldetik. Bi moto elektriko adimendun egin dituzte hartarako Deustukoek. EHUkoek jarleku bakarreko auto bat egin dute, motor elektrikoekin.
Atzotik, Smart Moto Challenge lehiaketan ari dira Deustuko Ingeniaritza Fakultateko 30 ikasle Bartzelonako Montmelo zirkuituan. Diseinatu eta gauzatu dituzten bi motor elektriko adimendunak merkaturatzeko modukoak direla erakusten saiatuko dira, gainontzekoek aurkeztutakoen aldean eraginkorrenak direla.
Udaltzainek hiri eta hiri inguruetan egin beharreko lanei begirakoak dira egin dituzten bi prototipoak. Litio-ioizko punta-puntako bateriak dituzte, orduko 90 kilometroko abiadura hartzeko gaitasuna dute, eta, sei orduz kargatzen izan ostean, 80 kilometroko autonomia dute. “Adimendunak” dira; Internetera konektatu, eta etengabeko informazio trukea izateko prestatuak. Ikasleek harro erakutsi dute 10.000 orduko lanaren emaitza Bartzelonara abiatu aurretik, eta txapelketan “emaitza ona” izateko esperantza azaldu dute.
Smart Moto Challenge txapelketaren lehen fasea da atzo hasi eta igandera arte Bartzelonan egiten ari direna. Errusia, Espainia, Polonia eta Ekuadorko beste hamabi unibertsitaterekin ari dira lehian, eta egunotako saioetan eta urrian Moskun egingo dituzten saioetan erabakiko da nork sortu duen udaltzainentzako motor elektriko adimendunik eraginkorrena.
Iaz ere hartu zuen parte txapelketan Deustuko Unibertsitateak, eta leku onean geratu zen: hasiberrien talderik onenaren saria jaso zuen, eta laugarren geratu zen sailkapen orokorrean. Aurten ere emaitza ona jasoko duten esperantzarekin joan dira bai ikasleak, bai haien irakasleak.
Hainbat irakasle, enpresa eta erakunderen laguntza jaso dute proiektua gauzatzeko. Horien artean, Bilboko Udaltzaingoarena. Haien beharren berri eman diete udaltzainek ingeniaritzako ikasleei, horiek ahalik eta motorrik eraginkorrenak egin zitzaten: praktikoak eta merkaturatzeko modukoak. Eta lortu dutela adierazi du Tomas del Hierrok, Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak: “Etorkizuneko udaltzainek motor hauek gidatuko dituzten esperantza dut”.
1 Formularako harrobia
EHUko Ingeniaritza Eskolako 50 ikasle datorren astean lehiatuko dira. Hilaren 14tik 17ra bitartean, Ingalaterrako Silverstone zirkuituan arituko dira Formula Student lehiaketan, 30 herrialdetako 130 unibertsitateko 3.000 ikaslek parte hartuko duten txapelketan.
Plaza bakarreko autoen artean lehiatuko dira EHUko 50 ikasleak, eta sailkapenean leku onean geratuko diren esperantza dute. Horretarako berrikuntza nagusia zein den azaldu dute Bilbon egindako aurkezpenean: Motor bakarra erabili beharrean, bi motor elektriko erabiliko ditu Formula Student Bizkaia 2016 FSB2016 autoak. Horrez gain, diferentzial elektroniko eta trakzio sistema berria dauzka autoak, eta energia biltegiratzeko ahalmena areagotzen duten bateriak. Horrek guztiak ez dezan gainkarga handiegia eragin, gurpilen eta beste zenbait osagairen tamaina txikitu dute ingeniaritza ikasleek, horrela pisua arintzeko.
80.000 euroko aurrekontua du ikasleek egindako prototipoak. Txapelketan parte hartzen duten beste hainbat unibertsitateen aurrekontuekin alderatuta, txikia. Azaldu dutenez, zenbait parte hartzailek automobilgintzako multinazional handien babesa izaten dute, eta milioi bat euro inguruko aurrekontua. Hori dela eta, unibertsitateko kideek diote meritu berezia duela inbertsioan hainbesteko aldea izan arren sailkapenean leku txukunean geratzeak.
Eta garrantzitsutzat dute parte hartzea bera, 1 Formula mundura jauzi egiteko leku egokitzat baitute txapelketa. 1 Formulako ingeniariak, pilotuak eta pilotu taldeen zuzendariak izaten dira bertan: “Automobilgintzara bideratu nahi duten ingeniaritzako ikasleen erakusleihoa bihurtu da Formula Student txapelketa, eta pilotu taldeetako etorkizuneko teknikarien harrobi ere bada gaur egun”.