Asier Arrate Iruskieta
Itun kolektiborik gabe dago arrain kontserba eta gazigintza sektorea duela bederatzi urtetik, eta berriki hitzarmenerako akordio bat lortu dute. Sindikatuek “galzorian” ikusten zuten Bizkaiko ituna, Espainiako hitzarmenak irensteko zorian. Baina, urtetako lanaren ondoren, lortu dute. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa sinatu dutela iragarri dute; aurki sinatuko dutela akordioa. Bizkaiko sektoreko langileei eragingo die itunak, eta 2017. urtera arte egongo da indarrean. Berez, aurreko ituna 2007an agortu zen, eta 2008tik 2017ra arteko balioa izango du berriak. Hala ere, beste akordio bat sinatu arte aplikatzen jarraituko da. Sinatzaileek klausula bat gehitu diote, gainera, hitzarmenari: adostutakoa aldatzekotan, akordio baten bidez egin beharko da.
LABek azaldu duenez, aurretik zuten guztia mantentzea lortu dute bi urteko lanketari esker, eta baldintza batzuk hobetzea ere bai. Esate baterako, soldatak eta dietak hobetuko dizkiete langile finkoei: %1,75eko igoera izango dute 2015 eta 2017 urteei dagokien soldatetan. Aldi bateko langileek, egungo soldata mantenduko dute. Hori ere lorpentzat dute sindikatuek, orain arte %15 gutxiago kobratzeko aukera zabalik baitzegoen.
Malgutasun orduak erdia baino gehiago jaistea ere adostu dute. 2012ko Lan Erreformak ahalbidetu zuen patronalak 172 orduko malgutasuna ezartzea urteko lan jardunean. Orain, 82 ordura murriztu dute kopurua, eta ordu horiek ez dira ezarriko oporretan, jai egunetan edo domeketan.
“Lorpen garrantzitsutzat” jo dute hitzarmena LABeko ordezkariek; bai edukiengatik, baina baita Bizkairako hitzarmen propioa mantentzea lortu izanagatik ere. Sindikatuaren esanetan, hitzarmena lurraldean negoziatzeak ekarri du Espainiakoa baino hobea izatea. Horregatik adierazi du ez duela ulertzen ELAk hitzarmena sinatzeari uko egitea.
“Feminizatuena” den eta “egonkortasun txikiena” duen sektorean akordioa lortu izanaren balioa goratu du CCOOk. Prekarietatean murgilduta aritzen diren langileen baldintzak hobetuko direla adierazi du.