Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko Txakolinaren sorlekuetako batean egun handia izango dute domekan. Lezamako Txakolin Eguna ospatuko dute herrian. Hamabosgarrena dute aurtengoa. “Txakolin ekoizleen lana eta txakolinaren mundua ezagutzera ematea du helburu nagusi”. Hala azaldu du Asier Saenz udaleko Kultur teknikariak. Mahatsaren salda zuriak gero eta arrakasta handiagoa du, eta gero eta ezagunagoa da. Azken uztaren ezaugarriak gogoraraziko dituzte etzi, eta ekoizleentzako “erakusleiho” bihurtuko da azoka.
36 saltokik osatutako erakustazoka aurkituko dute bisitariek. Herriko eta eskualdeko sei upelategiren uztek emandakoak aurkeztuko dituzte. Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia ekoizleen txakolina izango da dastagai.
Lezamako Txakolin Egunaren bidez, “nekazaritzaren sektorean dihardutenei babesa” eman gura die Lezamako Udalak. Hala, bertako zein “ahalik eta gertueneko” ekoizle anitzek euren produktuak merkaturatzeko aukera izango dute domekan. Eztia, gazta, ogia, euskal pastela, barazkiak, loreak, kontserba produktuak, foie… Era horretako azoketan ohikoak diren elikagaiak aurkituko dituzte Lezamara joaten direnek.
Forman eta edukian azokotan ohikoa ez den elementurik ere izango da. Berritasun gisa, itsaskiak izango dira dastagai. Ez dituzte saltoki batean eskainiko, ordea. Food track deritzen furgonetetako batek eramango ditu itsasoko fruituak Udaletxeko plazara. “Dena den, txakolinari zabalkundea ematea da gure helburu nagusia. Gainerako guztia osagarria da”.
Omenaldia Sasinesi
Aurten, Sasines Larrabetzuko upategiari egingo diote omenaldia. “Historiko bat da Txorierrin, eta urteetan etorritakoa Lezamara, hainbat azokatara; oso ezaguna”. Plaka oroigarri bat jasoko du upategiko Ziriako Dañobeitiak.
Omenduaren antzera, gainerako bost upategiak ere oso ezagunak dira inguruetan zein kanpoan. “Hainbat sari irabazi dituzte. Munduan barrena dominak jasotakoak ere badira”.
Lau emakume enbaxadore
Lau emakume izango dira 2016an Lezamako txakolinaren enbaxadoreak. Udalak eta txakolin ekoizleek elkarlanean antolatzen duten egunean aukeratzen dute irudi sinboliko hori. Duela hiru urte ekin zioten izendapen horri. Orain artean, herriko bi kazetarik hartu dute kargua. “Aurten, Athleticeko jokalariak aukeratu ditugu. Emakumeen taldea hartu dugu. Goi mailan ari dira-eta, ligak irabazten”. Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa lezamarrek hartuko dute erantzukizuna. “Kargu sinbolikoa da. Eurak omentzeko modu bat da, baita gure txakolina ahalik eta ezagunen bilakatzekoa ere”.
12:45ean irekiko dute, modu ofizialean, azoka. Hala ere, 11:00etatik aurrera aurkituko dute zabalik bisitariek. Kortxoa atera eta brindisa eginda modu ofizialean inauguratutzat emango dute. Bertso saio labur batek festa giroa emango die omenaldiari eta enbaxadoreen izendapenari.
Taloak saltzeko bi txosna prestatuko dituzte antolatzaileek. Eta mokadu bereziagorik eskuratzeko aukera ere izango dute bisitariek. Lezama Saretzen merkatari, enpresari eta saltzaileen elkarteak hanburger txikiak prestatuko ditu aurten.
Eguraldi ona izanez gero milaka bisitari erakartzen dituen eguna bihurtu da Lezamakoa. Hasieran, irail bukaeran edo urrian egiten zuten. “Uzta eguna zeritzon orduan. Baina garai horretan txakolin ekoizleak gogor ari ohi dira lanean. Haiek eskatuta erabaki genuen data aldatzea eta ekainean jartzea”. Urrian ere badute lehen sektoreari lotutako beste hitzordu bat: nekazaritza azoka.
Txakolin ekoizleentzako ere jai eguna izango da etzikoa. “Upategian urte osoan egindako lana plazaratuko dute”. Salmentetarako egunik aproposena izaten ez bada ere, txakolin egileei laguntzeko modu bat da. “Lezamakoez gain, Bilboko, Getxoko, Barakaldoko zein urrutiagoko bisitariak ere etortzen dira”. Jai giro aparta aurkituko dute, une oro musikaz lagunduta. Arratsaldeko bostak arte bermatuta dago festa.