Natalia Salazar Orbe
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek bi orduko lanuztera deitu dute Osakidetzan, astearterako. Osasun arloaren pribatizazioaren aurkako jarrera islatu gura dute, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalearen irekieraren bezpera baliatuta. 13:00etik aurrera izango dira lanuzteak.
Berezkoak dituen zerbitzuak pribatizatzeko Osakidetzak urtero 330 milioi euro gastatzen dituela salatu dute. Garbiketaren pribatizazioak, Urdulizen soilik, 100.000 euroko gainkostu ekonomikoa ekarriko du. Hala, ospitale berriaren irekiera baliatuta, “pribatizazioaren aurkako mugarri bat” ezarri gura dute.
Urdulizen garbiketa, mantentze zein sukaldeko zerbitzuak nola kudeatuko dituen ez du argitu Osakidetzak. “Jaurlaritzak eta Osakidetzak indarrean dituzte pribatizazio berriak debekatzen dituzten akordioak, baina Osakidetzak akordio berri bat urratu nahi du”. Zerbitzuak nola kudeatu ebatziko zuen txosten bat egiteko konpromisoa hartu zuen Osakidetzak. “Txosten horrek zerbitzuaren kalitatearen zein kostu ekonomikoaren aurrean pribatizazioen beharra justifikatu behar zuen. Argi dago ez dutela txostenik egin, bi zentzuetan pribatizazioa erabat arrazoigabea delako”. Lanuzteen bitartez pribatizazioari buruzko eztabaida publikoa sortu gura dute.
Urdulizko ospitalea hilaren 15ean irekiko dute. Behar bezalako azpiegitura bermerik gabe zabalduko dutela salatu dute sindikatuek: “Ez da tren zerbitzurik izango, eta Bizkaibusen lineatan ez da errefortzurik aurreikusi”.
Vicente Reyesek azalpenak eman zituen joan den astean. Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua da. “Egun Bizkaibusek ematen duen zerbitzuak beteko ditu Urdulizko ospitalearen beharrizanak”. Hala izango da zabaldu eta hasierako fasean behintzat: azarora bitartean. Uribe Kostako gertueneko udalerrietako biztanleak artatuko ditu orduan ospitaleak. Apurka jarriko ditu martxan zerbitzuak, eta apurka hartuko ditu bere gain beste herrietako pazienteak ere. Garraio zerbitzua ere era horretan egokitzeko asmoa azaldu dute.
Badago beste kezka bat ere: Leioa eta Erandioko bizilagunek Gurutzetan jarraitu gura dute arreta hartzen. Erandiokoei onartu diete eskaera. Hainbat sinadura bildu zituzten herritarrek, distantzia bikoitza dutelako Urdulizera.