Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

 

Berritzailea, modernoa eta kalitatezkoa. Halakoxea da Urban Beer garagardoa, Arantxa Jordek eta Iñigo Garciak amestutako proiektua. Gazteak eta ekintzaileak dira senar-emazteak. Hala azaldu du Jordek. Gaztetasun eta berritze nahi horrek beste garagardoetatik bereizten diren produktu aldaerak sortzea ahalbidetu diete. Artisau eran egindako garagardoak dira haienak.

Ingurunearekiko eta gizartearekiko konpromiso zorrotza darabil bikoteak, ekoizpena Zamudiora eramanda. Ekoizpen teknika tradizionalari eutsi diote: “Karbohidratazio naturala egiten dugu, karbono dioxidorik erantsi gabe”.

Garagardoa ekoizteko bertako produktuak erabiltzen dituzte. “Kalitate handiko lehengaiak dira. Eta ez dugu kostuak merkatzeko osagairik erabiltzen; gure garagardoen zaporea nabarmentzen dutenak soilik”.

Duela gutxi atera dira merkatura. Leku bat egitea ez dute izan lan erraza. Marka komertzialek menderatua dute dena. Baina badira garagardo berriak dastatzeko irrikaz dauden kontsumitzaile asko ere. “Produktu bereziak” dakartza Urban Beerrek: “Geure errezeta propioak lantzen ditugu. Estilo tradizionalari itzulia eman eta garagardo berritzaileak sortu gura ditugu, garagardoaren arima eta bihotza bilatu”.

Produktuari plus bat emango dioten ezaugarrien bila aritu dira etengabean. Lehengai onak erabiltzen dituzte horretarako. “Hori oso garrantzitsua da. Oinarria ona baldin bada, eta garagardoa egiten baldin badakizu, pentsa zer-nolako produktua atera dezakezun”.

Edari mota hori ondo baino hobeto ezagutzen dute. Atzerrira hainbat bidaia egindakoa da bikotea. “Artisau eran egindako oso garagardo onak edan ditugu kanpoan, eta hori gurera ekarri gura genuen”. Hain zuzen, Urban Beer sortzea horietako bidaia batean erabaki zuten. “Zeelanda Berrira eta Australiara egin genuen bidaian ostatua eta garagardotegia zituen leku bat aurkitu genuen. Asko gustatu zitzaigun, eta ideia Euskal Herrira ekarri behar genuela pentsatu genuen”.

Garciak aspaldi ekin zion garagardoa egiteari. Etxean egiten zuen, eta lagunen artean banatu. Bostonen (AEB) ezagutu zuen artisauen artean modurik artisauena garagardoa egiteko: etxerako kit bat baliatzen zuen horretarako. “Prozesua hobetuz joan zen, eta azterketak egiteari ere ekin zion”. Hala, pauso bat gehiago ematea erabaki zuten. “Etxea txiki geratu zitzaigun, eta maila profesionalean garatzeko erabakia hartu genuen”.

Lau aukera

Lau garagardo aldaera aurkeztu dituzte: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo. Horiak, ilunak, urre kolorekoak zein gariaren antzeko hori ilun koloreak dauzkaten produktuak prestatu dituzte. “Pilsner garagardo komertzialetatik desberdinak dira, baina edateko errazak. Herritarrek garagardo errazak baina kalitatezkoak proba ditzaten gura dugu”.

Kontsumitzaileei, sarri asko, kostatu egiten zaie etxeko produktuei aukera ematea. Jordek uste du garrantzitsua dela “garagardo asko eta estilo askotakoak probatzea. Asko dastatu dituzunean, badakizu zer den gustuko duzuna, eta zer ez. Sekretua da garagardoari arima jartzea. Eta pentsatzea: honek merezi du; honek ez”. Litro asko bota dituzte eurek ere gura zuten produktua lortu arte.

Zapore berriak dastatzeko eginahal horretan Euskal Garagardo Elkartearen barruan ere lanean ari dira. “Bertan egindako garagardoaren aldeko apustua egiten dugu”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin batera Km 0-ko garagardo bat garatzeko lanean ari dira. Bertako ekoizleei lagunduta, %100 bertako produktua garatzeko ilusioz beterik daude Urban Beerren.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Urban Beer Bilboko garagardo artisauak.

Telefonoa. 661-87 25 48.

Eskaintza. 12 garagardo botilako kaxa: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo aldaerak.

Prezioa. 24 euro.

Webgunea. www.euskalherrikoplaza.com