Ainhoa Larrabe Arnaiz
Akrobaziak egiten talde bat plazan, eta, kalearen bestaldean, beste talde bat dantzan. Bien bitartean, aktore talde bat ari da kalea gurutzatzen. Pailazo bat ere badabil, kalean gora eta behera. Agertoki bihurtu da Leioa egunotan. Atzo hasi zen Leioako XVII. Umore Azoka, eta igandera bitartean ehunka artista eta sortzailek hartuko dituzte herriko bazterrak. Guztira, 125 emanaldi izango dira Leioako kaleetan asteburu honetan, eta estreinaldiak izango dira horietako 21.
Jaialdia, festa eta azoka da Leioako egitasmoa. Urtero, 200 profesional baino gehiago elkartzen dira asteburu batez Bizkaiko herri horretan, eta, pixkanaka, toki hartu du kaleko artisten munduan. Gero eta sona handiagoa du Leioako Umore Azokak. Gero eta herritar gehiago biltzen ditu, eta gero eta konpainia gehiagok parte hartzen dute jaialdian. Guztira, 50 talde izango dira aurten, eta euskal konpainiak izango dira horietako hemezortzi.
Euskal taldeek nortasuna ematen diote jaialdiari antolatzaileen arabera, euskal konpainiekin batera “hazi” den azoka baita Leioakoa. Horren adibide da Deabru Beltzak taldea. Hogei urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko emanaldi berezia egingo du Umore Azokan. Su á Feu izeneko lana prestatu dute ospakizunerako. Baina Deabru Beltzak ez da estreinaldia eskainiko duen talde bakarra. Euskal talde guztien artean, hamaika taldek lan berria aurkeztuko dute Leioan. Eta denetariko ikuskizunak eramango dituzte gainera: antzerkia, dantza, clown-a, zirkua, txotxongiloak eta performanceak, tartean.
Baina euskal konpainiek ez ezik, herriko taldeek ere presentzia nabaria izango dute jaialdiaren hamazazpigarren edizioan. Itzala utzi du Leioan azokak, eta tokiko taldeak indartzea ekarri du horrek. Horregatik, toki propioa egin diete aurtengo programazioan. Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar los Sentidos elkarte artistikoa, Andoni Areste dantza eskola eta Gerry Regitschnig clown-a izango dira beren herriko bazterretan gertukoenei egiten dutena erakusten.
Jaialdia baino gehiago
Leioako Umore Azoka ez da sortzaile eta ikusleen arteko elkargunea soilik; programatzaile eta jaialdi zuzendarien topalekua ere bada. Eta, horregatik, konpainientzat beren burua ezagutzera emateko plaza ere izan daiteke Leioakoa. Asteburuan Frantziako eta Koreako arte eszenikoetako jaialdien programatzaileak izango dira, besteak beste. Hortaz, erakusleiho paregabea dute Leioan euskal taldeek beren lanak nazioartekotzeko.
Eta, jaiaz gain, hausnarketarako tartea ere egongo da egunotan. Akitania-Euskadi II. Topaketa ere egingo da Leioan, Etxepare Euskal Institutuak, EKEk eta Akitania-Euskadi euroeskualdeak bultzatuta. SAREA Euskal Antzoki Sareak ere batzar orokorra egingo du azokan. Eta profesionalen elkargunerako eta proposamenen trukerako tokia ere egokitu dute jaialdian, Artekale espazioan.
Inoiz baino luzeagoa izango da aurtengo festa. Izan ere, lehen aldiz, igande gauera arte izango dira ekitaldiak, eta horretaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pinosolo parkean dagoen Hiri Kulturgunean piknika eta hainbat ekimen egongo dira, besteak beste, domeka arratsaldean.