Natalia Salazar Orbe
Ranplanplan, rapetaplan, rataplan. Perkusio doinuz zipriztinduko da bihar Zornotza. Euskal Herriko batukada taldeak eta perkusioa maite duten zaleak elkartuko dira bertan, Euskal Herriko Batukaden IV. Topaketan. Aurten, berritasun nabarmen batekin ospatuko dute: festa lehenengo aldiz atera dute Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa). Hala, Zornotzak hartu dio lekukoa topaketa sortu zuen Dinbi-Danba batukadari. Hemen eta han… Takatan izenburupean antolatu dute eguna Dinbi-Danbak berak eta Zornotzako Zaparrada taldeak.
Egun osorako jarduerekin egitarau plurala sortzen saiatu direla azaldu du Ruben Pascual antolatzaileak: “Batukada emanaldiez gain, poteoa, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira, besteak beste”. Zortzi talde elkartuko dira: Arrasate, Atarrabia, Bilbo, Durango, Gernika-Lumo, Lasarte-Oria, Trapagaran eta Zornotzako bana. Taldeok eta norbanakoak kontuan hartuta, 130 perkusio jole baino gehiago izango dira topaketan.
Batukadan parte hartuko dutenez gain, ikusleentzat ere giro aparta sortuko da. “Elektrotxarangak girotutako poteoa prestatu dugu, eta arratsaldean herrian egingo diren batukaden kalejirak ikus ditzakete, edo ekitaldi nagusiaz gozatu”.
Sinetsita daude jaialdiak harrera ona izango duela. Izan ere, Zornotzak urtero hartzen du Haizetara kaleko banden nazioarteko lehiaketa. “Hortaz, kaleko musikarako zaletasun handia duen herria izanik, espero dugu topaketa hau ere gozatzeko aukera ona izatea”.
Jai giroa sortzeaz gain, perkusiorako zaletasuna partekatzen duten pertsonak elkartu eta harremanetan jartzeko modu gisa baliatzen dituzte topaketok. “Euskal Herriko txoko anitzetako jendea ezagutzeko ere aukera bikaina da”. Dena den, aurten ere Iparraldeko ordezkaririk ez da izango, eta pena dute: “Hori datozen urteetarako lan gisa geratzen da”.
Topaketen xedeetako bat euskara bultzatzea ere bada. “Antolakuntza lanetan ari garenok eta aritu izan direnek beti izan dugu oso presente euskarak presentzia handia izan behar duela. Bide batez euskara ez dakiten parte hartzaileei ere gure hizkuntza gerturatzeko aukera ona dela uste dugu”.
Hainbat alorretan trebatzeko tailerrak prestatu dituzte Zornotzan biharko: Body Percussion, Beat Box eta dantza afrikarren ikastaroak emango dituzte. Eta oso harrera ona izan dute. “Topaketan jada izena eman duten lagun gehien-gehienek tailerren batean hartuko dute parte. Horrek pentsarazten digu ideia ona direla, jendeak gustura hartzen dituela eta atseginez parte hartzen duela”.
Batez ere, ikasteko aukera ona eskaintzen dute. Ez zuten perkusioan soilik aritu nahi. “Tailerretan parte hartzeko ez dago inolako musika tresnarik eduki beharrik. Batukaden eguneroko lanean eta jardunean aplikagarriak izan daitezkeen ideien iturri ere izan daitezkeela uste dugu”.
Topaketa, egonkortuta
Maiatzaren hirugarren asteburuan ezarri zuten topaketa, duela lau urte abiatu zutenez geroztik. Antolatzaileak sinetsita daude erabaki horrek hitzordua egonkortzen lagun dezakeela.
Bihar gauzatuko duten laugarren jaialdiak etorkizunean jarraipena izango duela uste dute. “Topaketa urtetik urtera egiten jarraitzea ez ezik, erreferentzialtasuna irabazten joatea eta gauza bereziagoak antolatzea ere bada helburua. Batukada taldeentzat edo perkusioa gustuko dutenentzat huts egin ezineko egun bihurtzea gustatuko litzaiguke”. Zornotzako agertokiak egunari zer-nolako berezitasuna ematen dion argituko da bihar.