Ainhoa Larrabe Arnaiz
Lozorrotik atera nahi dituzte herritarrak Sestaon. Azken urteetan egoera sozioekonomikoak nabarmen egin du okerrera ezkerraldeko herrian. Herri osoak nabaritu du hori. Baina egoera horri aurre egiteko, jarrera “pasiboa” izan dute sestaoar askok. Hori aldatzeko helburuarekin sortu dute Zutik Sestao plataforma. Herritarrak subjektu aktibo bihurtu eta Sestaoren egoera ekonomikoak hobera egiteko urratsak egitea da plataformaren helburua. Sestao esnatu, eta zutik mantentzen dela aldarrikatzea, alegia.
Ezohikoa den batasun irudia du Zutik Sestao plataformak; alderdi politiko guztiek, sindikatuek eta herri eragileek sortu baitute ekinbidea. Herriak duen egoera larriak behartuta egin dute bat. Eta ez da gutxirako. Euskal Herrian langabezia tasa handiena duen herria da Sestao. Gaur egun, herritarren %25 inguru daude lanik gabe, populazioaren laurden bat, alegia. Eta egoera are gehiago larriagotu du ACB altzairutegia itxi izanak. 650 langile ditu enpresak, eta herrikoak ala eskualdekoak dira gehienak.
Errealitate hori izan zen eragile politiko, sindikal eta sozialak elkartzeko arrazoi nagusia, Felipe Henales Sestaoko LAB sindikatuko ordezkari eta Zutik Sestao plataformako kidearen arabera. “ACB enpresaren itxiera zela eta, herriak zuen egoeraz aritzeko elkartu ginen eragileak. Hor sortu zen herri plataforma bat eratzeko ideia. Alderdi politiko eta sindikatuen siglak gainditu, eta herritarrak subjektu bihurtzeko saioa da”. Eragileetako ordezkariez gain, norbanakoek ere parte hartzen dute plataforman; ACBko langileek, kasurako. Jende gehiago elkartzea da duten helburua, ordea.
Herri aktibazioa helburu
Arriskuaren sinboloa aukeratu dute logotipo gisa. Herriak duen egoeraren berri ematen du irudiak, Henalesen arabera. Eta errealitate hori ikusarazteko, Sestaoko etxe eta denda guztietako leihoetan logotipoa jartzeko asmoa dute. Lan horretan ari dira orain plataformako kideak. Herritarren eta dendarien artean irudia banatu, eta egitasmoaren berri ematen ari dira. “Sestao arriskuan dagoela ulertarazi nahi diegu herritarrei. Eta egoera aldatzeko beharrezkoa dela herritar guztiak mugitzea. Gobernuak interpelatzeko aktibatu egin behar gara. Herriak eta eskualdeak berak hondoa jo baino lehen”.
Sestaoren egoera ekonomikoa eta herritarren aktibazio maila ez datoz bat, Henalesen arabera. ACBren itxiera salatzeko egin diren mobilizazioak jarri ditu horren adibide gisa: “Herriko dendak eta tabernak irekita egon dira protestak egin direnean. Mobilizazioak jendetsuak izan dira, ados. Baina dugun egoera larria ikusita, beharrekoa da herritarrak gehiago aktibatzea. Ezin da izan, dugun langabezia tasa ikusita eta egoeraren okertze horren aurrean, sestaoarrak geldirik egotea. Lozorroan dago herria, eta esnatzea da plataformak duen lehen betebeharra”. Kontzientziak astindu nahi dituzte. Izan ere, lehen urrats hori egin ezean, gainontzeko guztiek ez dute zentzurik izango, plataformako kidearen arabera.
Iradoki duenez, etorkizunean, beste hainbat ekitaldi egiteko proposamenak aipatu dira egin diren batzarretan. Sestaon altzairugintzak izan duen garrantzia zabaldu nahi dute herritarren artean, esaterako. Labe garaietatik gaur egungo industria eredura bitarteko aldaketen berri zabaldu nahi dute gazteen artean. Askorentzat, ezaguna delako tradizio hori Henalesen arabera. “Asko zor zaio Sestaoko altzairugintzari”. ACB enpresarekin lotutako ekitaldia egin nahi dutela ere azaldu du. Besteak beste, altzairutegian egiten den lana ezagutarazi nahi dutela.
Astiro egingo du lan Sestao Zutik plataformak. Argi dute lehen lana herritarrak aktibatzea dela, eta horrek, lan dezente emango diela. Henalesek azaldu du, soilik hori lortuta izango dutela erakundeetan presioa egiten hasteko nahikoa indar. Horregatik dei egin die sestaoarrei behin eta berriz. “Herria martxan jarri behar da, Sestaok dituen arazoei herri gisa erantzuteko”.