Natalia Salazar Orbe
Estreinaldiz josita iritsi da Arrigorriagara aurten Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzten zortzi ikuskizun taularatuko dituzte; tartean, Japoniatik eta Kanadatik iritsitako Merikorena eta Dado Oddballena. Denetariko diziplinak landuko dituzte herriko kaleetan jaialdian parte hartuko duten hamahiru konpainiek: antzerkia, akrobaziak, dantzak zein magia, besteak beste. Kalean, eta doan, kultura eskaintza zabalaz gozatzeko aukera zabalik da Arrigorriagan.
Clown-a du ardatz topaketak. Baina clown-aren irudi tradizionala asko garatu da azken urteetan. Hala azaldu du Amagoia Garaizabal kultura teknikariak: “Gaur egun clown mundua ez da bakarrik adierazten guk gogoratzen dugun sudur gorriarekin. Lan heterogeneoak daude, teknika oso landuak, eta beste diziplina batzuekin nahastuta. Nahiz eta clown-aren edo umorearen eremuari eutsi, obra bakoitzak oso lan sendoa egin du teknikaren aldetik. Oso desberdinak dira elkarren artean”.
‘Clown’-en ordezkariak
Dena den, clown-en adierazle tradizionalek ere ordezkaritza izango dute: Wilbur Clown, Daddo Oddball eta Gran Dimitrik dute betiko clown-ekiko antzik handiena. Umorearekin batera beste diziplina batzuk landuko dituen konpainietako bat inaugurazio ekitaldian ariko da: Rojo Telon da, eta Soy ellas obra interpretatuko du. Hiru emakume ditu protagonista. Haien barne bidaia hunkigarria taularatuko dute. “Umoreaz gain, oreka ere landuko dute”. Horretarako, oihalak baliatuko dituzte.
21. jaialdiak ez du aldaketa nabarmenik izango. Sortu zutenez geroztik martxan egin dituen urte guztietan “oreka egoki bat” lortu dutela sinetsita daude. Herrira eramango dituzten artista eta konpainiei ematen diete garrantzi berezia. “Horiek aldatzen dira, bai”. Aurten magia eta zirkua ere uztartzen dituzten obrak eskainiko dituzte. Urtero saiatzen dira arte aldaera berriren bat barneratzen. Japoniatik iritsitako Meriko nabarmendu dute oraingoan: barra bertikala darabilen ikuskizuna aurkeztuko du.
Artistentzako aukerak
Euskal Herriko zein handik kanpoko konpainiak dira Arrigorriagan elkartuko direnak: Japonia, Finlandia, Kanada, Frantzia, Andaluzia, Kanariar Uharte zein Herrialde Katalanetako ordezkariek parte hartuko dute topaketan. Haien ikuskizunak ulertzeko arazorik ez dute izango gerturatzen diren ume zein helduek. “Clown-en munduan lanek ez daukate hizkuntzarik; keinuen bidez azaltzen dira”.
Clown eta Pailazoen Jaialdia ikusleei zuzenduta dago. Hala ere, artistentzat eurentzat ere aukera ona da, euren lanak ezagutzera emateaz gain, batzuen eta besteen arteko harremanak estutzeko. “Gurea bezalako jaialdietan elkar ezagututa, elkarrekin obra berriak prestatzeko aukera zabaltzen zaie”.
Urte askotako esperientzia jaso duten eta ondo trebatu diren artistak dira denak. “Batetik bestera asko mugitzen dira. Gaur hemen daude, eta bihar Frantziara joatea egoki dakieke”.
‘Ezinen azoka’ erakusketa
Jaialdia abiatu baino lehen motorrak berotzen hasiak dira herrian. Joan den astean, Ezinen azoka erakusketa zabaldu zuten Euskaldun Berria erakusketa aretoan. Bisitarien parte hartzea eskatzen duen erakusketa da, eta domekara bitartean izango da zabalik. Mundu magiko bat zabalduko die ikusleei; ezer ez da dirudiena.
Europan bakarra da Arrigorriagara eraman duten azoka. Kutxa magiko, ispilu eta objektu misteriotsuekin jolasteko, parte hartzeko eta pentsatzeko proposamena egiten dio bisitari orori. Tramankuluak, asmakizun magikoak, formak desitxuratzen dituzten ispiluak, ikuspen bikoitza duten koadroak, traumatropoak, kaleidoskopioak eta bestelako ilusio optiko nahiz magikoak daude. Artisauen erara egindako kutxek azoketako barraka bitxien itxura dute. Hala, ikusleak antzinako azoka batean baleude bezala sentiaraziko dituzte.
“Erakusketa bitxi” gisa deskribatu du Garaizabalek. “Desberdina da. Orain arte ekarri ditugun erakusketa guztiak ikusteko besterik ez ziren. Aurtengoan ikuslearen parte hartzea sustatzen saiatu gara. 25 tramankulu daude. Horietako batzuetan, pertsona bakarraren esku hartzea nahikoa da objektuak duen eginbeharra gauzatzeko. Beste batzuetan, bi lagunen parte hartzea behar da. Bien esku hartzeari esker zerbait ikustea lortzen da. Polita da. Batez ere, ilusio optikoak aurki daitezke”.
21 urteko ibilbidea
1995ean egin zuten herrian lehenengo Clown eta Pailazo Jaialdia, eta, orain arte egindako ibilbidean, mundu osotik iritsitako 280 artistak parte hartu dute bertan. Inguruan zeuden jaialdien aldean desberdina izango zen zerbait sortu gura zuten, eta Pailazoak eta Kaleko Arteak gisa jaio zen. Hainbat proposamen berri atera ziren urteekin. “Batez ere, magiaren eta kaleko arteen munduan”. Jaialdi handiak antolatzeko ahalmena duten hirien itzalpean geratu ziren orduan. “Udal txiki batean gaude, eta gure proposamenak apalak dira”. Hala, euren ardatza bilatzeari ekin zioten. Eta aurkitu zuten: clown-a izango zuten oinarri aurrerantzean. Badirudi asmatu dutela. 12.000 biztanletik gora ditu herriak. Eta 7.000 ikusle inguru izaten ditu jaialdiak. Edonork gozatzeko moduko eskaintza da. “Lantzen dena umorea denez, dena ulertzen da; lengoaiak ez dira zailak”. Hala, irudimena eta algara elkartuko ditu kalean kulturaren hizkuntza unibertsalak.