Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ezohiko abiadura kontrolak jarri zituzten joan den larunbatean A-8 autobidean. Legez, debekatuta dago errepide azkarretan 60 kilometro orduko abiaduran baino motelago joatea, eta, hain zuzen, hori saihesteko neurriak jarri zituen Ertzaintzak Iurreta eta Durango arteko A-8ko bidean. Autobideak Bizkaian dituen bidesarien prezioa salatzeko 300 auto elkartu ziren larunbatean errepidean. Durangaldeko herritarrak dira Bilbora joateko bidesaria ordaindu behar duten bizkaitar bakarrak, eta “diskriminazio” hori salatzen ari da A-8 peajerik ez! plataforma urte hasieratik, Juan Carlos Poderosoren arabera. “Injustizia bat da durangaldeko herritarrek jasaten duguna”.
Urte berriarekin batera handitu egin zituzten A-8ko bidesarien prezioak. Bizkaiko zatian, %2,5 egin zuten gora, eta egoera hori ikusita elkartzea erabaki zuten durangaldeko hainbat herritarrek. Kexak eta iradokizunak egiten dituzten talde bat dago eskualdean, eta haiengana jo zuten. Egoera salatzeko, sarean sinadura kanpaina bat abiatu zutela azaldu du Poderosok. “Prezioen igoera horren aurkako sinadura bilketa abiatu genuen Interneten, eta urtarrilerako 7.000 atxikimendu bildu genituen “. Gaur-gaurkoz, 13.000 atxikimendu bildu ditu dokumentuak, eta, sarean ez ezik, paperera ere zabalduko dute kanpaina orain.
Sinadura bilketak izan zuen arrera ikusita, 70 herritar elkartu, eta bidesarien aurkako plataforma eratzea erabaki zuten. Eta eskualdeko udaletan horiek kentzeko mozioak aurkeztu dituzte ordutik. EH Bilduk alkatetza duen herrietan aurrera egin du plataformaren mozioak. EAJ agintean dagoen herrietan, berriz, bestelako testu bat onartu dute. Bidesariak kendu baino gehiago, kostua murriztea eskatu dute jeltzaleek. Besteak beste, Durango eta Ermuko udaletan onartu dute eskaera hori.
Hilabeteko soldata, bidean
Baina harago doa plataformaren eskaera. Usansolo eta Ermu artean dagoen bidesaria bertan behera uztea nahi dutela azaldu du Poderosok. “Bizkaian Bilboko sarbide guztiak doakoak dira. Txorierriko igarobidea edo Cadaguakoa erabiltzen dutenek, adibidez, ez dute ordaindu behar”. Horregatik errepikatu du, behin eta berriz, “diskriminatuta” sentitzen direla Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrak.
Bilbon lanean ari den Durangarraren larruazalean jarri da Poderoso egoeraren gordintasuna azaltzeko. “Demagun Bilbon egiten dudala lan. Egunero, 2,18 euro ordaintzen ditut joanean, eta kopuru bera etortzean. Egunean, 4,36 euro ordaindu behar dut. Hilabete bakoitzak 22 lanegun baldin baditu, eta hamaika lan hilabete, urteko soldata bat bidesariak ordaintzera bideratu behar dut”. Alegia, 1.055 euro ordaintzen dituela urtean Durangaldetik Bilbora bidea A-8tik egiten duen herritarrak.
Bizkaiko Aldundiak hileko txartelen antzekoak diren onurak ditu autobideak erabiltzen dituzten herritarrentzat. Adibidez: %25eko deskontua egiten du, hilabetean 25 bidaia egiten baldin badira. Edo %30eko deskontua, 30 eginez gero. Baina tranpatia da diputazioaren neurri hori, plataformako kidearen arabera. “22 lanegun daude hilabetean. Hortaz, 22 aldiz egiten dute joan-etorria herritarrek, eta ez 25etan. Oso neurtuta dauka dena aldundiak”.
Autobidea ordainduta dagoela dio Poderosok. Eta diputazioak bestelako errepideetan dagoen zorra kitatzeko erabiltzen duela A-8arekin irabazitako dirua. “Durangaldeko bideak ematen dituen etekinak Supersur-a, Artxandako tunelak eta Autzaganeko lanak ordaintzeko erabili nahi ditu aldundiak”. Eta adierazi du Bizkaiko herritar guztiek ordaintzen dutela lurraldeko errepide sarea, bidesariak aintzat hartu gabe. Errenta aitorpena eta zirkulazio baimena aipatu ditu, tartean. “Zerga bikoitza ordaintzen dugu, eta ez autobideak eskaintzen digun zerbitzuagatik, baizik eta diputazioak duen zorragatik. Urrezko arrautzak erruten dituen oiloa gara aldundiarentzat”.
Bidesaria ez ordaintzeko, autobidea saihestu eta N-635 errepidea hartzeko aukera dute durangarrek. Baina guztiz baztertuta dagoela dio plataformako kideak, eta “hirugarren munduko” bidea dela. Plataforma sortu eta gutxira, errepide sare horretan inbertsioak egingo dituela iragarri du, berriz, diputazioak. Herritarren mobilizazioen ondorioz hartu du neurri hori aldundiak, Poderosoren arabera. “Protestak hasi eta berehala, Bizkaiko errepide sarearen eta ordainsarien inguruko hausnarketa egiten ari direla adierazi zuen garraio diputatuak”. Neurri horiek ez ditu kasualitatez iragarri, plataformako kidearen arabera.
Errepideetako zorrak
Urtarril bukaeran eman zuen Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapen diputatuak bere asmoen berri. Joan den urteko irailetik ordainpeko errepideen tarifa ereduari buruz azterketa egiten ari direla adierazi zuen osoko bilkuran. Bideak erabiltzen dituzten bizkaitarren kostu ekonomikoa txikitzea helburu duen eredu berria ezarri nahi duela azaldu zuen Pradalesek. Proposamen horren berri izateko aldundiarekin harremanetan jarri da Bizkaiko Hitza, baina ez du erantzunik jaso. Maiatzean emango du proposamenaren berri, eta aldez aurretik ez du gaiari buruzko adierazpenik egingo. Baina aurreikus daiteke hartuko duen neurria: Gipuzkoako Foru Aldundiak egin bezala, A-8a erabiltzen duten herritarrentzat hilabeteko kuota finko bat ezar lezake. Egin dituen adierazpenetan, Pradalesek argi utzi du ordainsariak ez direla, inondik inora, kenduko.
Bizkaian, aldundiaren menpeko Interbiak sozietateak kudeatzen ditu ordainsariak dituzten errepideak: A-8, Supersur gisa ezagutzen den Bilboko hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak. Eta testuinguru horretan jarri behar da Durangoko ordainsariaren prezioa igotzeko aldundiak hartutako erabakia. Bilboko hegoaldeko saihesbidean zorra du aldundiak, eta bide batean dituen irabaziak bestean dituen galeretara bideratu nahi ditu. Erakundeak kaleratutako azterketaren arabera, 1.056 milioi euroren galera izango du azpiegiturak 2035. urtera arte.
Baina ez da errepide hori kontrako balantza duen azpiegitura bakarra. Gerediaga eta Elorrio arteko N-636 bideko lanen kostuari ere aurre egin behar dio aldundiak datozen urteetan. 2042. urtera arte, 1.420 milioi euro gastatuko dira errepide tarte horretan, diputazioak emandako datuen arabera. Hortaz, hegoaldeko saihesbideko galerak eta Gerediaga eta Elorrio arteko bidearen gastuak elkartuta, 2.976 milioi euro pilatuko zaizkio aldundiari datozen hamarkadetako xahupenen zerrendan. Eta are gehiago luzatu daiteke zerrenda. Muxika eta Zornotza Autzaganan lotuko dituen tunela eraikitzeko lanak bukatu ahal izateko 20 milioi euro eman berri ditu.