Ainhoa Larrabe Arnaiz
Geldi. Hala egongo dira datorren asteazkenean hasi eta ekainera bitarteko hainbat egunetan Bizkaibuseko autobusak. Lanuzteak iragarri dituzte UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek. Eta azken urteetako irudi bera errepikatuko da lurraldeko autobus geltokietan: ilarak. Bi urte dira beharginak enplegua defenditzeko borrokan hasi zirela, eta 2013an kalera atera zituzten arrazoi bertsuak bultzatuta geldituko dituzte autobusak datozen asteetan. Bi dira, sindikatuen esanetan, lanuzteak egiteko arrazoiak. Bat: enplegua galtzen ari da Bizkaibusen. Eta bi: hitzarmen gabe daude langileak autobusen zerbitzua kudeatzen duten bost enpresetan.
2013tik dator gatazkaren soka, eta lanpostuak dira protestaren motibo nagusia. Bizkaibus zerbitzuaren lineak egokitzeko prozesua abiatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2013an. Linea berriak jarri eta beste batzuk aldatu edota kentzea erabaki zuen erakundeak egokitzapen horretan. Baina sindikatuek enplegua “suntsitzeko” saioa ikusi zuten erakundearen proposamenean. 300 lanpostu galduko zirela salatu zuten langileek orduan, eta horregatik atera ziren kalera. Lanuzte eta protesten eraginez iritsi zen bi aldeen arteko akordioa: autobus zerbitzu berrituan orduko lanpostu kopuruari eusteko konpromisoa hartu zuen diputazioak.
Baina bakealdiak ez zuen luzaro iraun. 2014an alarmak piztu ziren berriz. Adostutakoa ez betetzea egotzi zioten sindikatuek aldundiari orduan. Zerbitzuaren berregokitzapena hasi baino hilabete lehenago iritsi zen beharginen salaketa: linea murriztean lan gabe geratuko ziren gidariak zerbitzua hobetzeko postuetara eramatea ziurtatu nahi zuten sindikatuek, eta protesta egin zuten horregatik. Greba mugagabearen ondoren, beste akordio batekin bukatu zen orduko gatazka, urriaren 31n. Langileek, diputazioak eta zerbitzua kudeatzen duten enpresek sinatu zuten dokumentua, eta linea berri batzuk abiatu eta beste batzuk indartzea hitzartu zuten hiru aldeek.
Berriz ere kalera
Adostutakoa enplegua mantentzeko berme gisa ikusi zuten langileek. Eta, gainera, lantaldearen subrogazioa euren gain hartu zuten zerbitzua kudeatzen zuten enpresek ere. Autobus zerbitzua hobetzea eta enplegua mantentzea lortzen zen hiru aldeek adostutakoaren arabera. Baina errezeloz izan ziren langileak azken ordura arte, eta argi adierazi zuten 2014. urtearen bukaeran: aldundiak edo zerbitzua kudeatzen duten enpresek adostutakoa bete ezean, kalera aterako zirela berriz.
Eta hala gertatu da. Datorren astean kalera aterako dira berriz Bizkaibuseko langileak. Joan den azaroan jarri zen martxan Bizkaibus zerbitzu berria. Eta, sindikatuaren arabera, enpresek lanpostuak amortizatu dituzte ordutik hona. Hau da, zerbitzu berria ez da 2013an zeuden lanpostu guztiak bermatzen ari, eta, hortaz, aldundiari egotzi diote azken bi urteetan akordio bidez adostutakoa urratzen ari dela. Hala azaldu dio UGT sindikatuko ordezkariak Hitza-ri. “Ez da enpleguaren suntsiketa traumatikorik egon. Hau da, ez da zuzenean inor kaleratu. Baina erretiroa hartu duten langileen lanpostua ez dute bete. Kontrara, desagerrarazi egin dute, eta hori izan zen hasieratik saihestu nahi izan genuena”. Azaldu du 2013an diputazioarekin sinatutako akordioan jasotzen zela hori, eta berretsi egin zela 2014an ere. “Langile kopurua eta lanpostuak mantenduko zirela adostu zen. Eta jada lanpostu asko amortizatu dituzte. Eta okerrena da sindikatuekin inolako harremanik egin gabe hartu dituztela erabaki horiek”.
Hitzarmenik gabe
2014an linea berriak jarri eta beste batzuk indartzea adostu zuten sindikatuek aldundiarekin. Eta hori betetzen ari dela azaldu du UGT sindikatuak. “2014ko protestetan salatu genuen, zerbitzu hobea eskaintzeko lurraldeko hainbat tokitan indartu egin behar zela autobus zerbitzua. Eta aldundiak bete egin du hori”. Aitortu du zerbitzu berria martxan jarri ondoren langileak birkokatu egin behar direla eta berrantolaketa hori egin gabe dagoela hainbat eremutan. Linea batzuetan langile gehiegi eta beste batzuetan gutxiegi dagoela, alegia. “Baina hori guztia mahai baten inguruan hitz egin behar da. Enpresak ezin ditu erabaki horiek guztiak gizartearen ordezkaritzarik gabe hartu. Ezin dute beren kabuz enplegua amortizatu”.
Enplegu galera horretatik harago doa sindikatuaren salaketa. Bizkaibus berritua kudeatzen duten bost enpresetan lan itunik gabe daude langileak oraindik. Urtebete baino gehiago da aldundiak zerbitzuaren kudeaketaren adjudikazioa egin zuenetik. Eta ordutik hona ez dute itunik adostu, beharginen arabera. Enpresak hutsune horretaz baliatzen ari direla uste dute sindikatuek. Eta langileen lan baldintzak are gehiago prekarizatu eta eskubideak murrizten ari direla salatu dute azken hilabeteetan.
UGTko ordezkariak azaldu du bost enpresekin negoziazioetan ari direla sindikatuak, baina prozesua motelegia dela, eta horregatik kalean egingo dutela presioa datozen hilabeteetan. Beharginek protestak iragarri zituztenetik, hitzarmenaren negoziazioak bizkortzeko saioak egin dituzte enpresek, baina argi dio UGTko kideak: “Ez da nahikoa”. Ikusteko dago, langileen protestek aurrera egin ahala, enpresek eta diputazioak zein jarrera hartzen duten.
Gaur-gaurkoz, ez du arazoa bere gain hartu aldundiak. Vicente Reyes Garraio diputatua ez dator bat sindikatuen salaketekin. Diputazioak orain arte sindikatuekin adostutakoa bete duela azaldu du Bizkaibuseko auziari buruz egindako adierazpen bakanetan, eta gatazka zerbitzuak kudeatzen dituzten bost enpresen eta langileen artean konpondu behar dutela adierazi du. Baina sindikatuek badakite enpresen eta langileen arteko egoeraren inguruan esku har dezakeela erakundeak.
Bien bitartean, 85.000 herritar inguruk erabiltzen dute Bizkaibus zerbitzua egunero. Eta autobusen orduetako geldialdiak zuzenean eragiten dio herritarren egunerokoari. Edonola ere, herritarren babesa jaso dute azken urteetan autobusetako langileek, UGTko kidearen esanetan. “2013 eta 2014ko protestetan uste baino atxikimendu gehiago jaso genuen; herritarrek ulertu zuten enpleguagatik eta zerbitzuaren kalitateagatik ari ginela borrokan. Gatazka luzea da, eta akaso nekatuta egon ahal dira langileak. Baina oraingo protesta aldian ere ulerbera izatea espero dugu”.