Natalia Salazar Orbe
Edonora iristeko aukera ematen du. Atari batetik bestera iristeko ibilgailurik azkarrena da. Ekonomikoa da. Bizikleta da. Hala deskribatu du Biziz Bizi elkarteko kide Javi Umaranek. “Ez du alde txarrik. Etxetik bizikletan atera zaitezke, joan behar duzun lekura iritsi, atarian bertan gorde, edo lantokira igo, eta askoz azkarrago iritsiko zara. Ez du erregairik behar, eta ez duzu txartelik erosi behar. Ariketa fisikoa egiteko aukera ematen du. Eta ez du kutsadurarik sortzen”. Onurak besterik ez duen ibilgailuari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko deia egin du. Hala, elkarteak bat egin du 30 egunez bizikletan egitasmoarekin. Milaka lagunek hartu dute konpromisoa mundu osoan, apirilean egunero bizikleta erabiltzeko eta erabilera horren berri sare sozialetan emateko. “Norberak bakarrik pedalei ez eragitea da helburua. Hala, lanera bizikletan bakarrik doanak badaki jende asko gauza bera egiten ari dela. Herritarrak bizikleta egunero hartzera bultzatzeko modu bat ere bada: lanera edo ikasketa zentrora joateko, zein kirola egiteko”.
Helburua kalean gero eta bizikleta gehiago ikustea da. Horretarako, segurtasuna bermatu, eta baliabideak eman behar dira, ordea. Hori lortzeko zenbait neurri proposatu dizkio elkarteak, behin eta berriz, Bilboko Udalari. “Bizikletan modu seguruan ibiltzeko kaleak sustatu behar dira hiri barruan; kaleak ibilgailu motordunekin batera erabiltzeko aukerak eskaini”. Olabeaga eta Otxarkoaga inguruetan badago aukera hori. Noranzko bakarreko kale batzuetan, galtzada gainean margotutako seinaleak dituzte bizikletak autoen bide beretik joan daitezkeela adierazteko.
Hirigunean seguruagoa da bizikletak errepide erditik joatea, autoak aurreratzen saia ez daitezen. “Ez da beharrezkoa Bilbo bidegorriz betetzea. Ezinezkoa izateaz gain, ezingo dira leku guztietara iritsi”. Bizikletan espaloietatik joaten direnak galtzadara ateratzea da helburua, bidean margotutako seinale horiek ikusita, bizikleta erabiltzaileek benetan sinets dezaten eskubide hori badutela.
Gaur egun, arauek baimendu arren, eta seguruagoa izan arren, gutxi dira hiriko errepideen erditik zirkulatzen duten bizikletak. “Erabiltzaileei seguruagoa iruditzen zaie espaloitik ibiltzea. Baina ez da hala”. Horri buelta emateko bideak badaude: “Seinale horizontal eta bertikalak baliatu behar dira kaleetan bizikletek lehentasuna dutela adierazteko”.
Ibilgailu motordunen gidariak ere kontzientziatu egin behar dira. “Hiritik kanpoko errepideetan bezala, hiri barruko bideetan ere metro eta erdiko distantzia utzi behar dute txirrindulariekiko, aurreratu nahi izanez gero”. Bestalde, bizikleta erabiltzaileek euren eskubide eta betebeharrak ezagutu behar dituzte. “Bizikletaren hiri barruko erabilerari buruzko ikastaroak egitea oso baliagarria da horretarako”.
Bizikletentzako aparkalekuak erabilera sustatzeko beste bide bat dira. Tren geltokietan, liburutegietan, ikasketa eta kirol zentroetan eta antzekoetan jarri beharko lituzketela uste du Umaranek. “Bidebarrieta liburutegian, esaterako, sarri ikus daitezke kanpoko hesira lotutako bizikletak. Kale Nagusian ere farolei lotuta ageri dira askotan. Bilbo zeharkatuta, farola bati lotuta dagoen bizikleta bat aurkitzen duten leku guztietan aparkalekuak jarri beharko lituzkete”.
Udalak bizikleten maileguaren alde egindako apustua begi onez ikusi dute. Asko erabiltzen dela sinetsita daude. Hala ere, neurri gehiago eskatzen dituzte. “Hor bukatzen da haien bidea. Bestelakoan ez dute bizikleta sustatzen”. Gainerakoekin gertatzen den bezala, bizikletak maileguan hartzen dituztenek ere espaloia erabiltzen dute zirkulatzeko. “Tristea da, baina, eremu segururik ez dagoenez, erabiltzaileek espaloira jotzen dute”.
Erakunde horrek bizikletaren erabilerarekin duen arduragabekeria ere salatu dute. Martxoan, Deustuko jaietan, urtero legez, Botikazarreko bidegorria itxita egon da, atrakzioek okupatuta. Ohar bidez eskatu dute bidegorria okupatzen den azken aldia izan dadila. Jazotakoari buruzko azalpenak eskatu dituzte, eta nabarmendu dute egun hirian erabiltzaile gehien duen bidegorria dela okupatu zutena: “Arduragabekeriaren ondorioa bada, tamalgarria da. Baina are tamalgarriagoa izango litzateke neurria gogoeta baten ondorio izan bada, eta erabaki horren alde egin bada aukera guztien artean txarrena ez zelakoan”.
30 egunez bizikletan egitasmoa bihar bukatuko da. Biziz Biziko kideak pozik daude herritarrek eman duten erantzunarekin. Datu zehatzik ez dute, “baina gora egin du kalean ikusten diren bizikleten kopuruak”. Hori eguraldiaren ondorio ere izan daitekeela zehaztu du Umaranek. Hala ere, hil osoan antolatu dituzten jardueretan ere jende askok hartu du parte: “Besteak beste, Patagoniari buruzko hitzaldian 70 lagun baino gehiago elkartu ziren”.
Biziz Bizik emandako datuen arabera, milatik gora lagunek erabiltzen dute egunero bizikleta Bilbon: 1.400 inguruk. Datuok alderatzeko, Gasteizen 30.000 dira, eta, Donostian, 17.000. “Bi hiriok prestatuago daude, bizikletentzako bide gehiago dituzte; baita populazio txikiagoa ere”. Hiriok lauagoak ere badira, aldapa gutxiago dute. Hori ez da aitzakia, ordea. “Asteburuetan, 5.000 bizikleta ateratzen dira errepideetara. Bilbon horren islarik ez ikustea tamalgarria da”. Hala, aisialdirako dibertimendu hutsetik harago, eguneroko erreminta bihurtu beharko luke bizikletak. Bidea egiten ari dira, baina kilometro ugari dituzte oraindik helburu horretara iritsi orduko.