“Orain arteko eredua agortuta zegoen”

“Orain arteko eredua agortuta zegoen”

A. Larrabe Arnaiz

“Eskualdeetan ez ziren bertsolari berriak ateratzen”. Kezka hori aipatu du Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak (Ermua, 1973). Eta kezka horri buelta emateko erabaki dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen sailkapen faseko sistema aldatzea. Aurreko edizioetan eskualdeko lehiaketa egiten zen udaberrian. Eta bertako puntuazioaren arabera sailkatzen ziren bertsolariak lurraldeko txapelketara. Oraingoan, ordea, txapelketan arituko dira parte hartzaile guztiak hasieratik, egokitzen zaien plazan. Aldaketa egin ondoren, pozik azaldu da Ibaibarriaga parte hartzeak utziko duen emaitzarekin; hemeretzi bertsolari berri arituko baitira igandean hasiko den txapelketan.

Hausnarketa batetik abiatuta aldatu duzue aurtengo txapelketaren formatua. Zertan datza?

Txapelketa bakoitzaren ostean hausnarketa egiten du elkarteak. Txapelketak zer eman duen, eskualdeko kanporaketak nola joan diren, zenbat partaide izan diren aztertzen dugu. Baita bertsolariak oholtzan nola sentitu diren ere. Hortik abiatuta hasi genuen gogoeta. Bertsolarien motibaziotik, alegia. Orain arte eskualdeko txapelketak egiten ziren udaberrian, eta horietan sailkatutakoak aritzen ziren txapelketaren kanporaketetan gero. Formatu horretan betiko bertsolariak beren artean lehiatzen ziren eskualdekako saioetan. Eta eskualde askotan bertsolari berririk ere ez zetorren. Agortutzat eman dugu eredu hori horregatik. Bertsolariek beren eskualdetik kanpo abesteko aukera izango dute aurten.

Hemeretzi bertsolari arituko dira lehen aldiz. Gaztetuta dator Bizkaiko bertso txapelketa?

Belaunaldi berri bat sartzen da aurtengo txapelketan. BBK ala eskualdeko lehiaketetan aritu dira horietako asko, baina txapelketan, lehen aldiz arituko dira. Gai-jartzaile eta epaile lanetan ere aurpegi berri asko izango dira.

Gero eta emakume gehiago ari da plazetan?

Oso era naturalean ari da ematen prozesu hori. Eta ez soilik bertsolari gisa. Antolakuntzan, komunikazio taldean eta epaile lanetan ere sumatzen da hori. Bertsolaritzak aje batzuk izan ditu urteetan zehar, baina pixkanaka aldatzen ari da hori, eta gero eta emakume gehiago dago plazetan, bai Euskal Herrian eta baita Bizkaian ere. Horrek beste kolore bat ematen diolako bertsogintzari.

Bertsolariei plazak eskaini behar zaizkiela errepikatu duzue behin eta berriz.

Beti pentsatu izan dugu txapelketa dela bertsolari askorentzat lehen plaza. Horrek frustrazio handiak sor ditzake, eta horregatik uste dugu bestelako saioak antolatu behar direla. Bertsolariei aske utzi behar zaie erabakitzen non kantatu nahi duten eta non sentitzen diren eroso. Ideia horretatik ere badator aipatutako gogoeta. Gazteei kantatzeko aukera gehiago eman behar zaie.

Ildo horretatik lotu nahi dituzue bertsogintza eta aisialdia?

Bertsoa gozamenarekin eta aisiarekin lotzea da elkarteak duen asmoa. Oholtzako saioez gain bertso udalekuak ere antolatzen ditugu, ondo pasatu, Euskal Herria ezagutu eta Bizkaian ere elkar ezagutzeko aukerak emateko. Ez dugu bertsolaritza plazara mugatu nahi. Hezkuntza arautuan, adibidez, bertsolaritza zabaltzen ari gara, bertso eskolen bidez. Baina behin ikastetxetik aterata, zer? Hor hutsune handia genuela konturatu ginen, eta askotan eskualdearen esku uzten dugu dena. Aldaketak norabide horretan eman ditugu. Elkarteak eragile izan behar du eskualdeetan.

Irakaskuntzarekin ez da nahikoa, hortaz.

Ondo ari gara irakaskuntzan, eta sekulako lana egiten dute bertsolariek bertan. Baina beste bultzada bat beharrezkoa da; funtsezkoa da ditugun baliabideak hobeto kudeatzea eta eskualdeko eragileekin elkarlanean aritzea. Bertso eskolarik ez dagoen eskualdeetan egin dezagun ahal dena hori zabaltzeko eta bertako herritarrak laguntzeko. Eragile izan behar dugu. Horregatik diot, berriz, ikuspegia aldatu dugula. Herritarrak elkartera hurbiltzeko saioa ere egiten da era horretan, herritarrak aktibo bihurtuz. Argi izan behar dugu bertsozale elkarteak herritarrei esker egiten duela aurrera.

Zenbat herritar biltzen ditu txapelketaren antolaketak?

Asko zaindu behar den jende bat dago elkartearen atzean. Bertsolaritza denon emaitza dela esango nuke, eta ez elkartean lanean ari garenena bakarrik. Eskualdeetan borondate lanean ari den jende horri guztiari esker gara gaur egun garena. Bestela, ez ginateke bideragarriak izango, eta txapelketak ere ez luke gaur egun duen oihartzuna izango. Nik oso argi dut herri mugimendua dela gurea, herritik sortutakoa eta herriak berak eusten duena. Eta hori zaintzea oso garrantzitsua da.