Pello A. Zuazo
Azken boladan Euskal Herrian festibal asko egiten dira, baina festibal bakoitzak bere ildo editoriala dauka”. Amets Rodriguezek ondo daki zertaz ari den. Mundaka Festival jaialdiko zuzendaria eta Euskal Musika Industriaren Elkarteko ordezkaria da. Berak dioenez, festibal bakoitzak bere perfila dauka, eta, gaur egun, jada ez dira soilik kontzertuetara mugatzen. “Zerbait soziala bihurtu dira, lagunartean eta giro onean musika kontsumitzeko aitzakia polit eta erraza”. Horrela bada, Mundakakoaren oinarriak hiru dira: kalitatezko musika, gastronomia eta natura. Musika estilo aldetik, ekleptikoa da euren eskaintza, baina, oro har, rockaren aldeko apustua egiten dute. Iaz, Echo and The Bunymen, The Sonics edota Loquillok jo zuten bertan. Eta aurten, The Waterboys jarri dute kartelburu. Mundakakoa da Bizkaiko jaialdi berriena, eta aurtengoa bigarren urtea du. Iragarpenak, halere, paregabeak dira.
Espainiako Musika Promotoreen Elkarteak egindako txostenaren arabera, 2015ean 402.312 ikusle joan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egiten den musika festibalen batera. Bizkaiko Bilbao BBK Live eta Bime Live, eta Arabako Azkena Rock Festival jaialdien artean 168.481 ikusle bildu zituzten. Hiru horietatik handienak, Bilbao BBK Livek, 120.000 ikusle erakarri zituen, eta azken bi edizioetan sarrera guztiak agortu eta Bilboko hotelen %94a bete du. Datuen arabera, guztira 20 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta are gehiago musikaz ari bagara. Musika eta turismoa, zehatzago esateko.
Mundakakoa bide beretik doa. “Erakunde publikoek proiektu interesgarria dela ikusi dute, gehienbat turismo aldetik”, argitu du Rodriguezek. Bizkaiko Aldundiak diruz laguntzen du, eta, horrez gain, babesle pribatuak ditu: Amstel, Kutxabank edota Fagor, beste batzuen artean. Mundakakoa festibal txikia da, ordea: 3.500 pertsonako edukiera dauka, eta beraz, zaila da saldutako sarreren bitartez kontzertuak ordaintzeko dirua berreskuratzea. “Gure apustua desberdina da, oreka mantentzen saiatzen gara diru sarrerei eta gastuei dagokienez. Eta horrek, festibalaren eta kontzertuen nolakotasuna baldintzatzen du”.
Orain arte, festibal guztirako bonua 55 euroan saldu da —orain 60 euroan dago— eta, artista gehiago konfirmatzen dituztenean, garestitu egingo dute. Kartela osorik dagoenean, eguneko sarrerak aterako dituzte. Rodriguezek datua bota du: “Iazko abuztuan, festibala bukatu eta gutxira, 200 bonu salgai jarri genituen, oraindik inolako artisten izenik esan gabe. Berehala saldu ziren. Mundakako festibala berriz egingo zela zen erosle askoren arrazoia. Lehenengo edizioan publikoaren konfiantza hori lortzea sekulakoa da”. Artistei dagokienez ere, berdin: “Ekarri nahi genituen taldeekin amesten genuen hasieran. Orain, artistak eurak etorri nahi dute. Txundituta gelditzen dira lekuarekin, itsasoarekin eta giroarekin”.
Legendak, nobedade
Music Legends Festival jaialdia antolatuko dute aurten lehenengoz BBK Fundazioak eta Dekker Events promotorak. Sondikako Ola BBK zentroan egingo da ekainaren 10 eta 11an. Kartela bete dute aste honetan eta izen handien artean ondorengoak daude: Jethro Tull, Los Lobos, Graham Nash, Nina Hagen, Bob Geldof, Elliot Murphy eta David Lindley. Jaialdiaren izenak dioen moduan, rock, folk, edota blues musikaren legendak dira denak. “Ohiko jaialdietan biltzen dena baino publiko helduagoari dago zuzenduta jaialdi hau, batik bat”, aipatu du Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendari nagusiak.
Bilboko BBK aretoak 2011. urtetik martxan duen Music Legends zikloa izan da festibalaren hazia. Martinezek adierazi duenez, zikloak itzelezko arrakasta dauka, sarrerak agortzear egon dira beti, eta, hori ikusirik, festibal bat egitea otu zitzaien. Booker T. Jones, Jack Browne, John Mayall, Johnny Winter, Eric Burdon, Dr. John eta antzeko dinosauroek kontzertuak eskaini dituzte ziklo horren baitan. Eta orain, beste hainbeste bildu dituzte festibal bakarrean. Horiez gain, Euskal Herriko legenda bat ere deitu dute: Niko Etxart euskal rock & rollaren aitzindaria Hapa-Hapa taldearekin arituko da.
Kokalekua da festibalaren beste berezitasun nagusia. Sondikako Ola BBK zentroaren berdeguneetan egingo da, eta 4.000 pertsonarentzako lekua atonduko dute. Ola BBK zentroa 70. hamarkadan eraiki zuten, ezintasunak dituzten pertsonei eta euren senitartekoei arreta eskaintzeko helburuarekin. “Jaialdi honek, BBK Fundazioak gizarteratzearen eta kohesio sozialaren alde egiten duen lana ezagutzera emango du. Jaialdiaren antolakuntzan Gorabide eta Lantegi Batuak adimen urritasuna duten pertsonen elkarteetako kideek parte hartuko dute. Kultura eta integrazioa batu ditugu; gure gizarte ekintzaren zutabe biak”.
Horrenbestez, Martinezek azaldu duenez, musikariei festibalaren nolakotasuna azaldu dietenean, asko interesatu dira eta erraztasunak eman dituzte. “Artistek eta ikusleek Sondikako zentroan egiten dena ezagutuko dute asteburu batez”. Martinezen esanetan, Music Legends Festival ez da Euskal Herriko musika festibalen zirkuituan sartuko, printzipioz; zerbait “puntuala” baino ez da.
Bertako eszena
Aitzitik, badira ahots kritikoak halako festibalen karira. Esaterako, Euskal Herriko bertako musika taldeak. Izan ere, nazioarteko hainbeste artista ospetsuren artean, euren lekua egin ezinik dabiltza jaialdi erraldoien merkatu horretan. Rodriguezek eman du azalpena: “Kontua da, traktorea izateko izen handiak behar direla, bai bertako jendea zein atzerrikoa erakartzeko. Izen handi batek saltzen duena ikaragarria da. Horregatik, zaila da karteletan bertako eta kanpoko taldeen arteko oreka mantentzea”.
Mundakako festibalaren kasuan, ordea, Euskal Herrikoak dira taldeen %80. Rodriguezen esanetan, euskal kultura islatzen duen jaialdia da, bai musika aldetik, bai gastronomia eta ingurumen aldetik. “Gure musikariak ordutegi duin batean egotea nahi dugu, soinu baldintza duin batzuekin, eta kartelean beste izen handien modu berean. Gure taldeek ere kalitate handia dute; festibala sortu zenetik hori defendatu dugu eta defendatuko dugu”.
Ostera, azpimarratu duenez, ulergarria da Bilbao BBK Live moduko festibal bati ehuneko horiek betetzea ezinezko izatea. “Aurten hamar urte beteko ditu, nazioartean erreferente bilakatu da, egonkortu egin da eta indar handia dauka. Hori dela eta, nazioarteko publiko ugari dauka. Eta bere izaera nazioarteko tendentzia nagusietara egokitu du, pop eta indie estiloetara nagusiki”.