Bilbon Pagasarribide Bigarren Hezkuntzako institutua eraikiko duela iragarri du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Bi lerro izango ditu; horietan, 200 ikasle hartu ahalko ditu .
Duela hainbat urte agindutakoa betetzeko prozesua abiatu du, hala, Jaurlaritzak. Ibaiondo barrutian denbora luzea egin dute guraso elkarteek eta hezkuntza komunitateek, besteak beste, obra hau eskatzen. Gobernu Kontseiluak joan den astean onartu zuen proiektua, eta bost milioi euro pasatxoko aurrekontua aurreikusi du.
Lau solairuko eraikina izango da: beheko solairua, erdisotoa eta beste bi solairu izango ditu. Guztira, 3.326 metro koadroko eremua hartuko dute.
Instalazioei dagokienez, zortzi ikasgela arrunt izango ditu. Beste bi taldeak nahasteko bikoizte gelak izango dira. Lau laguntza gela ere izango ditu. Tailer, plastika, informatika eta musika gela bana aurreikusi ditu proiektuak. Zientzia laborategia eta liburutegia ere ez dira faltako eraikin berrian.
Gimnasioak eta aldagelek 363 metro koadroko eremua hartuko dute. Euria ari duen egunetarako, 176 metro koadro estaliko dituen aterpe bat izango dute ikasleek eta irakasleek. Bestalde, kanpoko kirol pista bat ere izango da, 884 metro koadrokoa. Azken bi azpiegitura horiek mendebaldera eta hegoaldera zabalik egongo dira, hurrenez hurren. Horiexek izango dira ikasleen jolastoki nagusiak. Kanpoaldean egongo diren eremuok gimnasioa kokatuko den eraikin zatiak babestuko ditu iparraldetik. Erdisotoko solairutik atera ahalko da bertara.
Instalazio horiez guztiez gain, 517 metro koadroko gune berdeak iragarri ditu Hezkuntza Sailak. Iristeko erraztasuna bermatze aldera, gainera, igogailua izango du. Jangela bat eta office bat hartuko ditu barnean.
Institutuaren sarrera nagusia beheko solairuan egongo da. L formadun eraikina izango da Pagasarribideko institutua. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen dituen izen bereko ikastetxearen parez pare eraikiko dute, Larraskitu kalean. Hala, institutu berria beste eraikin horrekin lotuta egongo da airean eraikitako oinezkoentzako pasabide baten bidez. Pasagune hori dagoeneko eraikita dago.
Lanak uda amaierarako adjudikatzea aurreikusi du Hezkuntza Sailak, eta urrian edo azaroan hasiko dituzte. Obrak adjudikatu ondoren, 18 hilabeteko exekuzio epea izango dute.