Pello A. Zuazo
“Austinen [Texas, AEB] egiten den festibal batean dago oinarrituta Gernikako Lekuek“. Rober Intxausti antolatzailearen esanetan, Gernikan musika zaletasun handia egon da beti. Hain da horrela, herrikide bati Austinen egiten den musika festibal bat “gernikar erara” egitea bururatu zitzaiola. Ideia horren emaitza da aurten hirugarrenez antolatu duten Lekuek. Pasa den igandean hasi zuten festibala, eta ordutik gelditu gabe dabiltza. Dena den, igande honetara arte, badago non ibili, zer entzun eta zer ikusi.
Izen bitxia du festibalak, eta bitxia da haren izaera ere. Kontzertu eta ekitaldiak gune bakar batean egin beharrean, herriko hainbat areto eta tabernatan egiten dituzte. Modu horretan, Gernikako leku, zoko eta bazter guztietara zabaltzen dute zalaparta. “Herrian areto eta taberna ugari ditugu. Eta, hori baliatuz, ideia ona iruditu zitzaigun musika festibal bat egitea, neguan herria apur bat pizteko”. Bost dira areto horiek: Astra, Iparragirre, Trinkete antitxokoa, Lizeo antzokia eta egun batzuez kontzertu areto bihurtzen duten Jai Alai frontoia. Eta zazpi dira tabernak: Arima, Zeppelin, Zaplast, Hartza, Revolution, Lagunetxea eta Musutruk.
Musika eskaintzari dagokionez, areto eta taberna bakoitzak gustuko dituen taldeak ekartzen ditu. Eta beraz, ikusle eta entzule bakoitzak ere gustukoen duen “saltsa” aukeratzen du. “Aretoek urte guztian programatzen dituzten emanaldiak aste batean pilatzen dituzte, eta tabernek euren kabuz parte hartzen dute”. Festibal txikia da eta norbere tamaina eta filosofiaren arabera jarduten du bakoitzak. Intxaustik dioenez, asmoa ez da dena “jendez lepo” egotea. “Aste on bat pasatzea da nahi duguna. Ez ditugu taldeak ekartzen aretoak betetzeko, gogoko dugun musika entzuteko baino”. Halere, festibalak irauten duen astean 1.000 pertsonatik gora hurbiltzen dira Gernikara. Gaur eta bihar espero dute jende kopuru gehien: bi egunetarako 32 emanaldi programatu dituzte. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Kontzertuei dagokienez, izen handiagoko taldeak, izen txikiagoko taldeekin tartekatu dituzte; bertakoak zein kanpokoak. Intxaustiren esanetan, Madrilgo Sex Museum eta Hamlet, eta Bartzelonako The Capaces dira aurtengo izen potoloenetariko batzuk. Anari, Izaki Gardenak, Audience, Han, The Allnighters, Aguxtin Alkhat eta Audience ere aipatu ditu festibaleko izen interesgarrien artean. Azken horiek Jaia Alai Blues dokumentalaren soinu banda egin dute berriki, eta soinu bandako abestiak joko dituzte zuzenean “primizian”. Dokumentalak Ameriketako Estatu Batuetan zesta puntak izan zuen goraldia eta gainbehera kontatzen du. Xistera jokalari askoren harrobia izandakoa da Gernika, eta hangoek ondo ezagutzen dute gaia. Horrela, bada, “itxura ezin hobea” hartzen dio Intxaustik emanaldiari.
Aurten 25 euroko bonoa jarri dute salgai. Bonoak emanaldi gehienetarako balio du, baina ez du sarrera ziurtatzen. Aretoetako edukiera bete arte utziko dute jendea sartzen. “Bonodunei kontzertua baino ordu bete arinago leihatilara sarrera hartzera joatea gomendatzen diegu”. Kontutan hartu beharreko gomendioa, jakinik, gainera, asteburu honetako kontzertuetan espero dutela musikazale gehien.
Etorkizuneko planei buruz galdetuta, Intxaustik argi dauka zein den festibalaren norabidea: “Helburua egonkortzea da. Zaletasuna dagoen bitartean eta jendeak erantzuten duen bitartean hor egongo gara. Antolakuntzan jende berria ikustea ere pozgarria da. Badago mugimendua eta aurrera goaz”.