Natalia Salazar Orbe
Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza ikusgarri egitea. Berau bultzatu eta sustatzea. Helburu horiexek ditu Leioan bost urte bete berri dituen Kultur Maratilak. Hala jaso du Ixiar Rozas idazleak jaialdirako idatzi duen olerkian ere: “Pieza bat egiten ari zarela / pieza bat egiten ari zarela esatea / edo esan gabe / pieza bat egiten ari zarela / ikusgarri egitea”. Artedrama Antzerki Laborategiak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatzen duten jaialdia saio freskagarriz betetako egitaraua abiatu berri du. Atzo egin zuten estreinaldia, eta domekara bitartean euskaraz sortu, garatu eta taularatutako lanak eskainiko dituzte.
Diziplina anitzeko sorkuntza obrak ikusteko aukera emango du Kultur Maratilak. Atzoko estreinaldiaren ostean, beste bost ikuskizun daude oholtza gainera igotzeko gogotsu. Khea Ziater konpainiak Malmö aurkeztuko du gaur. Arlo estetikoan zein narratiboan antzerkia eta zinea lotzen dituen kodeen bilaketan oinarritzen den proiektu independentea aurkeztuko du taldeak. Sentimenduetan barrena bidaia bat egiten duen istorio bat kontatuko diote ikusleari. Bi pertsonaren arteko harremana kolpetik aldatuta sortzen den egoerak eragiten dituen sentimenduak eta jazoerak azalduko dira Khea Ziaterren ikuskizunean.
Antzerki saioaren ostean, olerkigintza eta musika nahastu eta tartekatuko dituen saioa eskainiko dute hiru artistak: Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxeak Gau beranduan taularatuko dute. Idazle bat, abeslari bat eta musikari bat elkartuko ditu oholtza gainean ikuskizunak. Gaueko hiru hontzek istorioak, pertsonaiak, mamuak edo ametsak uxatu eta erakarriko dituzte.
Bihar musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztuko dute Idurre Azkuek eta Joseba Irazokik: Dantza gurea. Soinuaren bibrazioek gorputzari nola eragiten dioten aztertzen saiatuko dira dantzaria eta musikaria. Aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar, eta harengan zer arrasto uzten dituen azalduko dute. Musikariak eskainitako kontzertu dantzatua eta dantzariak dantzatutako musika kontzertua da ikusleak aurkituko duena.
Musika dantzatua eta dantza musikatua biltzen dituen ikuskizun horren ostean, Joseba B. Lenoir Gang iritsiko da: hainbat musika talderen ekarpenak biltzen dituen saioa. Willis Drummond taldeko Felix eta Xan kideak eta Napoka Iriako Miren eta Ander elkartuko dira Joseba B. Lenoir Gangekin batera.
Domekarako utzi dute publiko askotarikoena erakar dezakeen ikuskizuna: Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre elkarrekin ariko dira oholtza gainean Heroiak antzezlanean. Soldadu ohien egoitza batean bizi diren gerrako hiru beteranoren bizipenak azaltzen dira lan horretan. Egoitza horretatik ihes egin behar dutela erabaki dute. Baina ez dute lan erraza izango: bata herrena da, beste batek agorafobia du, eta, hirugarrena, maiz zorabiatzen da buruan daukan metraila puska baten ondorioz.
Musika, interpretazioa, olerkigintza, dantza eta antzerkiaz gain, erakusketa bat ere jaso du Kultur Maratilak. Jose Pablo Arriagaren Etxetik gertu lana ikusgai dago Kultur Leioan. Eskultura eta pintura lanak baliatuta osatu du erakusketa. Domekara bitartean bisita daiteke. Humanitateagan konfiantza izateak gero eta zailago dirudien garaietan munduari baikortasunez egiten dion begirada jaso du artista markinarrak.
Ikuskizun bakanetarako sarrerak zein bonoak eskuratzeko aukera ahalbidetu dute jaialdiaren sustatzaileek. Sei eta hamar euro artean daude salgai saioetako sarrerak. 30 euroko bonua eskuratuta, ikuskizun guztiez gozatu ahalko dute ikusleek.
Diziplina askotarikoak lantzeko eginahal horretan aurten ere asmatu dute Kultur Maratilaren antolatzaileek. Denetarik, denetariko gustuentzat, programatu dute. Dena ala dena, euskaraz sortua eta taularatua. Euskarak kaleen antzera agertokiak ere busti ditzan, eta euskarazko lan horiez gozatzeko ikuslerik falta ez dadin. Oihala altxatu dute, eta hasi da ikuskizuna.