Olaia Zabalondo
Esperientzia alde batean, eta ikasteko grina bestean. Jesus Gangoitiren eskuetan erraza dirudiena, praktikan, ez da horren erraza. Hala ere, pazientzia apur batekin eta behin eta berriro errepikatuta, lortzen da. Hain zuzen ere, arrantzu tresneria egiten ikasten dabiltza 16 eta 47 urte bitarteko zazpi lagun: lau emakumezko eta hiru gizonezko.
Lanbide gisara arrantza galzorian dagoela eta, Arrain Azoka elkartea lanbide hori eta kultura arrantzalea zabaltzeko ahaleginean ari da; berpiztu nahian. Bide horretan, gazteek arrantzaleen lana ezagutzeko, gaur egun galtzen ari diren arrantzu tresneriak egiten ikasteko ikastaroa antolatu du. Lau eguneko ikastaroa izango da, eta joan den zapatuan batu ziren lehenengoz, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Ondoren, ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera edukiko dute Arrain Azokan.
Horretarako, baina, lan handia dute aurretik. Denborarik galdu barik hasi ziren lanean lehen egunean, aurreko zapatuan. Dagoeneko ikasi dute sokaren punta nola lotu behar den, aska ez dadin. Horretarako sistema bat baino gehiago dagoela azaldu die Gangoitik ikasleei; hala ere, gehien erabiltzen dena irakatsi die. Azalpenak eman, zelan egin ikusi, eta martxan hasi dira neska-mutilak. Gangoitik “erraz- erraza” dela esaten badu ere, uste baino zailtasun handiagoa dauka sokaren punta lotzeak. Lasai egoteko eskatzen die erretiratuta dagoen arrantzaleak ikasleei; “praktika” dela gakoa. Edozein modutan, onena, itsasoan bertan aritzea dela. Hori horrela, ikastaroa amaituta, ikasitakoa praktikan jartzeko irteera egingo dute guztiek.
Berdelaren kanpaina
Atsomurtxilak eta gizonmurtxilak egiten ikasiko dute hurrengo eskolan: portutik itsasontzira jaurtitzeko sokek behar dituzten korapiloak egiten. Eta aparailuak egiten ikastea baino harago joango da tailerra: itsasoan eta inguruetan arrantzaleek erabiltzen duten hiztegia ere ikasiko dute parte hartzaileek, berba asko eta asko galtzen ari baitira.
Sokak alde batera utzita, eta arrantzaleek berdelaren kanpaina hastekoa dutenez, berdel apaidxoa egiten irakatsi die Gangoitik. Irakaslea aparailua egiten ari den bitartean, harridura aurpegiak dira nagusi ikasleen artean. Beste behin, trankil hartzeko esan die arrantzaleak; “egin eta egin” baino ez dela. “Normala da lehenengoan ez ateratzea”.
Parte hartzaileek egiten dituzten aparailuak banan-banan gainbegiratzen ditu Gangoitik, eta beharrezko azalpenak ematen saiatzen da. Lehen eguneko saioa amaitu denerako, aparailu horietako bat baino gehiago egina zuten ikasleek. Ez dira lasai geratu, halere. Hurrengo ikastarorako “ahaztuta” edukiko duten ardura plazaratu dute. Izan ere, hilabeteren ondoren izango dute bigarren saioa.
Beti itsasoari lotuta
Esperientziaduna da Gangoiti. 81 urte daramatza arrantza tresneriak egiten. Aita arrantzalea zuen, bai eta aitita ere; beraz, haiengandik ikasi du lanbidea. “Gure sasoikoek, hobeto edo okerrago, baina arrantza tresneriak egiten jakin beharra zeukaten, lehen dena eskuz egin behar baikenuen. Egun, aldiz, gauza asko prestatuta daude. Hori dela eta, lanbide hau eta arrantza kultura hau galtzeko arriskua dago”, ohartarazi du Gangoitik.
Neguan egiten zituzten arrantzaleek aparailuak, itsasora joan beharra ez zeukatenean. Dena aurrez eginda uzten zuten, ondoren, arrantza denboraldian, ez zegoelako lan horietarako tarterik. Arrantza tresneria ondo eginda uzteak berebiziko garrantzia duela nabarmendu izan dute beti arrantzaleek: “Herrian arrantzatu behar da arraina, eta ez itsasoan”, esaten zuen haien esaerak.
Gangoitiren hitzetan, aititeren eta aitaren sasoiak baino errazagoa izan da berea: “Zaldiaren buztaneko hariak erabiltzen zituzten aparailuak egiteko; guk pita erabili izan dugu”.
Aurrerapenek lana arindu diote arrantzaleei; arraina, baina, arazo gehiagorekin datorrela dio. Eta horrek badu bere arrazoia, Gangoitiren arabera: “Arrantzaleek uste dute egun batean arrantzatu behar dutela arrain guztia, eta ez da horrela. Arrainak gura duenean arrantzatu behar da, eta ez alderantziz”. “Kontrola” ere beharrezkoa dela uste du; “arrain espezie ugari galtzen ari dira”.
Jakin-min handia
Irakasleari poza ematen dio gazteen interesa ikusteak. Betidanik ezagutu du lanbidea, eta ez du galtzen ikusi nahi. Ikasleek jakin-minagatik eman dute izena ikastaroan, batez ere. Ikasteko gogoagatik ere bai: “Zer hobea arrantzale esperientziadun batengandik ikastea baino”, dio horietako batek. Arkitekto laguntzaile izateko ikasketak egin dituen batek, berriz, “sokekin ondo moldatzea” beharrezko duelako erabaki zuen arrantzale izandako baten eskutik aparailuak egiten ikastea. Gerora, ikasitakoa garabiekin ibiltzeko baliagarria izango zaiola uste du.
Emakume baten esperientzia bestelakoa da: umeak eskolara eramaten dituenean loidxero lanak egiten ibiltzen diren arrantzale ohiak ikusten ditu, eta “interesa” piztu izan diote beti. Bere amak ere, haren aita gaixotu zenean, loidxero lanak egiten ikasi behar izan zuela dio: “Nire amak arin ikasi zuen, baina ez du horren erraza ematen”.
Arrazoia bat edo beste izan, parte hartzaile guztiak “gustura” ibili dira Arrain Azoka elkarteak antolatu duen ikastaroko lehenengo saioan. “Oso eroso” sentitu direla diote, eta hurrengora joateko asmoa agertu dute guztiek.
Interesa interes, lehengo arrantza kultura galtzeko arriskua dagoela uste du Gangoitik: “Begiratu Bermeoko portua; ez dago ezer. Dena galtzen ari da, dagoeneko inork ez duelako itsasora joan nahi”.