Natalia Salazar Orbe
Pedro Arronategi 1945ean hil zen, tuberkulosiak jota, gaixotasun hori zutenentzako Frantziako kartzela batean. II. Mundu Gerran borrokan ibilitakoa zen busturiarra. Hura frontean zebilela, haren emazteak eta amaginarrebak Busturin bertan laguntza eskaini zieten Errepublikaren aldeko matxinoei. 1936ko altxamendu militarraren ondorioak bete-betean jasan zituen familia hark. Handik urte batzuetara, 1970eko hamarkadan, Lourdes Arronategi alabak frankismoaren aurka borrokatzeko lekukoa hartu zuen. ETAn sartu zen. Euskal Herrian errefuxiatuaren karta eskuratu zuen lehenengoa izan zen. Gaur egun, haren seme Eneko eta Ibon Gogeaskoetxea Arronategi kartzelan daude.
Familia beraren barruan ziklikoki eutsi diote belaunaldi berriek 1936ko gerran hartutako bideari. Arronategitarrena ez da izan kasu bakan bat. Era horretako hainbat familia daude herrian. Datu horiez jabetuta, Laia kultur elkarteak herriko memoria historikoa ikertzeko lana abiatu zuen. Unai Serrano Mujika soziologoa eta Maribel Egizabal Suarez antropologian doktorea buru-belarri ari dira behar horretan. Egizabalen ustez, “memoria historikoa prozesu dinamiko bat da”, ezin uler daiteke iraganean gertatu ziren jazoera hutsen gisa. “Egungo egoera eta gatazka ulertzeko, hartan sakondu beharra” aipatu du Serranok.
Historia sarri berritu da. Gurseko errefuxiatuen esparruan egon zen Roman Orbe, Frantzian. Handik hamarkada batzuetara, izen-abizen bereko loba GALen atentatu baten biktima izan zen Miarritzen, errefuxiatuta zegoela. Zauri larriak pairatu zituen. Angel Lekuona naziek fusilatu zuten Flossenburgeko kontzentrazio esparruan, Alemanian. Gursetik ere igarotakoa zen. Handik urte batzuetara, 1984an, Juan Luis Lekuona senidea kiskalita hil zen Hernaniko etxe batean. Guardia Zibila haiek atxilotzera joan zen eta bota zizkieten granaden ondorioz hil zen. Kaltzada familiaren historia ere oso ezaguna da. Doroteo Kaltzada fusilatu egin zuten 1937an. EAJko zinegotzia zen. Haren seme-alaba Elisa eta Julen kartzelatu egin zituzten frankismo garaian. Burgosko prozesuan epaitu zuten Julen.
1936ko gerran herrian fusilatu zituzten herritarrez gain, Busturiak eta busturiarrek asko sufritu zutela erdi ezkutuan gordeta egon dela uste dute ikerketaren arduradunek. “Harritu egin ginen ikerketa abiatzerakoan. Inork ez du gertatutako guztiaren berri”, ekarri du gogora Serranok. “1936ko gerran 34 busturiar hil ziren. Fusilatuak zortzi izan zirela zabaldu da, baina beste bi izan zirenetz konfirmatzeko lanean ari gara. 18 lagun inguru desagertu ziren. 15 bat kartzelatu zituzten, tartean, emakume batzuk. Hiru ume zendu ziren. Gernika-Lumoko bonbardaketan bi pertsona hil ziren. Gursen bederatzi busturiar egon ziren, eta bat Flossemburgen. Eta diziplina batailoietan gatibu lanetan aritako biren berri ere jaso dugu”.
Busturiarrek bizi izan zutena imajinatzea oso zaila dela diote. Gernikako bonbardaketaren ostean faxistak sartu ziren herrian. Gerra frontea bertaraino iritsi zen. Gudariak eta milizianoak Sollube mendian aritu ziren borrokan. Milatik gora lagun hil zirela ekarri du gogora Serranok. “Busturia erdi-erdian zegoen. Itsasotik zein Kanalatik borbardatzen zuten Sollube. Hala, herritarrek ez zuten alde egiterik; inguratuta zeuden”.
Gertatutakoaren “irudi edulkoratua” zabaldu dela uste du Egizabalek. Hala, sufrikario hura pairatu zutenek “aitortza publikoa” merezi dutela dio Serranok. “Faxismoaren kontra eman zuten bizia. Herriak zorra du pertsona horiekiko. Hau guzti hau azaleratu egin behar zen “.
Lan hori herritarrei dagokiela sinetsita daude. Instituzioek errealitatearen zati partziala besterik ez dutela ematen baiteritzote. Memoria historikoari buruzko lana crowdfunding bidez argitaratzea da asmoa. Jardunaldiak ere antolatuko dituzte, eta, martxoaren hasierarako, Nekane Juradoren hitzaldia prestatu dute.
Emakumea gerran
Emakumeek leku berezia hartu dute Laia elkartearen lanean. Errepublikak lortutako eskubide guztiak bertan behera geratu ziren 1936ko altxamenduaren ostean. “Berriz ere ustez emakumeei dagozkien eginkizunak hartu behar izan zituzten, baztertu zitzaten nahi ez bazuten: ama ona, katolikoa…”, ekarri du gogora Egizabalek.
Hala ere, gerra garaian antolatuta zeuden: “Emakume batza bi zeuden. Emakumeok ezkongabeak ziren, profesionalak, eta ekonomikoki independenteak”. Gerran zein haren ostean asko sufritu zuten. “Alargun geratu ziren hainbat, inongo laguntzarik gabe. Baztertuta zeuden, eta gaizki ikusita. Familiak aurrera atera zituzten. Inork ez ditu aipatzen, ordea”, salatu du Serranok. Umiliazio handia pairatu behar izan zutela azaldu du Egizabalek: “Komandantzietara joatera behartzen zituzten, letrinak garbitzera, zigor gisa”.
Askok ez dituzte bizipen latz haiek kontatu gura izan. “Beldurra eta lotsa baliagarriak izan dira duintasuna ezkutarazteko. Bizilagun askok ez dute euren arbasoek bizi izandakoaren berri, eta askok ez dute hitz egin nahi”, esan du Egizabalek. Serranok borobildu du gertatutakoa: “Beldurraren ondorioz, ez da transmisiorik egon”. Hala, egoera horri aurre egiteko asmoz, eta gertatutakoa ahaztea saihesteko egin dute udazkenean argitaratuko duten lana. Lehenengo atala aterako dute orduan: 1936tik 1975era doana. Bigarrenean ere lanean ari dira: 1975etik gaur egunera arte doan garaiari buruzkoa. Isilpean gordeta zeuden bidegabekeriek argia ikusiko dute aurki.