Gizartearen isilpeko euskarriak

Gizartearen isilpeko euskarriak

Natalia Salazar Orbe

Adoretsuak ziren, beste herrialde batzuetan gizonezkoek hartu beharrekotzat jotzen ziren erabakietan parte hartzen zuten, eta etxeko ekonomia maneiatzen zuten. Sinismen eta uste askoren arabera, era horretakoak izan dira Euskal Herriko emakumeak historian zehar. Europako gainontzeko andreekin alderatuta, askatasun eta erabaki ahalmen handiagoa zuten. Horrek esan nahi al du matriarkatua egon zenik? Ezezko borobila erantzun dute Santurtzin. Emakumeen eginkizuna Santurtziren historian izeneko bisita gidatuaren barruan emango dituzte ezeztapen horri eusteko arrazoiak.

Bereziki eremu sozialean erabakiak hartu eta gauzatzeko andreak duen boterea da matriarkatua. Alegia, etxeko eta familia barruko eremuaz eta eremu erlijiosoaz gain izan behar du emakumeak ahalmen hori. Euskal Herrian matriarkatua nagusi zela zabaldu da, etxekoandreak baserriko lanak egiten zituelako familia zaintzeaz gain. Gizonek egiten zituzten lan berak egiten zituzten andreek ere. Haiek baino gehiago, noski: baserriko lanez gain, etxearen, seme-alaben eta gainontzeko familiaren erantzukizuna euren gain zegoelako.

Santurtzi bezalako kostaldeko herrietan, arrantzaleak denboraldi luzeak egiten zituenean itsasoan, etxetik kanpo, emakumeek lurrak lantzen zituzten, eta abereen kargu hartzen zuten. Azokara ere joaten ziren, barazkiak, abere eta arrautzak, esnea eta bestelakoak saltzera.

Sardina saltzaileak ere arras ezagunak dira. Arrantzaleak portura arrainarekin iristen zirenetan, etxea, seme-alabak eta beste guztia albo batera utzi, eta arrain hori saltzeari ekiten zioten, otzara buru gainean jarrita. Sareginak ere bazeuden, eta bestelako lanak ere egiten zituzten. Hala, independentzia ekonomikoa lortzen zuten, eta, horrekin batera, dirua maneiatzeko orduan erabakiak hartzerik ere bazuten. Hala ere, matriarkatua hori baino gehiago dela azalduko dute bisitetan.

Izan ere, emakumeak zeresan handiena arlo pribatuan zeukan. Oihartzun handiagoa zuten erabakiak arlo publikoan hartzen ziren: plazan edo tabernan. Eta, horietan, gizonak ziren nagusi.

Andre euskaldunaren izaera indartsuarekin lotuta ere egon liteke botere irudi hori. Eta horrek mitologiarekin zerikusia izan lezake. Hala uste dute Santurtziko Itsasoa museoan jardunaldiok prestatu dituztenek. Mari Anbotoko dama, lamiak edo sorginak hartu dituzte horren adibide gisa.

Uztak, ekaitzak eta naturarekin lotutako ororen oreka gordetzeko ahalmena zeukan Marik. Anboto mendiko haitzulo batean bizi zen. Oso boteretsutzat zuten. Mirespena eta beldurra, biak sorrarazten zituen. Elizgizonen batzuek mezak ere eman zituzten haitzuloaren sarreran, uztak salbatzeko eguraldi onaren eske.

Bestalde, sendabelarren ezagutzak ematen zien boterea sorginei. Ezagutza horren eta gauetan egiten zituzten akelarreen ondorioz, indar eta botere handiko emakumetzat zituzten. Emakume horiek andreen askatasunaren mitoa elikatu dute. Horien guztien berri ere aurkituko dute bisitotan parte hartzen dutenek apirilera bitartean.

Euren ogibideak Santurtzin

Santurtziko emakumeen ogibideei atal berezia eskaini diete museoan. Herriak irudi bereizgarririk badu, sardina saltzaileena du. 25 kilometrora arteko ibilbidea egiten zuten, sardinaz betetako otzara buruan zeramatela: Santurtzitik Bilborako joan-etorria. Ez zuten ez lokalik, ez saltokirik, ez biltegirik. Enkantean erosten zuten arraina, ahalik eta preziorik baxuenean. Eta eurek garraiatu eta saltzen zuten.

Ur saltzaileak ere aritzen ziren herrian. Portuan ura jaso, eta arraina garbitzeko saltzen zuten.

Komisionistek, bestalde, kofradiak eskatzen zuen bankuaren bermea zuten enkantean erosketak egin ahal izateko. Norbaitek arraina erosi gura bazuen, baina bermerik ez bazuen, komisionistei eska ziezaiekeen; betiere, komisio baten trukean.

Saregileen lanari dagokionez, emakumeek eurek antolatu eta gauzatzen zuten. 13 urte ingururekin hasten ziren behar horretan, eta belaunaldiz belaunaldi irakasten zieten andre helduek gazteei. Arrantza gutxi zegoen garaietan, emakumeek zamalanak egiten zituzten merkataritza portuan.

Etxean zein etxetik kanpo etenik gabe ziharduten emakume horiek, ordea, urteetan zabaldu dena baino askoz askatasun gutxiago zuten. Hori azalduko dute, besteak beste, Itsasoa museoan Emakumeen eginkizuna Santurtziren historian izeneko bisita gidatuan. Bisitak doakoak dira, baina parte hartzeko izena eman behar da, 94-483 94 94 telefonora deituta. Larunbatetan egingo dituzte.