Natalia Salazar Orbe
Gustuko duten kirola etxeko koloreak jantzita egiteko aukera. Horixe baino ez zuten gura Deustuan trainerua atera duten emakumeek. Esfortzu eta neke handia eskatzen duen kirola da arrauna. Hala, hura praktikatzeko herritik kanpo atera behar izanez gero, akabo. Hartan aritzeko esfortzua bikoiztu edo hirukoiztu egin beharko du arraunlariak. Horrelakorik ez zaie gertatuko Deustu Arraun Taldeko andreei, etxean bertan dute-eta gorengo mailan lehiatzea ahalbidetuko dien taldea.
Pozik dago Soraya Martinez bertako arraunlaria. “Oso garrantzitsua da. Bizkaian dagoen bakarra da”. Kantabrian aritzen zen duela gutxira arte traineruan, etxean horretarako aukerarik ez zuelako. “Orain, askoz errazagoa da niretzat kirol hau egitea, eta betiko klubean trainerua ateratzeak poza ematen dit”.
Eskertu egin du Deustu Arraun Taldeak emakumeen alde egin duen apustua. Ez omen da ohikoa. Klub gehienek gizonezkoei soilik jartzen diete arreta. “Kaikuko emakumeek, esaterako, trainerua atera nahi zuten. Baina ezetza eman diete; nahiago izan dute gizonezkoen bigarren trainerua atera”.
70etik gora mutil eta gizonezko, eta hamazazpi neska eta emakume ditu Deustuko taldeak. Harrobia egon badago, beraz. Hala ere, batel eta trainerillen denboraldia bukatzean, emakume bizkaitarrek Gipuzkoara jotzen dute aukera bila. Hala azaldu du Fernando Beperet entrenatzaileak. “Ligarik indartsuena da, lehen mailakoa. Beraz, arraunlari onenek Hibaika edo San Juan taldeetara jotzen dute hartan lehiatzera”. Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian ere emakumeek arraunean presentzia izan dezatela gura dute. “Gerra pixka bat emango diegu. Lehia hori positiboa da kirolarentzat”.
Aitor Mojas taldeko presidentearen ustez, mugarri bat da emakumeen trainerua. “Bai taldearentzat berarentzat, bai Bizkaiko arraunarentzat, oro har”. Oso lan zaila dela aitortu du. Aterako dute, baina beste talde batzuen laguntzarekin. “Portugaleteko taldeko bi emakumeren laguntza izango dugu”.
Oinarriak landu beharraz
Badu zailtasun horren zergatiaren azalpena. Emakumezkoen traineruak duela urte gutxi sortu ziren. “Eta sinetsita nago etxea teilatutik hasi dutela”. TKEren barneko Euskotren Ligari buruz ari da. “Emakume arraunlariekin ondo geratu behar zuen, eta liga hori sortu zuen. Baina hori ez da erreala. Arrauna oinarri-oinarritik bultzatu behar da. Neskatoak arraunean hastera bultzatu, alegia. Ezin da esan: ‘Goazen liga profesional bat sortzera!’. Oinarririk ez badugu, zelan sortuko dugu horrelakorik?”. Jakin badaki klubek ere oinarri horiek ezarri behar dituztela eta konpromisoaren erantzule izan behar dutela. Izan ere, lan bikoitza ere ematen die antolakuntza aldetik: “Bi gurdi behar dira, bi furgoneta, bi zuzendari… Dena da lana. Hala ere, ilusio handiz ari gara, bai gu eta baita emakumeak eurak ere”.
Entrenamendu gogorrak dituzte arraunlariek: asteazkenetan izan ezik, egunero dute saioa. Izan ere, hasia da batelen denboraldia. Otsaila hilabete garrantzitsua izango da. Hainbat saio izango dituzte: Kaikuren jaitsiera hil hasieran; distantzia luzeko traineruen Euskadiko txapelketa hilaren 20an, Bilbon; eta Orioko jaitsiera historikoa otsailaren 27an. “Han leku guztietako emakumeekin lehiatuko dira”, esan du Mojasek.
Batelen liga
Oraingoz, buru-belarri ari dira talde guztiak asteburuan hasi zen Bizkaiko Batelen Ligan. Sestaon jokatuko dira estropada guztiak. Zapatuan eman zioten hasiera denboraldiari, eta apirilaren 17an bukatuko da. Benedicta kaian egingo dituzte saio guztiak. Batelen liga hori arraun denboraldiko lehen lehiaketa da. Hala, udan lehiatuko den TKE ligara begira, bateko eta besteko traineruen neurria hartzeko aukera ere eskainiko du. Deustuko emakumeek bi batel atera dituzte gazte eta senior kategorietan. Horietako bat hirugarren geratu zen; bestea, zortzigarren. Kaiku nagusitu zen kategoria horretan, eta Arkotek egin zuen bigarren.
Etorkizunera begira oinarriak finkatzea dute helburu Deustuko emakumeek. Argi dute profesionalen mailan askoz esperientzia handiagoa duten arraunlarien aurka lehiatzerik ez dutela. Entrenatzaileak azaldu du: “18 eta 20 urte arteko emakumeek badakite ez daukatela zereginik 25 eta 27 urte artekoen aurka. Potentzial fisikoa eta esperientzia ezin erka daitezke”. Hastea da asmoa; eta taldea sortzea. “Adorea eta gogoa sobera ditugu”.