Euskaldun Berria. Kaleko hormetako plaketan ikusten hasi da izena, lehen aldiz. Izen gisara. Bilbon, Bizkaiko foru liburutegiaren aurrean dagoen iturrian, esaterako, Euskaldun Berria Gunea irakur daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako plaka da, euskara ikasi dutenei hizkuntzaren iraupenerako egin duten lana aitortzeko. “Iturriari ura darion bezala, Bizkaian ere euskararen emaria etengabea izateko ezinbestekoak dira euskaldun berriak”, adierazi dute foru ordezkariek plaka erakusterakoan. Datu adierazgarria eman dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunen % 42 euskaldun berriak dira.
Aitortza hori izan da aurtengo euskararen egunaren ildo nagusia, eta nonahi agertu zaie esker ona. Adierazpen instituzional guztietan egin zaie aipamena omenduei. Eta, zenbait herritan, hitzekin baino gehiagorekin erakutsi dute esker ona: herriko txokoak sinbolikoki haiei eskainita. Udal batzuek erabaki dute zein lekuri emango dioten Euskaldun Berria izena, eta beste batzuek aurrerago erabakiko dute.
Erakusketa gela
Arrigorriagako Udalak, heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza egiteko konpromisoa hartu du udalbatzan. Horrez gain, erakusketa gela bati Euskaldun Berria izena eman dio; Urgoiti pasealekuko 57. zenbakian dagoen aretoari.
Barakaldok ez du erabat erabaki zein leku eskainiko dien euskara ikasi dutenei. Baina ingurua zehaztu du: Lutxanako kale edo plaza berrietako bat izango da. “Lutxanako Sefanitroko hirigintza zabalkunde berrian sortzen diren kale edo plaza berrietako bati Euskaldun Berri izena jarriko dio”, dio udalbatzak aho batez onartutako adierazpenak.
Durangok eta Getxok ere herriko kale, plaza edo guneren bati izen bera jartzeko erabakia hartu dute, baina lekua zein izango den ez dute oraindik erabaki.