Hari fina hausteko arriskua

Hiesa du Ibon Iparragirrek (Ondarroa, 1973). Mailarik gogorrenean, C-3 estadioan. Defentsak baxu ditu; infekzio maila neurtzen duen karga birala, oso altu. Hiesaren garapenak lesio neurologiko larriak eragin dizkio eta noraeza izaten du. Ahul dago oso. Gaitzak ez du atzera bueltarik, baina baldintzapeko askatasuna etengabe ukatu diote.

Etxetik urrun, sakabanatuta dute, gainera. Eta bakartuta. Beste kideen laguntza jasotzeko aukerarik gabe. Beharrezkoa du, ordea, laguntza. Hiesaren garapenak ikusmen galera handia eragin dio, besteak beste. Ez da irakurtzeko gai. Nora joan behar duen ikusteko ere ez, askotan. Egun batzuetan, ez du bere burua espazioan kokatzen, eta galdu egiten da kartzelan, Oihana Barrios psikologoak azaldu duenez. “Kalte neurologikoen ondorioz, gauzak ez ditu ondo ulertzen askotan”. Espetxe barruan edozein gauza eskatzeko idatziz egin behar izaten diren instantziak ezin eginik egoten da. “Ez zaio ulertzen idazten duena; ez duenez ikusten, oso hizki handiz idazten du, eta ez zaio instantzia orrian sartzen idatzi beharrekoa. Ondorioz, atzera botatzen dizkiote instantzia guztiak”. Barriosen esanetan, antzeko zerbait gertatzen zaio espetxeak igorritako parteekin ere. Ezin ditu irakurri, eta helegiteak aurkezteko epeak pasatu egiten zaizkio. “Orduan, zigorra dator”, dio psikologoak.

Kalte neurologiko berak umore aldaketa handiak eragiten dizkio Iparragirreri. “Batzuetan, ezin ditu haserrealdiak kudeatu. Eta funtzionario batekin edo beste presoren batekin zerbait gertatzen bazaio, inpultsoei ezin eutsirik egoten da. Horrek arazoak ekartzen dizkio”. Gainera, zenbaitetan, zirikatzen ibiltzen zaizkio bai funtzionarioak eta bai presoak. Antsietate eta estres handia eragiten dio horrek.

2010eko urtarrilean espetxeratu, eta 2011ko urrian zigorra etxean betetzeko aukera eman zion epaileak, osasun aldetik larri zegoela eta. 2014ko martxoan, ordea, kartzelan sartu zuten berriro. Eta, etxean egon zen urte eta erdian berreskuratu zuena, galdu egin du berriz. Gain behera dago berriro, gero eta okerrago.

Sendagilearen arabera, galdutakoa ez du berreskuratuko. Gaitza ez da azken estadiotik jaitsiko, eta izan dituen galera neurologikoak ere ez ditu berreskuratuko. Baina egonkortzea lor dezake etxean. Beharrezko duen zaintza eta osasun laguntza fisiko zein psikologikoa jasotzea. Hilean behin, Barriosen osasun bisita jasotzen zuen espetxean, baina martxoaz gerotik, ez du bere konfiantzako medikuarekin egoteko aukerarik. Auzitegi Nazionalaren aginduz Jaiki Hadi elkarteko medikuak atxilotu zituztenetik, Barriosi ukatu egiten diote bezero dituen euskal presoak ikustea.

Txus Martin ere artatzen zuen Barriosek, medikuen kontrako polizia operaziora arte. Eskizofrenia paranoidea du Martinek (Basauri, 1962). Antsietate nahasmendu orokortua ere bai. Eta nahasmen kognitiboa. Paranoia larriak izaten ditu: ahotsak eta oihuak entzuten ditu, eta zentzurik gabeko solasaldiak egiten. “Deitzen diotela entzuten du, edo beregana joan nahi dutela, zerbait txarra egingo diotela. Beste presoek edo funtzionarioek hilko dutela uste du”, azaldu du psikologoak.

Gaitza ez da ezerezetik sortu. Argi dute hori psikologoek. Frantzian bizi izandako espetxealdiak piztu zion paranoia. 2002an atxilotu zuten, eta zortzi urte egin zituen Frantzian erabat bakartuta, oso egoera gogorrean. “Zarata pilo bat jasaten zuen, bortizkeria, eta iritsi zen momentu bat tratu txarrari ezin eutsita lehertu zela”. Oihuak isilarazi nahian, bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Egun, Zaballako espetxean dute Martin, “bakarrik”; Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen laguntzarik gabe. Bere buruaz beste egitea saihesteko protokoloa ezarria du, eta, ondorioz, preso bat izaten du, une oro, ondoan. Baina alboan jartzen dioten preso arrunta ezezaguna zaio Martini, eta zail izaten da haren konfiantza lortzea. Gainera, alboan duen presoa hiruzpalau hilero aldatzen dute. Egokitzen zaion presoaren arabera, Martin lagunduko du edo ez.

Gaixoak, ordea, ezinbestekoa du laguntza. Espazioan galdu egiten da, kezkatzeko moduan. “Bisitara eskutik oratuta eramaten dute, eta bisitetatik eskutik oratuta ateratzen”. Urteetan haren psikologo aritu den sendagileak azaldu duenez, kostata ibiltzen da; “ume txiki bat balitz bezala, oso mantso, oso pauso txikiekin. Ikusi orduko konturatzen zara pertsona gaixoa dela, ibileragatik, begirada lurrean iltzatuta duelako, hitz egitea ere gero eta gehiago kostatzen zaiolako… Bere munduan sartuta egoten da”.

Medikazioarekin ere arazoak ditu. Egokitu gabe du tratamendua, eta pilulak emateko moduak ere arriskua dakarkio. Lehen, erizaintzan jasotzen zituen eguneko botikak, eta, orain, kutxa osoak ematen dizkiote. “Behin baino gehiagotan konturatu gara botika hartzea ahaztu zaiola; eta gertatu izan da pilula piloa gordeta izan eta egun batean denak hartzea”. Psikologoak ez du ulertzen utzikeria hori, eta azalpenak eskatu ditu. Ez du erantzunik jaso.

Martin, egoera arriskutsuan

Beste erantzun bat, aldiz, jaso du Martinek: duela pare bat aste ukatu diote, azkenekoz, baldintzapeko askatasuna. Gauzak horrela, gaixoarentzat izan daitekeen egoerarik arriskutsuenean dago: “Bakarrik”, konfiantzazko inor alboan ez duela, tratamenduaren jarraipenik gabe, eta psikologoaren laguntzarik gabe. Izan ere, Barrios bere psikologo lanetan urteetan aritu den arren, martxoaz geroztik ez diote uzten espetxean sartzen. “Botereak izango ditut edo… ETAren mezua kontrol mentalarekin helarazten diedala esanez ukatzen didate asistentzia psikologikoa”.

Jose Miguel Etxeandia (Larrabetzu, 1960) nahaste obsesibo konpultsiboa duela bizi da kartzelan. Gaixotasun hori dutenei obsesio bat sartzen zaie, eta ezin izaten dute burutik kendu, egunetan edo asteetan. Kentzea lortu arte ez dira ezer egiteko gai, eta jan gabe ere egunak egon daitezke, ezin dutelako obsesio hori ez den beste ezertan pentsatu.

Obsesioa desegiteko konpultsioak erabiltzen dituzte; “nolabaiteko errituak”. Izan daiteke 17 aldiz esaldi bat errepikatzea, 24 aldiz pasabidean gauza zehatz bat egitea edo eseri aurretik eserlekua lau aldiz ukitzea. Egun osoa egoten dira halako konpultsio beharrean, eta, ondorioz, gainontzekoek zorotzat hartzen dituzte. Erritu horiek ez egitea, ordea, hilgarria ere izan liteke. Antsietate eta desesperazio kontrola-ezinean sartzen dira. Aitzol Gogorza presoari gertatu izan zaizkionak dira adibide. Gaitz bera du gipuzkoarrak, eta konpultsioa amaitu aurretik funtzionarioek leku hartatik ateraraztearen ondorioa ospitaleratzea izan da.

Barriosen hitzetan, Etxeandia asko formatu da gaitzaren inguruan, psikologoarekin urteetan ibili da, eta gaitza nolabait kontrolatzeko gai izan da. Gainera, zigor osoa beteta hilabete inguru barru askatuko dutela jakiteak baretua dio gaitza. Iparragirreren eta Martinen egoerak, berriz, oso kezkatuta dauka medikua, bai baitaki heriotza arrisku erreala dutela.

 

ELKARRIZKETA JON IPARRAGIRRERI, IBON BERE ANAIAZ.