“Okerrera egin du Ibonen osasunak”

“Okerrera egin du Ibonen osasunak”

Epaiketa izan zuen asteartean Ibon Iparragirre larriki gaixo dagoen euskal preso politikoak Bilbon. Jipoitu egin zuela argudiatuta salaketa jarri zion preso arrunt batek, baina ez zen epaiketara agertu, eta Iparragirre absolbitu egin dute, ondorioz. Epaitegira egin duen bidaiak, ordea, arrastoak utzi dizkio osasunean Jon Kirru Iparragirre (Ondarroa, 1979) presoaren anaiak azaldu duenez.

Epaiketa zuela eta, Madrildik ekarri zuten zure anaia.

Zaballako espetxera eraman zuten Ibon hilaren 16an, ostiralez, asteartean Alcala Mecoko espetxetik aterata. Hiru egunean egin zuen hiru ordutan egin zitekeen bidaia. Basauriko espetxean zegoela, preso arrunt batek ukabilkada eman ziola salatu zuen anaiak 2014ko apirilean. Preso arruntak ere, Ibonek eraso egin ziola-eta, salaketa jarri zuen bere aldetik. Atzera bota zuten Ibonena, baina preso arruntarenak aurrera egin du. Salatzailea ez da epaiketan agertu, eta absolbitu egin dute Ibon.

Joan den larunbatean Zaballatik lekualdatu zuten.

Larunbatean, amak eta lehengusu batek Zaballara egin zuten, bisita egiteko, eta espetxean esan zieten Burgosen zegoela Ibon. Kotxea hartu eta hara egin zuten berehala. Baina erantzun bera jaso zuten Burgosko kartzelan ere: ez zegoela han. Pentsatu genuen Alcala Mecora eraman zutela berriz, han egon izan delako aurrez. Baina ez genuen ezer jakin larunbat iluntzera arte. Igandean bisita egiteko asmotan Madrilera joan ziren 14:00etan, baina aldez aurretik eskatuta ez zegoela eta, 17:00ak arte ez zuten anaia ikusi. Nola eskatuko dugu bisita non dagoen jakin gabe?

Nola aurkitu zuten Ibon?

Fisikoki, ahul, eta gerriko min handiarekin. Zuzen ere ezin zen jarri. Orain ere, modulu arruntean jarri dute. Ez dago erizaindegian; berez, dagoen egoeran, egon beharko lukeen bezala. Giro erasokorra dago moduluan, eta bakartuta dago. Gainontzeko preso politikoak beste modulu batean daude. Egunerokoan ez du inolako babesik.

Galdakaoko ospitalean ordua zuen astelehenean.

Konfiantzazko neurologoarekin zita jarria zuen. Baina galdu egin du, Zaballatik Madrilera eraman zutelako ordua baino lehen.

Osasunean eragin dio epaiketaren joan-etorriko bidaiak?

Nabarmen eragin dio epaiketak, okerrera gainera. Bidaia egin baino lehen, lepoko min izugarria zuen, eta zegoen baino okerrago iritsi zen Zaballara. Uste dugu erasoaren testigantza faltsua izan dela. Ezin dugu ziurtatu, baina zantzu guztiek erakusten digute beste norbait egon zela Ibonek jaso zuen jipoiaren atzean. Anaiari eraso egin, eta haren kontrako salaketa jarri zuten. Terminologia aldetik, oso txukun zegoen dena idatzita, eta atentzioa eman zigun horrek. Liskarraren aitzakiarekin, Basauriko espetxetik Navalcarnerora eraman zuten Ibon. Gerora, Espetxe Zaintzako epaileak [Jose Luis de Castro], erasoa erabili zuen baldintzapean aske uzteari uko egiteko argudio gisa. Gainera, akusazioa egin zuena ez da epaiketara agertu. Ibonek ordaindu behar izan duen bidesaria, ordea, handia izan da: osasunari kalte egin dio.

Nola eragiten dio espetxeak?

Ibonek ihesa du 20 urte zituenetik— 41 ditu orain—. Ez du inolako osasun arazorik izan 2010eko urtarrilean kartzelan sartu zuten arte. Espetxeko baldintzek piztu zioten gaixotasuna. Kartzelara sartu baino lehen, hartutako immunoeskasiaren birusa zuen, eta C-3 estadioan du ihesa orain, maila gogorrenean, alegia. Azken egunetan hedabideetan zabaldu da Ibonek ez duela gaitza tratatzen. Faltsua da hori, aspaldi egin zuen sendabiderako hautua.