“Mundu magiko hau ahal den ikasle guztiek gozatzea nahi nuke”

Institutua hastearekin batera ekin zion bertsotan aritzeari Irati Erkiziak (Bilbo, 1990). Hamabi urte zituela institutura joan, eta, bertan, eguerdietan bertsolaritza lantzeko aukera eman zioten. Erkiziak, beste hainbat lagunekin batera, “aukera ona” zela iritzita, izena eman zuen ikastaroan. Bertso eskoletan gertatu ohi den legez, hasiera batean ez zuten bat-batean askorik abesten, baina taldeko giroa “paregabea” zen, eta “oso gustura” joaten zen bertsotan egin eta ikastera. Ordutik hona, bertsotan kantuan aritu izan da Erkizia, eta, horrez gain, bertsolaritza irakaslea ere bada Bilbo, Basauri eta Santutxun.

Hemezortzi urte zituela hasi zen bertsolaritza irakasten: “Ikastetxe gutxi batzuetan aritzen nintzen. Orduan, ordu solteak besterik ez nituen egiten”. Hogeita bat urte beteta, modu iraunkorrago batean ekin zion klaseak emateari, eta ordutik gaur arte horretan jarduten du.

Bi esparru desberdinetan ematen ditu eskolak: hezkuntza arautuan Bilbon eta Basaurin, eta Bertso Eskolan Santutxun. “Nik bertan jarraitu ahal izan nuen, Santutxun, institutuaren ondoren ere, eta gustatuko litzaidake atzetik datozenak ere gozatzeko aukera hori edukitzea”.

Santutxuko bertso eskolan sei ikasle ditu. Hamabost-hamasei urte inguruko gazteek osatzen dute taldea. “Eskolan, ikasleek aukeratzen dute bertara joatea, gustatzen zaielako eta era batera edo bestera afizioa dutelako”.

Hezkuntza arautuan, seiehundik gora ikasle ditu. “Hainbeste ikasle izanik, ezaugarri desberdinetakoak dira; euskaldunak eta ez hain euskaldunak, berbatiak eta isilak, bertsolaritza gustuko dutenak eta gustuko ez dutenak. Finean, pertsona bat mundu bat da, eta ikasgela barrua ere halakoa izan ohi da. Dena den, uste du denengandik duela zer ikasia, denek baitaukate zer eskaini” azpimarratzen du Erkiziak.

Ikasle gehienak “euskal girotik at” bizi dira, eta hori, bertsolaritza lantzerako orduan, “kontuan hartu beharreko datua” dela dio. Bertsolaritza hizkuntzarekin jolastea da, Erkiziaren hitzetan, eta, horrenbestez, “bertsolaritza ezin da euskara gabe ulertu”. Bertsolaritzak “euskara sustatzeko” balio du. Eta ikasle askok euskaraz komunikatzeko “zailtasunak edo ohitura falta” dutenez, bertsolaritza jolas bat bezala aurkezten die Erkiziak. “Jolasa da, eta horrela aurkeztu eta lantzea beharrezkoa da; batetik, astuna bihurtu ez dadin, eta, bestetik, euskaraz ondo pasatu daitekeela ikus dezaten”.

Bertsolaritza eskola batean “denetarik” irakasten da: bat-bateko bertsoak egiten, doinu berriak ikasten, kantaerak lantzen… “Guzti hori ariketa praktiko bidez egiten dugu, bertso eskola zerbait dinamikoa da eta”.

Bertsotan aritu, eta bertsolaritza eskolak ematen ditu Erkiziak. Baina irakastea du nahiago: “Azken urteotan, gutxi egin dut bertsotan, eta egin dudan apur hori bertso eskolan izan da; hau da, barrura begirako lanean”. Jende aurrean kantuan aritzeak “urduri” jartzen duela dio, eta, ondorioz, pixkanaka “alde batera utzi” duela. Unibertsitatean, irakasle ikasketak egin ditu Erkiziak, eta, bertsolaritzarekiko duen zaletasunarekin, biak uztartzeko “aukera aparta” eskaintzen dio bertso irakasle aritzeak. Oraingoz, bide horretan jarraitzeko asmoa du: bere ekarpena bertsotan irakasten egitekoa. “Gustatuko litzaidake ahalik eta ikasle gehien hurbiltzea bertsoen mundu magikora; mundu magiko hau ahal den ikasle guztiek gozatzea nahi nuke. Baina, horretarako, ikasleak motibatu eta haiek bertsolaritzarekiko irudi positibo eta eder bat eraikitzea dut helburu”.

Etorkizunari begira, bertsolaritzaz eta bertsotan disfrutatzen jarraitzea du asmo. “Bertsolari on bat izatea ez litzake txarto egongo”. Baina bide hori aspaldian pixka bat alboratua duela gogoratu du, eta, berriro bide hori hartuko balu ere, ez dakiela “noraino iristeko gai” izango litzatekeen.