Urtero gertatzen den bezala, San Joan sua pizterako, Leioako herritarrak jai giroan murgilduta egongo dira. Izan ere, hiru egun geratzen dira Bizkaiko hainbat gunetan sua piztu eta iraganeko usadioak mantentzen segitzeko. Hala ere, egun seinalatua heldu orduko, Leioako biztanleek ekitaldiz betetako asteburu batez gozatzeko aukera izan dute aurretik ere. Jaiak ofizialki atzo hasi arren, dozenaka ekitalditan parte hartzeko egitaraua osatu du jai batzordeak aurreko ostiraletik datorren asteartera arte.
Festa giroarekin jarraitzeko, gaur, 22:00etan, musika kontzertua eskainiko dute Governors, Zea Mays eta The Hooks taldeek Kandelazubietan, eta dantza egiteko aukera galdu nahi ez dutenek Galker taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango dute gauerditik aurrera, Bulebarrean. Hala ere, goizean goizetik hasiko da gaur jai giroa, 10:00etan jaurtiko baitute txupinazoa; atzo hasita, jaiak bukatu bitartean egunero egingo dute. Horrez gain, jaietan ere elkartasunezko ekintzak egin daitezkeela erakutsiko dute Leioako Udal Liburutegiko arduradunek eta EGK Sortarazi kolektiboak, gaur eta bihar liburu azoka solidarioa antolatu baitute Bulebarrean, egun osoan.
Joan den asteburuan, Leioako Tabernen IV. Pintxo Lehiaketa izan zen, eta bihar herritarrak izango dira suen aurrean beren trebetasuna erakutsi beharko dutenak. Izan ere, 10:30etik aurrera, kuadrillen arteko tortilla eta sandwich txapelketa egingo dute. Hala ere, tripak ondo betetzeko eguna baino gehiago, kirolaz gozatzeko eguna izango da biharkoa, hainbat kirol ekitaldi antolatu baitituzte goizean goizetik hasita. Horrela, goizeko hamaiketarako kuadrillen arteko herri kirolak antolatu dituzte Bulebarrean, eta ordu erdi geroago eskubaloi partida jokatzeko aukera izango da Sakoneta kiroldegian. Kuadrillen bazkariaren ostean, esku pilota partidak izango dira, Sakoneta kiroldegian. Horrez gain, 640 kilogramo azpiko Euskadiko Sokatira Txapelketako finala izango da Udondoko bulebarrean.
Metro zerbitzu berezia
Kirolaz gain, biharko egunak musika eskaintza zabala eskainiko dio Leioara bilduko denari. Ikea Barri plazan izango den musika ikuskizunaz gain, Leioa Dub Academy-k Leioa Urban Eguna antolatu du Kandelazubietan. 23:00etatik aurrera, zortzi artista igoko dira agertokira. Bitartean, Bulebarrean Babel Covers taldeak erromeria eskainiko du. Bi ekitaldi horiek osatuz, txosnetan rock kontzertuez gozatzeko aukera egongo da. Ze Esatek-ek eta Niña Coyotek eta Chico Tornadok beren musika estilo ezberdinekin bertara joaten denaren belarriak berotuko dituzte.
Kontzertu horiez gozatu ahal izateko, gainera, Bilboko Metroak ordutegia luzatuko du bihar gauean. Zerbitzu bereziari dagokionez, goizaldeko seiak arte ibiliko da martxan.