Lasaitasun oasiak hiri erdigunean

Etxetik irten berritan, autoen klaxonek eta kaleko obrek lasaitasuna urratzen dute. Arazo horri aurre egiteko, Bilboko Udalak irla isila izeneko hirigintza egitasmoa sortu du Bizkaiko hiriburuko hainbat auzotan. Lehena dagoeneko prest dago; Basurtun inauguratu du Ibon Areso alkateak. Azaldu duenez, bertaratzen denari lasaitasuna eskaintzea da gune horren helburua: “Une batez bada ere, inguruko astrapala ahaztu eta norberaren bakardadean murgiltzeko aukera emango die auzokideei”.

Latorre kalean dago lehen irla. 720.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Lasaitasuna, berez, etengabe kolorez aldatzen diren hamabi txorrota izango dituen iturriak emango du. Bizilagunen artean kontrako iritziak sortu ditu. Bereziki obraren kostuak eragin du zeresana. “Lehen geneukan plaza baino askoz ere politagoa da oraingoa. Ez dago bata eta bestea alderatzerik. Gainera, bazen garaia gure auzoan ere diru apur bat inbertitzeko, hainbat leku zaharkitua geratzen ari ziren eta”, azaldu du Carmen Garcia auzokideak. Plazaren tamainari ere erreparatu dio. Haren ustez, handiagoa da berria.

Aitor Ibañezek, berriz, kritikatu du iturrietan “milaka euro xahutu” izana eta “benetan garrantzizkoak diren gauzei jaramon gutxiago” egitea: “Egia da oso polita dagoela, baina, nire ustez, lehentasunak zeintzuk diren argitu beharko luke udalak, eta horren arabera gastatu. Ez dakit horrelako azpiegituretan 700.000 euro inguru gastatzea normala den edo ez, baina nik uste dut askozaz merkeagoak diren gauzak eraiki daitezkeela. Badira beste beharrizan batzuk”.

Iturriko txorrotek agerpen eta desagerpen mugimenduak, pertsekuzioak, leherketak eta olatu dinamikoak egiten dituzte. Eta plaza edertzeaz gain, uraren soinua nagusitzen denez zirkulazioaren zarata gutxitzen dute. “Horrela, akustikoki inguru atseginagoa sortzen da”, Aresoren esanetan. Gainera, plaza inguratu eta zirkulaziotik babesteko asmoz, 35 zuhaitz landatu dira, guztiak purpura koloreko Fagus sylvatica eta Photinia serrulata espeziekoak. Hesi natural horren bidez, akustikoki atseginagoa den espazioa sortzea eta ibilgailuen zirkulaziotik isolatzea da helburua.

Argien arloan ere, plazako argiztapena hobetu eta indartu egin da; LED argiak erabili dira, energetikoki askoz eraginkorragoak direlako. Gainera, inguruko saneamendu sarea ere berritzeko aprobetxatu du udalak. Plazaren inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura moteltzeko, oinezkoen pasabideak berritu dira. Era berean, kalea asfaltatzeko modua hobetu da, eta errepidea espaloien mailara igo da. Horrela, espazio horretan lasai egoteko eta ibiltzeko aukera dago.

Europako Quadmap egitasmoaren barruan daude irla isil horiek. Proiektu horren helburua da soinuaren kutsadura murrizteko ikerketak abian jartzea. Hiru urteko iraupena dauka. Bilboko Udalaren zeregina da proiektuaren bazkideekin egitasmo berriak proposatzea eta garatzea. Europako Batasunak diruz lagundu du egitasmoa, eta Rotterdam, Paris eta Florentzia inguruko ikerketa zentro eta administrazioen esperientziak trukatzeko balioko du.