“Generoa aintzat hartuta eraikitako hiria askoz hobea da denontzat”

Hainbat pertsonak pentsatzen dute egungo hiriek ez dietela herritar guztien beharrei erantzuten, eta, hori dela eta, Ekin Hiriari egitasmoa sortu dute Barakaldon. Barne eztabaida eginda, orain gainontzeko herrikideei egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko ordua heldu zaie. Gaur hasita eta etzira arte, hainbat tailer eta eztabaida antolatu dituzte. Cristina Marcos eta Paula Roson dira kideetako bi.

Zertan datza proiektua?

CRISTINA MARCOS: Hainbat sentsibilitatetako pertsonak biltzen hasi ginen EH Bilduren eskutik, baina deialdia zabalagoa izatea nahi genuen, badakigulako alderdi politiko baten sinadurak jendea atzera bota dezakeela. Duela urtebete Lutxana auzoan dauden tuneletan izandako erasoen ondorioz hasi ginen lanean, gai horri eusteko beharra ikusi genuelako. Baina hor arazo bat dago: segurtasunaren ikuspegitik bakarrik begiratzen badiogu, kamerak eta polizia jartzearekin arazoa konpontzen dugu. Horrekin guztiarekin, hirigintza era inklusibo batean nola eraiki pentsatzen hasi zen talde bat. Horrela sortu zen Ekin Hiriari egitasmoa.

Zein oinarri ditu zuen egitasmoak?

C.M.: Parte hartzeko hau behar da: jakin, ahal eta nahi. Eta horretarako gure lehen pausoa tresnak eskuratzea izango da, egingo ditugun jardunaldien bitartez. Horrekin batera, galdetegi bat zabalduko dugu. Bi gauza horiekin ondorio batzuk atera eta martxan jarriko gara.

Normalean, barakaldotarraren profila hau dela uste dute erakundeek: gizona, 30 urte bitartekoa, ez duena zaintzarik behar, etorkina ez dena eta autoa daukana. Hortik kanpo geratzen dira emakumeak, elbarriak eta pertsona nagusiak, adibidez.

Baduzue zuek nahi duzuen hiriaren erreferentzia gehiagorik?

PAULA ROSON: Hiriak baino gehiago, lan egiteko erak dira arreta gehien pizten digutenak. Batez ere, hiri ereduen filosofia eztabaidatu nahi dugu.

C.M.: Hau da gura duguna: guztiok barneratzea generoa aintzat hartuta eraikitako hiri bat askoz hobea dela guztiontzat. Adibidez, duela hamar bat urte Barakaldoko talde feministak hirian dauden gune arriskutsuak identifikatu zituen, baina udal gobernuak ez zien batere babesik agertu. Txosten horretan, tunelak puntu beltz gisa izendatu zituzten, eta duela gutxira arte, egoera berean jarraitu dute. Hogei urtean ez da ezer aldatu.

Zein da zuentzat hiri perfektua?

C.M.: Niretzat, hiri perfektua da umeak aske ibil daitezkeen hiria, nire ustez umeentzat egindako hiria guztiontzat egindako hiria baita. Pertsona nagusien kasuan ere gauza berbera gertatzen dela esango nuke.

Eta Barakaldo hortik urrun dago?

C.M.: Bai. Adibidez, ez dago jolas parkerik; denak dira porlanezkoak. Gogoan daukat umetan bakarrik joaten nintzela eskolara; gaur egun, ezinezkoa da halakorik. Horrek ere pentsamendu aldaketa dakar, sarearen auzia eztabaidan jartzen delako. Egungo hirigintzarekin sareak osatzea ia ezinezkoa dela. Espazioek baimendu behar dute pertsonen arteko hartu-emanak lantzea.

Zelan egin eraldaketa hori?

P.R.: Guk hasierako pausoak ditugu esku artean. Gure lehenengo pausoak hauek dira: lehenengo hezi, eta, gero, diagnosia egin. Horren arabera, hurrengo pausoak definituko ditugu. Pausoak zeintzuk izango diren? Lortzen dugun informazioaren arabera ikusiko dugu zeren beharra dagoen eta nola erantzun.

Zeintzuk dira Barakaldoren gabezia eta abantaila nagusiak?

P.R.: Berez, askoz gehiago kostatzen zaigu alde positiboak bilatzea alde negatiboak baino. Niri alde positiboak bilatzea gustatzen zait gehiago. Azken urteetan hiria berpizten ari dela iruditzen zait, eta badago kaleak erabiltzeko grina bat. Aukerak egon badaude.

C.M.: Barakaldo hiri handia izanik ere, herri nortasuna mantentzen du hein handi batean. Halere, ilobarekin irteten naizenean asko kostatzen zait nora joan erabakitzea, edo egunaren eta orduaren arabera zenbait lekutatik igarotzea.

Posible ikusten duzue eraldaketa hori gauzatzea?

P.R. Bai. Hala ere, uste dugu oso oinarrizko gauza dela, politikoa dela baina aldi berean ez dela politikoa.

C.M.: Nik bai, bestela ez nintzateke gai honetan ibiliko. Niretzat garrantzitsuena da ahoz aho jendeari zabaltzea gai honek daukan garrantzia. Hala ere, orain ez dugu ikusten udalak aparteko interesa daukanik.

Nolakoa izan da orain arte jaso duzuen babesa?

P.R.: Orain da garaia, orain dabil taldea irekitzen. Orain arte, barneko lanean ibili gara, baina dagoeneko taldetik kanpoko jendearen arreta piztea lortu dugu.

C.M.: Ez dakigu honek zer ibilbide izango duen, eta lehen fasean gaude oraindik, baina jendearen harrera oso ona izan da.

Zein izango da jardunaldien xedea?

C.M.: Tresnak eskuratu eta hiri ereduaz gogoeta egitea. Gaur elkartegintzako jendeak Barakaldoren inguruko ikuspegia emango du. Bihar, maila filosofiko oinarriak zehaztuko dira. Eta, etzi, partaidetzan oinarrituko gara.

P.R.: Horrekin eta galdetegiekin zerbait indartsua izango dugu maila ideologikoan eta praktikoan behar egiteko.