“Jaialdi handia izango da bere txikitasunean”

Ainhoa Iturriarte (Gernika-Lumo, 1978) Trinkete Antitxokoko kidea da, eta Gernikako Lekuek musika jaialdiaren antolakuntzan parte hartu du. Domekan hasi eta hilaren 16ra arte musikazaleentzako eskaintza zabala prestatu dute. Proiektua antolatzen herriko hainbat musika aretok eta zenbait tabernak parte hartu dute. Musika kontzertuez gain, film eta dokumental emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak, binilo azoka eta kale ikuskizuna prestatu dituzte. Jaialdiari buruzko informazioa, www.gernikakolekuek.com helbidean aurki daiteke.

Zelan bururatu zitzaizuen Lekuek jaialdia antolatzea?

Musikazaletasuna duten eta musika ekitaldiak antolatzen dituzten eragile kulturalak batuz sortu dugu egitasmoa. Betidanik izan dugu horrelako jaialdi bat antolatzeko gogoa, eta oraingo honetan aurrera egitea erabaki dugu. Gernika-Lumok musikagaz duen harreman estua irudikatzeko modu aparta da Lekuek jaialdia.

Zeintzuk dira jaialdiaren helburuak?

Helburu nagusia guztiok gozatzea da. Musikaren erakusleiho soil bat izan ordez, jaialdiagaz parte hartze aktiboa bultzatu nahi dugu. Era berean, herriko kultura agendan finkatu nahi dugu jaialdia, neguan kaleei bizitasun apur bat emateko.

Zeintzuk dira astebeteko egitarauaren barruan antolatu dituzuen jarduerak, parte hartze aktiboa sustatzeko?

Musika oinarritzat hartuta, kultura arloko hainbat esparru jorratuko ditugu. Hala, film eta dokumental emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak, binilo azoka eta kale ikuskizuna antolatu ditugu. Bestalde, herriko zenbait tabernatan ere egitarau zabala izango da. Tabernari horiek hasieratik parte hartu dute egitasmoan, herrian kultura sustatzeko helburuagaz. Amaitzeko, umeentzako tailer bat ere antolatu dugu, gazteek musikazaletasuna landu dezaten. Hala, guztiok izango dugu ondo pasatzeko aukera. Alde horretatik, parte hartzera animatu nahi ditut musikazale guztiak.

Areto txikiak eta tabernariak batu zarete. Txikitasunean ere, gauza erakargarriak egin daitezke?

Baietz uste dugu. Areto txikien xarma horretatik abiatuta, egitasmo bereziak eta ederrak antola daitezke. Jende gutxi mugitzen duten taldeak eta aretoak ere oso erakargarriak izan daitezke.

Proiektuaren berri eman zenuenetik eragile gehiago batu dira?

Egia esan, bai. Jaialdia erdi antolatuta geneukanean, bertoko hainbat eragileren deiak jaso ditugu. Zine Klubak, udal liburutegiak, Allende Salazar ikastolak, Ibilaldia elkarteak eta musika eskolak parte hartuko dute, besteak beste.

Kontzertuei dagokienez, elkarren artean ezberdinak diren musika taldeak elkartu dituzue. Zergatik?

Jaialdian parte hartzen duen areto bakoitzak bere nortasuna du, eta estilo askotako kontzertuak antolatzen ditu. Hala, hainbat musika mota batzea normaltzat hartu dugu. Edozeinek gozatzeko moduko kontzertuak antolatu ditugu. Egia esan, nahiko erraza izan da taldeak erakartzea, horientzat ere aberasgarria baita egitasmoa. Gernika-Lumo herri ezaguna da musikarientzat, eta gustura etorri dira.

Proiektu aberasgarria izango da herriarentzat?

Oso aberasgarria izango dela deritzot. Herriko musika eragileak batzea arrakastatsua da berez. Hala, jaialdiak ere harrera ona izango duelakoan gaude. Musikazaleak Gernika-Lumora bertaratuko direla uste dugu, eskaintza oso ona egingo baitugu. Jarduera asko doakoak dira, eta gainontzekoetarako prezio apalak jarri ditugu.

Kontzertuetarako bonuak ere jarri dituzue salgai.

Bai, hala da. Hogei euroren truke kontzertu guztiak ikusteko aukera izango dute musika zaleek. Musikaz gozatzeko aukera ederra da. Etzi arte izango dira salgai bonuak.

Zerk egiten du berezi Lekuek musika jaialdia?

Herriko eragile gehienok parte hartzen dugula da, nire ustez, daukan berezitasun nabarmenena. Gure zaletasuna kalera aterata, herriarentzat onuragarria izango litzatekeen zerbait egin nahi genuen.

Datozen urteetan ere jaialdia antolatzeko asmoa daukazue?

Hori da helburua. Aldaketak egon daitezke, noski, baina herrian geratzeko dator jaialdia.