Maskararik gabe

Iritsi dira inauteriak Euskal Herrira, eta eztanda egin dute pertsonaia zoro zein ohitura zaharretan errotutako ospakizunek. Euskal Herriko geografian badira herri batzuk sasoi hauetan komunikabideetako azal eta titulu bihurtzen direnak, Iturengo eta Zubietako joaldunak esaterako. Susmoa dut telebistako ikusle askok ez dituztela ezta mapan kokatzen ere, baina, hala eta guztiz ere, ezinbesteko notizia izaten da sasoi hauetan. Zaila izaten da inauterien egun zehatza asmatzea, ez direlako beti egun berean ospatzen. Mozorro dendetako erakusleihoei erreparatuz, ordea, festak eztanda egiteko gutxi falta dela asma dezakegu. Horietan ikusten ditugu azken joerak. Bai, mozorro kontuetan ere badago moda eta. Aurten animaliak nagusi dira erakusleihoan, jirafa, elefante, pantera arrosa… Mozorro kontuetan ere, gure norabidea markatu nahi dute enpresa handiek. Ez dugu modaz kanpo egon nahi, eta markek agintzen dituzte joerak. Gero eta azkarrago aldatzen dira, lehen, esate baterako, negu osoan eraman ahal zenuen denboraldiko jaka, baina egun etengabeko aldaketa bultzatzen dute. Eta gu, gizaki gizajoak, identitatea eraiki nahian horiei jarraitzen diegu. Kameleoien antzera gabiltza azala aldatuz ingurumenera egokituz. Modari leialak izaten, ez dugu porrot egin nahi. Logikaz eginiko sistema da kontsumoan oinarritutako ekonomia eta gizartea bideratu dute. Gure egunerokoan horrela egitearekin nahiko ez, eta inauterietan eurek agindu nahi dituzte gure mozorroak. Atzoko arropa edo ordenadorera atxikitzen diren pertsonak ez dituzte nahi, gero eta gauza gehiago izan dezagun nahi dute, gero eta zabor gehiago sortuz. Gaurkoa bihar ez da erabilgarria izango. Baina karnabalak ez dira atzoko kontua, Europa osoan aspaldidanik ospatzen dira. Larunbata izaten da gurean festaren egun handia, baina badira urte batzuk hori ere ez dela normal-normal ospatzen. 2004. urtean Bilbon, Bilboko Udalak eta Bilboko konpartsek antolatutako desfilea bertan behera geratu zen udalak presoen aldeko karrozak kentzeko eskatu, eta konpartsak hori egitera ukatu ondoren. Orduz geroztik, bi desfile egin dira: udalak antolatutako ofiziala batetik, eta Bilboko Konpartsena bestetik. Akordioa lortuta, aurten Kale Nagusian izango da inauterietako desfilea. Pozik agertu dira sustatzaileak, bere toki naturalera bueltatuko baita inauterietako desfile nagusia. Baina ez dezagun ahantz ezaugarri berezia dutela inauteriek, beste jaien aldean: umorea, parodia eta satira giroa. Beraz, ken dezagun maskara eta desfila dezagun aske gure kaleetan barrena.