Beste Bilbao Basket

Bidaideak BSR saskibaloi taldea indartsu dabil. Gurpil aulkian jokatzen dutenen Espainiako Ligako Ohorezko Mailako bigarren fasera igaro den eta Espainiako Kopan lehiatuko den Euskal Herriko lehen taldea da. Denboraldia hasi zenetik “pozarren” egon dira, iaz mailari eustea lortu zutelako. Orain, “sinetsi ezinik” daude, euren jomuga ez zegoelako “hain altu”. Dena den, behin horraino iritsita, garaipenak lortzen jarraitu eta Europako Kopara ere iristea gustatuko litzaieke. Ibilbide luzea duten taldeak gainditu dituzte: besteak beste, Vigo, Valladolid, Canarias eta Albacete. ONCE talde madrildarra baino ez dute aurretik sailkapenean.

Joan den asteburuan jokatu zen ligako bigarren faseko lehen jardunaldia. Vigoko taldearen aurka neurtu zituzten indarrak. Etxekoek lortu zuten garaipena Txurdinagako kiroldegian; 72-70 bukatu zen partida. Kopako partidak, berriz, apirilaren 5ean eta 6an jokatuko dituzte, Malagan (Andaluzia, Espainia).

“Talde guztien artean apalena gurea da. Aurrekonturik txikiena dugu”, ekarri du gogora Luis Mari Sandomingo Sando entrenatzaileak. “Gure esfortzuari esker lortu dugu honaino iristea, apurka-apurka. Aurreko denboraldia ozta-ozta amaitu genuen. Oraingoan lasaiago ibili gara. Horrek gauza bat esan gura du: gure proiektua egonkortzen ari dela”, gaineratu du.

Ligako tituluaz gain, bigarren fase honetan, Europako norgehiagoketara igarotzeko aukera ere jokoan daukate. Lehen lau taldeek izango dute ohore hori; eta beste bik ere jasoko dute gonbidapen hori. “Aukerarik badugu lehen lauren artean geratzeko. Hori da gure erronka nagusia. Lortuko ez bagenu, ez litzateke arraroa bi gonbidapenetako bat jasotzea. Izan ere, talderik ikusgarrienak bermatzen ahalegintzen dira, eta gurea bada. Nazioarteko jokalari gehien dituen taldeetako bat da gurea, nahiz eta gehienak bizkaitarrak izan”.

Sabin Anuzita Bilboko Kirol zinegotzia “oso harro” agertu da jokalarien lorpenen berri ematerakoan. Aitortu du sarri joaten dela partidak ikustera, alaba txikiak lagunduta. “Asko miresten zaituzte”, kontatu die jokalariei. Denboraldi hasieran babeslerik barik geratu zen taldea, eta Bilbo Kirolak enpresa publikoarekin akordioa sinatu zuten.

Anuzitarentzat “ohorea da Bilbon eta Bizkaian punta-puntan dabilen taldea edukitzea”. Haren esanetan, Europako lehietan parte hartuko balute, “garrantzitsua” izango litzateke hiriarentzat Bilbo izena kontinentean zehar ikustea. Baina hori baino gehiago, jokalarien lorpena goraipatu du: “Esfortzuari eta oztopoak gainditzeari buruzko irakasgai garrantzitsua ematen digute”. Era berean, kirola sustatzea udalaren zeregina dela ekarri du gogora; “bereziki, elbarriena”.

Zinegotziaren esanetan, “ikuskizun itzela” izaten dira partidak. Hurrengoa ere etxean dute, ligako bigarren faseko bigarren jardunaldiari dagokiona. Bihar izango da, 18:30ean, Txurdinagan, Ace Gran Canariaren aurka.