Londresko azoken gisara

Europako azoka ezagunen itxura hartuko du domekan Bilboko Itsas Museoak. Londres, Berlin eta Amsterdamgo merkatu ospetsuen kutsuak oinarri hartuta, The Sunday Market Bilbao antolatu dute beste behin.

Azokara doazenek hainbat gauza aurkitu ahal izango dituzte, besteak beste: dekorazioa, altzariak, antzinako itxura duten objektuak, vintage estiloko arropak, betaurrekoak, cupcake edo apaindutako madalenak, artisautza, gadget-ak, artea, loreak, denda xarmadunak, gastronomia eta musika. “Imajinazioak, sormenak eta diseinuak bat egingo dute objektu eder eta bakanak eskuratu ahal izango diren atmosfera oso berezian”, azaldu dute antolatzaileek.

Bisitariei hemengo zein nazioarteko produktuak ezagutzeko aukera emango dien eskaintza gisa aurkeztu dute merkatua. Denda edo marka txikiei eta Interneteko negozioei babesa edo bultzada emateko asmoa izango du domekako jarduerak. Jakinarazi dute saltokiez gain erosleei interesa sor diezaieketen objekturen bat dutenek ere ateak zabalik izango dituztela.

Umeentzako jarduerak

Etxeko txikienek aspertzeko tarterik izan ez dezaten, gainera, hainbat jarduera antolatu dituzte haientzat ere. Besteak beste, egun osoan tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Childrens LAB eta La Fabrika de Magia taldeek izango dute umeen ardura. Umeentzako azokan ere parte hartuko dute, Market-kids atalean, hain zuzen.

Stop San Filippo fundaziokoek —stopsanfilippo.org— jakinarazi dute gaixotasun hori pairatzen duten umeei laguntzeko erabiliko dutela azokako erakuslekuan saltzen dituzten objektuekin lortutako dirua.

Horrez gain, azokara doazen bisitari guztiek parte hartu ahalko duten zozketa bat antolatu dute. “Gauza politez betetako bi otzara” prestatu dituzte. Sarrerak bi euro balio du, eta umeak doan sartu ahal izango dira.

3.500 bisitari abenduan

Bigarren aldiz egingo dute azoka; lehenengoa joan den abenduan antolatu zuten. Orduko hartan 3.500 lagun inguru etorri ziren. Azokaren helburua da euren burua ezagutzera eman nahi duten marka eta negozio txikiak babestea. Denda horiek produktu berriak eta biltegian dituztenak eramango dituzte saltzera. “Gauza politen aldeko pasioa” galdu ez duen orok lekua izango du bertan.

Ohiko domekei alternatiba bat bilatzeko asmoz ere sortu zen jarduera. Eta bada, itxuraz, aukera horri heltzen dionik. Izan ere, abenduaren 15ean museoan izandako bisitariek azokan sartzearen aldeko apustua egin zuten, horretarako ilara luze bati itxaron behar izan bazioten ere. “Alternatiba originala da”, esan dute antolatzaileek. Bilboko Itsas Museoa dagoen inguru berezi hori dinamizatzeko ere aprobetxatu gura dute The Sunday Market Bilbao azoka. 11:30etik 19:00etara iraungo du.

Parte hartuko duten 36 marka edo denden berri eman dute antolatzaileek: Leizu, Zura Wood Eyewear, Pedrusco, Tres Reinas, Garden Center, La Habitacion de Casilda, Atelier 11, Mustclothing, Vintage Hondarribia, El Taller de Chloe, Fiorella Atelier, Izarix, Susana Blasco, More Than Pretty Things, Brak Recicled Skateboard, Jellies Sweet Boutique, Xaboi Punpuila, El Viejo Almacen, L’ile Rouge, Ricas y Famosas, Ametsarte, Zoeazulworks, Jabonarte, Paquererte, Quetenque, Binik, ADN Project, Galata, Anabel Lee, Mint&Kids Petula Plas, Almoneda Joserra, Minishoes, Limon y Tartalo, Marta, Vintage Fundacion Stop San Filippo eta Fashion Secret izango dira.