Gastronomiari lotutako jaiak

Hiru eguneko egitarau oparoarekin ospatuko dituzte Mungian neguko jaiak: sanantontxuak. Urteroko legean, urtarrilaren 18ko nekazaritza eta abeltzaintza azoka izango da festetako ekitaldi nagusia. Gastronomiak leku garrantzitsua izango du asteburuan, eta domekako indaba lehiaketak biribilduko du.

Gaur, San Anton egunez, 12:00etan hasiko dira jaiak. Ordu horretan meza izango da santuak Belakon duen ermitan. 18:00etan, idi probak jokatuko dira Neurketa kalean. 4.300 kiloko harriari tiraka lehiatuko dira uztarriak. Gauean, berriz, musikak hartuko du lekukoa. 21:00etan, Gatiburen kontzertua hasiko da Olalde aretoan. Azken diskoari errepasoa egingo diote.

Bihar, urteko azoka egunik garrantzitsuena izango du Mungiak. San Antontxu eguneko feria egingo da ferialekuan. Behi, asto, txerri, ahuntz, ardi eta oilo; euskal baserrietako abereen erakustoki eta salmenta gune bihurtuko da. Gainera, 11:00etan behi arraza ezberdinen erakustaldia ere egingo dute. Foruen plazan, Matxin plazan eta inguruko kaleetan, berriz, baserriko produktuen eta artisau lanen postuak ipiniko dituzte. Era berean, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVIII. Lehiaketa jokatuko da. 14:00etan, Amilotx dantza taldeak saioa eskainiko du udaletxe aurrean.

Bazkalosterako ohitura da profesionalen arteko pilota partida Mungian. 17:00etan hasiko da lehen lehia, udal frontoian. 18:30ean, Poxpolo Ta Konpainia pailazoen taldeak umeentzako ikuskizuna eskainiko du Olalde aretoan. San Antontxu eguna Egan taldearen erromeriagaz bukatuko da.

Plaza, sukalde bihurtuta

Etzi ere zeresana izango du baserriak jaietan; hain zuzen, ortuko produktu batek. Lapikoko eguna ospatuko dute Mungian: Euskal Herriko IV. indaba txapelketa. Goiz osoan ibiliko dira lapikokoa prestatzen lehiakideak. Eguerdian, herri bazkaria izango dute, eta 17:00etan sarituko dituzte lehiakide onenak.

Horrez gain, 10:30ean eta 11:00etan txikien eta helduen herri krosak abiatuko dira. Eta 13:00ean, bertso saioa egongo da. Fredi Paia, Alaia Martin, Igor Elortza eta Jexux Mari Irazu arituko dira Iñaki Beitia Arbilduren esanetara.

SAN ANTONTXU JAIAK

Noiz. Gaur hasi, eta domekara bitartean.

Non. Mungian.

Zer. Kontzertuak, baserritarren feria, indaba lehiaketa, kirol norgehiagokak…