Kulturaz giroa epelduz

Kultur jarduerak

Bilbo

Deustura Udazkeneko Kulturak egitasmoak lau urte bete ditu. Kultura jardueren eskaintza zabala egiten duen jaialdia da, eta dagoeneko martxan dabil. Musika, antzerkia, poesia eta bertso emanaldiak, hezkuntza tailerrak, ipuin kontalariak… Era guztietako jarduerek ez dute etenik izango datorren urtarrilaren 2ra arte. Hainbat agertoki izango dituzte ekitaldi horiek guztiek: Deustuko udaltegia eta liburutegiak eta Ibarrekolandako kontserbatorioa, hain zuzen ere.

Udazkeneko azken egunetako eta neguko lehenengoetako hotzak epeltzeko, hainbat jarduera izango dira. Gaur, esaterako, musika bihurtuko da protagonista. Mursego taldeak Hiru izeneko diskoarekin kontzertua egingo du oholtza gainean, Bidarte eraikinean dagoen Deustuko udaltegian. 19:30ean emango diote hasiera ikuskizunari.

Astelehenerako, abenduak 16, etxeko txikientzako jarduera prestatu dute: Alberto Bargos ipuin kontalariak Olentzero eta bere lagunak ipuina kontatuko die bertaratzen diren gaztetxoei. 19:30ean hasiko da saioa, San Ignazioko liburutegian.

Abenduaren 26rako, mandala tailer bat gidatuko du Maria Secok. Deustuko liburutegian egingo dute tailerra, 18:00etan hasita.

Umeak bihurtuko dira protagonista, berriz ere, programaren amaiera ekitaldian. Urtarrilaren 2an, Monda eta Lironda pailazoen eskutik, Dinosaurio egitasmoa ipuina ezagutu ahalko dute, 19:30ean, Deustuko liburutegian.

EGITARAUA

Gaur. Mursego taldeak Hiru kontzertua eskainiko du Deustuko udaltegian, 19:30ean.

Abenduak 16. Alberto Bargos ipuin kontalaria ariko da San Ignazio auzoko udal liburutegian, 19:30ean: Olentzero eta bere lagunak.

Abenduak 26. Mandala tailerra, Maria Secoren eskutik. 18:00etan, Deustuko liburutegian.

Urtarrilak 2. Ipuin kontalaria, 19:30ean, Deustuko liburutegian: Dinosaurio egitasmoa.