Getxo
Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute bihar, Getxon. 19:00etatik aurrera hasiko da jaialdia, Areetako Andres Isasi musika eskolan.
Festarako beta izango da biharkoan. Horrez gain, musika tresna horren sekretuak azaleratzeko tartea ere bai. Besteak beste, trikitia jotzeko era eta estilo desberdinak erakustea du helburu Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatutako ekitaldiak.
Aurten hainbat gonbidatuk parte hartuko dute jaialdian. Irlandatik, David Munnelly joango da Getxora. Portugaldik, berriz, Artur Fernandes. Euskal Herritik ordezkaritza zabala izango da. Hain zuzen ere, Alboka Tropikeko kideak, Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea eta Gari eta Iñaki han izango dira.
Jaialdia bukatu ostean emango diote hasiera festari. Algortako The Piper’s tabernan Trikijaia antolatu du trikiti elkarteak. Aldats taldearen erromeriaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. Jaialdia bukatutakoan, gainera, doako autobus zerbitzua izango da bertatik festa egingo duten tabernara joateko.
Sarrerak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hasi aurretik erosi ahalko dira Andres Isasi eskolako leihatilan. Aldez aurretik eskuratzeko aukera ere badagoela azaldu dute antolatzaileek: BBK-ko kutxen eta Algortako kultura etxearen bitartez. Zortzi euroan daude salgai. Trikijairako sarrera, bestalde, librea da.
Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak elkarteak berak lantzen dituen ildoak jorratzen ditu. Hain zuzen, irakaskuntza, batetik, eta musika tresna bera sustatzea, bestetik. Biharko jaialdian parte hartuko duten atzerriko musikariek ikastaroa emango dute gaur. Munnelly, Fernandes eta Guillem Anguera izango dira maisu-maistra lanetan —Anguera Herrialde Katalanetakoa da, eta duela bi urte ere parte hartu zuen—.
Txapelketa, Zaldibarren
Asteburuan Getxotik haratago ere entzun ahalko dira trikiti doinuak. Zaldibarren, esaterako, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 22. Txapelketa izango da, domekan. Kanporaketetan sailkatu direnek joko dute finalean. Olazar pilotalekuan izango da, 17:30etik aurrera.