Hiribilduko ospetsuenak

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Bilboko Hiribilduan zer-nolako kultura eta kirol jarduerak zeuden ezagutarazteko, garai hartako pertsonaiak baliatu dituzte Euskal Museoan. Hain zuzen, Bizkaiko entzutetsuen galeria erakusketa ikusgai dago. Aurretik herriko pertsonekin, kalekoekin, egin zuten erakustaldiari pertsonaia famatuagoenak hartu dio lekukoa: kirolariek, artistek eta idazleek osatzen dute erakusketa.

69 olio lanek osatzen dute Euskal Museoko aldi baterako lehen eta bigarren aretoetan —beheko solairuan— jarri duten erakusketa. Horietako 65 gizonezkoen erretratuak dira, eta, gainerako laurak, emakumezkoenak.

Museoko kideek jakinarazi dutenez, erretratu horietan azaltzen diren pertsonetako batzuk oso ezagunak dira jende guztiarentzat. Beste batzuei dagokienez, oso esparru zehatzetan dira ospetsu. Denek ala denek dute ezaugarri komunen bat: garai bateko Bilboko hiribilduko bizitza kulturaleko protagonista izan ziren, eta berrikuntzaren bat egin zioten zegokien esparruari.

Pertsona horiek, gainera, Bilboren historiaren bilakaeran funtsezkoak izan diren elkarteen eta mugimenduen sorrerari lotuta daude. Besteak beste, Athletic, euskal antzerki lirikoa eta euskal margolaritza eta Abrako Itsas Klubari lotutakoak dira.

Protagonistak

Erakusketan aurki daitezkeen pertsona ospetsuen artean, Jesus Guridi euskal musikaria dago. Mirentxu eta Amaia operen eta El Caserio zarzuelaren sortzailea da Guridi.

Rafael Moreno Aranzadi Pichichi-ren irudia ere jaso dute. Askoren ustez, bere belaunaldiko jokalaririk onena izan zen. Hark sartu zuen San Mames futbol zelaiaren historiako lehenengo gola, inaugurazio egunean bertan.

Teofilo Guiard Bilboko kronikagilearen irudia da erakusketan aurki daitekeen beste bat. Hiribilduaren historiaren ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen.

Kirol alorreko ospetsuen artean, Candido Palomo txirrindularia ere ageri da. Kirol arloan eta Bilboko kirol elkarteen esparruan ospetsua izan zen.

Emakume gutxiren irudia jaso dute museoan. Daudenak, ordea, “gizonak bezain garrantzitsuak” direla azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Horien artean, Matilde Orbegozo olerkaria dago. Libururik argitaratu ez bazuen ere, haren lanak herriko egunkari eta aldizkari askotan irakurri zituzten bilbotarrek.

Pertsonaien zerrenda luzea da: Angel Sopeña, Felipe Serrate, Enrique Ibarreta, Angel Bilbao Chiquito de Abando eta Cocherito de Bilbao kirolari eta zezenketariak; Nicolas Ledesma, Iparragirre, Anselmo Guinea eta Nati la Bilbainita artistak; eta Miguel Unamuno, Jose Orueta, Antonio Trueba, Emiliano Arriaga eta Alfredo Etxabe idazleak. Horien guztien artean bisitariari ezagutaraziko diote zer-nolakoa zen beren garaiko Bilbo hura, eta baita beren bizitzako zein oinatz dagoen bizirik oraindik ere.

Ohiko bisitaz gain, Euskal Museoak bisita gidatuak egiteko aukera ere eskaintzen du. 20 euro ordaindu behar dira horretarako. Umeentzako beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Erreserbak egiteko ondoko telefono zenbakira deitu behar da: 94-415 54 23.

ORDUTEGIA

Asteartetik larunbatera. 11:00etatik 19:00etara dago zabalik erakusketa.

Igandetan. 11:00etatik 14:00etara.

Astelehenetan. Itxita dago museoa.

Sarrera. Hiru euro balio du sarrerak; ikasleenak, euro eta erdi. 12 urtetik beherakoentzat eta erretiratuentzat doan da.