Haizeolekin, jatorrietara

Burdinola zaharrenak, hastapenetako burdinolak, mendietan bertan egin ohi ziren, burdinaren minerala zegoen lekuan bertan, hain zuzen ere. Lehenengo mendeaz geroztik, jakina zen burdinaren minerala zegoela Bizkaiko mendietan. 2.000 urte geroago, arkeologoek lehenengo mendeko burdinolen arrastoak aurkitu zituzten. Haizeola ere esaten zaie. Besteak beste, Ortuellako basoetan egin dituzte aurkikuntzak Javier Franco arkeologoak eta haren taldeak. Orain, herrian bertan, kultur etxean, aurkikuntza horiei buruzko erakusketa dago ikusgai.

Francok azaldu duenez, aurkitutako hondakin horiek “Ortuellako aztarnategi antzinakoenean aurkitutakoak dira. Hain zuzen, XI. mendeko burdinola bateko hondakinak dira”.

XV. mendean utzi zioten haizeolak edo mendiko burdinolak erabiltzeari. “Horien ordez, burdinola hidraulikoak erabiltzen hasi ziren, burdina eskuratu ahal izateko probetxugarriagoak zirelako”, Javier Francok berak adierazi duenez.

Burdinaren minerala metal bihurtzen zuten antzinako tailer horiek. Metal hori erramintak eta armak egiteko erabiltzen zuten, besteak beste.

Javier Franco arkeologoaren esanetan, normalean, burdinola horietako labeak inguru maldatsuetan kokatzen ziren. “Aldaparen goiko aldetik eta beheko aldetik egoten zen”, azaldu du. “Erredukzio labeak, normalean, zelaigunetik gertu kokatzen ziren. Zertarako? Bada, labeak tenperatura egokia hartzen zuenean —1.100 gradu inguru— zepa likidoak aldaparen alderantz hustu ahal izateko”, azaldu du.

Labe horiek barrutik “basarekin eta buztinarekin estaltzen zituzten”. Hastapenetako haizeola haiek lehenengo galdategiak izan zirela esan daiteke, Francok azaldu duenez.

Helburu didaktikoa

Lan horiek egin dituzten arkeologoen helburua burdindegi horiek ezagutaraztea da, baina babestea ere nahi dute, gerorako mantendu, ezagutarazi eta ikertzen jarraitu ahal izateko.

Ortuellako alkate Saulo Nebredak erakusketaren garrantzia azpimarratu du: “Javier Francok eta bere lantaldeak egin duen behar esker, gure herriko meatzaritzari buruz gutxi ezagutzen diren arloetara hulbiltzeko aukera izango dugu. Horrek egundoko garrantzia dauka Ortuellarentzat, gure iraganaz eta gure nortasunaz behar bezala jabetzeko”. Datorren azaroaren 29ra arte izango da aukera erakusketa bisitatzeko, astelehenetik zapatura bitartean.

ORDUTEGIA

Lanegunetan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:30era egongo da zabalik.

Larunbatetan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.