Duela zortzi urtetik egiten duten legez, mungiarrek Lore Jokoen Eguna ospatuko dute etzi. Urtero herriaren historiari lotutako gertakari bat hartu ohi dute ardatz. Aurten, 1471ko Mungiako gudua gogoratuko dute. Jose Aralar historialariaren esanetan, “euskaldunak herri gisa elkartu ziren aurreneko aldia” izan zen: “Barruko zatiketak gainditu zituzten eta kanpoko erasoari aurre egin zioten”. Gudu haren antzezpena izango da eguneko ekitaldi nagusia, baina ez bakarra.
Hala, Mungia aspaldiko herri bihurtuko da. Besteak beste, Erdi Aroko azoka, orduko ogibideen erakustaldia eta ohiko bizitza erakutsiko dute, antzerki bidez. Bertsoak ere ez dira faltako, Xabi Paya eta Alaia Martinen eskutik. Musika Eskolako musikariak, Gure Ametsa txistulari taldea eta J.M. Arregi abesbatza ere ibiliko dira. Eta, noski, eguerdian herri bazkaria izango da. Eguna erromeriarekin bukatuko dute.
Gaztelarrak eta bizkaitarrak
Mungiako gudua leinuen arteko bakea lortu ostean iritsi zen. Ganboatarrek eta oinaztarrek euren arteko gatazka bukatutzat eman zuten. Arerioa Pedro Fernandez de Velasco Haroko kondea zuten. Izan ere, Fernandez de Velascok lehengo Araba eta gero Bizkaia mendean hartu gura izan zituen. Trebiñuko kondearen aurka borrokatu ostean Balmaseda ingurura iritsi zen, eta handik Bilbora.
Gaztelako errege eta Bizkaiko Jaun Enrike IV.a Burgosen zegoen bere soldaduekin, baina ez zuen ezer egin Haroko kondeak euskal herrialdeok konkistatzea saihesteko. Guduaren aurreko egunetan, Haroko kondearen tropek Juan Alonso Muxikakoaren dorretxeari egin zioten eraso; gaur egun Butroeko gaztelua dagoen parean zegoen dorretxea. Muxikako jaunak Trebiñuko kondeari eskatu zion laguntza. Haren gizonei esker, gaztelarren soldaduei aurre egitea lortu zuten bizkaitarrek. 1471ko apirilaren 27an, Mungiako Larrauri auzoan irabazi zieten.