Udazkenaren gutiziak

Gaztainak eta perretxikoak izango dira asteburuko jaki preziatuenak Galdamesen. Urteroko Gaztainaga eguna ospatuko dute domekan, San Pedro plazaren bueltan. Aurtengoa festa gastronomiko horren 20. ekitaldia izango da.

Egitarauari 11:00etan ekingo diote. Ordu horretan hasita, mikologia eta sendabelarren erakusketa ikusgai egongo da. Gainera, perretxikoak prestatzen eta gaztainak erretzen ere hasiko dira, eta gerora jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Urteroko legean, dastatze hori doakoa izango dela gogorarazi dute Gaztainaga Kultur Elkarteko kideek.

Zurez egindako produktuen salmenta azoka ere egongo da. Bide batez, herriko eskulangileek egiten dutena ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Horrez gain, gaztainak erretzeko danboril eta gainontzeko gailuen erakusketa ere atonduko dute, plazan bertan.

Gaztaina txapelketarik ere ez da faltako etziko jaiegunean. Aurtengoa 11. ekitaldia izango du norgehiagokak. Enkarterri osoko bizilagunei egin diete parte hartzeko deia. Bildutako gaztaina guztiak eskualdekoak izatea da ipini duten baldintza bakarra. 12:00ak baino lehen eroan beharko dira Gaztainaga elkartearen egoitzara, kilo bateko multzoetan. Eguerditik 14:00etara arte ikusgai egongo dira. Kiloko gaztaina gutxien daukan parte hartzaileari emango diote saria. Osotara, hiru sari banatuko dituzte: lehen hirurek 60, 30 eta 20 euro eta garaikurra jasoko dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, aurkezpen txukunena izan duen gaztaina multzoak ere sari berezia jasoko du.

Kirolerako aukerarik ere egongo da. Kurutzaga mendira igoera antolatu dute: Gaztainaga sari handia. Kirola eta natura maite dutenek aukera paregabea izango dute paisaia horiek ezagutzeko. San Pedro plazatik abiatuko da lasterketa, 11:00etan. Horrez gain, bihar bertan Unai Llantadak mikologiari buruzko hitzaldia egingo du Galdameseko udaletxeko osoko bilkura aretoan, 20:00etan hasiko da.

GAZTAINAGA EGUNA

Zer. Gaztainei eta perretxikoei eskainitako jai eguna: erakusketak, azoka, lehiaketak eta mendi lasterketa.

Non. Galdamesko San Pedro plazan.

Noiz. Igandean, egun osoan.